Nafarroako Gobernua premiatzen da lanbide-karrera bat aurreratu eta proposatu dezan, helburuak betetzean oinarritzen dena
Eredu berri bat eskatzen da, telelanaren formula ezarriko duena eta emaitzen ebaluazioan oinarrituko dena presentzia kontrolean beharrean
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin eta Geroa Bai, EH Bildu eta I-Eren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “egiazko lanbide-karrera bat aurreratu eta proposatu dezan, helburuak betetzean oinarritzen dena”.
Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat dauka, Geroa Bai, EH Bildu eta I-Eren abstentzioarekin aurrera atera dena, Foru Gobernuari eskatzen diona “zerbitzuak modalitate ez-presentzialean ematea sustatu dezan, enplegatu publikoendako telelanaren formula erabiliz, norberaren bizitza, familia-bizitza eta lan-arloko bizitza bateragarri egiteko neurri gisa”. UPN, PSN, PPN eta Podemos-Ahal Duguk alde bozkatu dute.
Gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen da “sindikatuekin egin beharreko negoziazio kolektiboan egiazko lanbide karrera bat sartzea eta aurkeztea, oinarriak izanik helburuak betetzea eta aldaketa bat egitea giza baliabideen kontrolaren ereduan, alegia, presentzia denborak neurtzen dituen kontrol batetik betetako helburuak kontrolatzera aldatzea”. Atal hau lehenengo atalaren babes berdinekin atera da aurrera.
Geroa Bai, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerrak aldatzeko in voce zuzenketa bat aurkeztu du, UPNk onartu ez duena, eta Foru Gobernua premiatzen zuen “ Administrazio Publikoetako Langileen Estatutua aldatzeko neurriak har zitzan, lanbide-karreraren inguruko eztabaida politiko eta sindikal bat irekitze aldera”.
Helburu horrekin, “egun lanbide-karrera sistemak oinarri dituen parametro eta adierazleak aldatzeko edo mantentzeko aukerak aztertzea” proposatzen zen, “aldatzeko erabakia hartuz gero, langileen meritu edo gaitasunekin harreman zuzena duten helburu zenbagarriak ezartzeko helburuarekin”.
Zentzu horretan, “Administrazio Publikoen zerbitzura lan egiten dutenentzat lanbide-karrera sistema zabaldu edo ezabatzeko aukera” ikusten zen, kontuan hartuz, “beste mota bateko gehigarriak ere badaudela, antzinakotasuna esaterako”.
Esparru honetan, Nafarroako Gobernua bultzatu nahi zen “giza baliabideen kontrol eta kudeaketaren eredu aldaketa baterako bidea egiteko, lana, bizitza pertsonala eta familiarra uztartzeko neurriak hartu ahal izateko”.
Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak aurkeztutako mozioak “jardunaren ebaluazioa” defendatzen du, jokabide profesionala eta errendimenduaren arabera, “eskala administratiboan gora egiteko aukerak sor daitezen, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioekin bat eginez”.
Sustatzailearen hitzetan, lana emaitzen arabera kontrolatzea lanbide-karrerarekin erabat lotuta dago, eta “Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak adierazi duen bezala, gaur egun, ez dago benetako lanbide karrera bat, helburu-betetze horretan oinarritzen denik”.
Testuinguru horretan, telelana aipatzen da, “lanaldi presentzialaren bilakaera logikoa da, aldaketa bat behar da giza baliabideen kontrolaren ereduan, alegia, presentzia denborak neurtzen dituen kontrol batetik betetako helburuak kontrolatzera aldatzea, eta Administrazioa Publikoan azkenean abiarazi beharko da”.
- www.parlamentodenavarra.es
- Mozioaren argitalpena (NPAO, 141.zk, 2017-11-17koa)