Nafarroako Gobernua premiatzen da baldintza higieniko-sanitarioak molda ditzan nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiategi txikien ezaugarrietara
Eskatutako baldintzak betetzeko egin beharreko inbertsio ekonomikoek ustiategien bideragarritasuna auzitan jar ez dezaten
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “foru dekretu bidez arau ditzan zer baldintza higieniko-sanitario bete behar dituzten, malgutasun neurriekin egokiturik, lehen mailako ekoizpenak eta hari lotutako jarduerek nahiz salmenta zuzena edo merkaturatze-zirkuitu laburrekoa egiten duen nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiategi txiki bati lotutako nekazaritzako elikagaien eraldaketak eta merkaturatzeak, Nafarroako Foru Komunitatearen esparrukoak direnean”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean, landa-ekoizpen txikiaren aldeko apustua egin ondoren, Foru Gobernua premiatzen du “foru dekretu horretan eta foru dekretua erregelamendu bidez garatzen duten arau teknikoetan eta produktu nahiz produktu-multzo bakoitzari buruzkoetan honako gogoeta hauek jaso ditzan”.
Aipatu gogoeten artean daude “elikagai-kantitate mugatuak eraldatu edo elaboratu eta salmenta zuzenean edo merkaturatze-zirkuitu laburrekoan merkaturatu nahi dituzten ekoizle txikiek eta nekazaritzako elikagaien egileek bete beharreko baldintza, betebehar eta erantzukizun orokorrak”.
Horrez gain, “salmenta zuzenaren aldeko hautua egiten duten ekoizle txiki horientzako berariazko baldintzak: elikagai-jardueren erregistro autonomikoari jardueraren hasiera aurretiaz komunikatzea, urteko jardueraren deklarazioa egitea eta jardunbide higieniko egokien gida aplikatzea”.
Gainera, “merkaturatze-zirkuitu laburraren aldeko hautua egiten duten ekoizle txiki horientzako berariazko baldintzak, pertsona, entitate edo bitarteko-establezimendu bakarrekoak badira: erregistro autonomikoari jardueraren hasiera komunikatzea, jardunbide higieniko egokien gidak aplikatzea eta osasun arloko ikuskapenen aldeko txostenak edukitzea”.
Baita “urteko bolumena mugatzea ere, bai eraldatze-elaboratzeari bai merkaturatzeari buruzkoa, produktu edo produktu-multzo bakoitzerako taxutzen diren arau teknikoetan zehazten denarekin bat”.
Halaber, “egokitzapenak ahalbidetzea ekipamenduetan eta instalazioetan, ekoizleek beren lehengaiak eraldatzen edo elaboratzen dituzten horietan, zuzeneko salmentarako edo merkaturatzerako zirkuitu laburreko salmentarako”.
“Muga geografiko bereziei edo ustiategien eraikuntzaren, diseinuaren eta ekipamenduaren arloko mugei erantzuten dieten egokitzapenak ahalbidetzea”.
Era berean, “kontrol-puntu kritikoen aplikazioa sinplifikatzea eta, kasua bada, higiene-jardunbide egokiekin ordezkatzea, ekoizpen-mota honi aplikatzetik heldu diren malgutasun-irizpideei jarraikiz (produktu edo produktu-mota bakoitzerako prestatzen diren gidetan zehaztuko dira)”.
Bestetik, “betekizun horiek berariazko produktuetarako edo produktu-multzoetarako betekizun higieniko-sanitarioen egokitzapenari buruzko berariazko arau teknikoetan zehaztuko dira, eta foru agindu bidez onetsiko dira”.
Gainera, “malgutasun-irizpideen aplikazioa errazte aldera, higiene-jardunbide egokien gidak taxutuko dira, Administrazioak eta landa-inguruneko ekoizpenean eta eraldaketan inplikatutako sektoreek batera ezarritakoaren arabera”.
Azkenik, “elikagaien arloko jardueren osasun erregistro autonomikoa sortzea; besteak beste, jasoko du zuzeneko salmenta egiteko edo merkaturatze-zirkuitu laburretan saltzeko betekizun higieniko-sanitarioen malgutzea aplikatuko zaien ekoizle-prestatzaileen zerrenda”.
Bestalde, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “erabaki honetan jasotzen diren edukiak garatuko dituen foru dekretuaren proiektua taxutu dezan, erabaki hau argitaratzen denetik hiru hilabeteko epean”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek sustatutako mozioak 8/2010 Foru Legeak irekitako bidea azpimarratzen du, aukera bat zabaldu baitzuen ustiategi txiki eta ertainek beren produktuak eraldatu eta merkaturatu ahal izateko, baina higiene-paketea deitutakoaren baldintzak betetzeko egin beharreko inbertsio ekonomikoek ustiategien bideragarritasuna auzitan jartzen dute, eta horregatik “baldintza higieniko-sanitarioak egokitzeko araudia garatzea eskatzen da, Europako araudiaren arabera”.
Sektore honek planteatutako zailtasunei irtenbidea emateko, lehentasun gisa ikusten dute Europako erregelamenduetan aurreikusitako malgutasun-neurrien erregelamendu bidezko garapena, bai eta haiek Nafarroako ustiategi txikien berariazko ezaugarrien arabera egokitzea ere, une oro nekazaritzako elikagaien segurtasuna bermatuz.
-
Mozioa (141. NPAO, 2018-11-20)