Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Urriak 16

Nafarroako Gobernua premiatzen da lau hilabeteko epean txosten bat taxutu dezan NEKP osatzen duten enpresen plantillen egungo egoerari buruz

Tracasako eta Tracasa Instrumentaleko enpresa-batzordeekin negoziazioak has ditzaten eskatzen da, sektore publikoko gainerako enpresetako lan-baldintzekin parekatzeko

Garapen Ekonomikorako Batzordea k ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (PPN ez da egon) zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “lau hilabeteko epean txosten bat egin dezan NEKP osatzen duten enpresa ezberdinen plantillen egungo egoerari buruz, zehatz-mehatz jakin ahal izan dezagun zer-nolako ezberdintasunak egon litezkeen lan-arloan (soldatak, lanaldiak, kontziliazio-neurriak, oporrak eta abar)”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “egiazko negoziazio-prozesu bat bultza dezan, gardena eta fede onean oinarritua, Tracasa eta Tracasa Instrumental enpresen zuzendaritzaren eta bi enpresa horietako langile-batzordeen artean”.

 

Zioen azalpenean, Unión del Pueblo Navarro, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkezturiko ebazpenak iragan ekainaren 19an Garapen Ekonomikorako Batzordeak Tracasa eta Tracasa instrumental-eko enpresa batzordeen ordezkariekin eginiko lan-bilkura aipatzen du, non “bi enpresa publiko horietako langileen ezinegona” azaldu zen, “gainerako enpresa publikoek baino lan-baldintza okerragoak izateagatik, ordainsariei, lanaldiari eta malgutasun-neurriei dagokienez”.

 

Bi enpresa horietako eta plantillan 50 langile baino gehiago dauzkaten Nafarroako Gobernuaren beste enpresa publikoetako lan-baldintzak parekatzea eskatzeaz gain, “enpresa-zuzendaritzarekin negoziazio-prozesu bat edukitzeko zailtasunak” salatu zituzten, eta proposatzaileek bere egiten dituzte eskari horiek, “zuzendaritzak ez baititu enpresa-batzordeak kontuan hartzen, eta gutxietsi egiten du plantillaren iritzia”.

 

Jokin Castiella batzorde buru eduki duen batzordean izan dira Luis Zarraluqui, Carlos García Adaneroo, Maribel García Malo (UPN), Unai Hualde, Rafael Eraso (Geroa Bai), Maiorga Ramirez, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai), Guzmán Garmendia, Ainhoa Unzu (PSN) eta José Miguel Nuin Izquierda-Ezkerra).