Nafarroako Gobernua premiatzen da farmazia zerbitzua ematen duten entitate pribatuetan kontrol-sistema efiziente bat ezar dezan
Ehun plaza edo gehiagoko zentro sozio-sanitarioetako farmazia zerbitzuen finantzazioan aurkitutako irregulartasunekin amaitzeko
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, Geroa Bai, Eh Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “entitate pribatuek baliabide publikoei emandako erabileraren gaineko kontrol-sistema efiziente bat ezar dezan, zentro soziosanitarioetan farmazia-zerbitzua emateari dagokionez, Nafarroako osasun publikora bideraturiko funtsen erabilera arrazional eta gardena bermatze aldera”.
Ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “kontrola dezan zentro soziosanitarioek, farmazia zerbitzuaren bidez, zer baldintzatan ematen dieten farmazia laguntza Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren kargurako farmazia prestazioaren eskubidea duten egoiliarrei, eta, halaber, zer baldintzatan eginen den osasun laguntzaren prestazioan sartzen diren osasun produktuen hornidura”.
Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “baliabide publikoei emandako erabileraren gaineko kontrol-sistema efizientea entitate publiko guztietara zabal dezan”. UPNren eta PPNren in voce zuzenketa bati esker gehitu da atala Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik onartu ostean.
Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Foru Ogasunak AMMA taldeko zahar-etxeek Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuan izandako fakturazioaren emaitzei buruz egindako auditoria aipatzen du, non zehazten den “fakturazio-prezioa handiagoa zela erosketa-prezioa baino”, eta egiaztatzen da “ez dela betetzen ari hitzarmenak jasotzen zuen neutraltasun ekonomikoaren printzipioa”. Izan ere, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legeak ezartzen du farmazia-zerbitzu bat nahitaez ezarri behar dela laguntza behar dutenentzako ehun plaza edo gehiagoko zentro sozio-sanitario guztietan.
Zentzu horretan, farmazia laguntzako zerbitzuaren “efizientzia” bermatzeko deia egiten da, eta aldi berean baliabide publikoen kudeaketa “zorrozki arretatsua” egin behar dela esaten da, kudeaketa horren “gardentasunaren eta diru publikoaren erabilera efiziente eta kontrolatuaren” aldeko apustu argia eginez.
-
Mozioa (62. NPAO, 2018-05-11)