Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urtarrilak 31

Nafarroako Gobernua premiatzen da Lehen Hezkuntzako ikasketak eta ordutegia arautzen dituen foru araudia alda dezan

Lan baldintzak okertzea eta antolamendu-autonomiaren galera aipatzen dira, askatasun handiagoa eskatzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako irakaskuntzak eta ordutegia arautzen dituen foru araudia alda dezan, halako moduan non ikastetxeei behar adinako antolamendu-autonomia emanen baitzaie ikasleen asteko ordutegia ezartzeko eta errespetatu eginen baita oinarrizko araudian curriculum-arlo bakoitzarentzat aginduzkoa den curriculum-pisua”.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra parlamentarien elkarteak sustatutako ebazpenak irakasleen lan baldintzen okertzea salatzen du, baita ikastetxeen antolamenduari dagozkion zailtasunak eta honek ikasleen ikaskuntza-baldintzetan dituen eraginak, eta hori dela eta, ikasleen ordutegiak malgutzearen beharra azpimarratzen dute, ikasgai edo esparru kurrikular bakoitzaren pisua errespetatuz.

 

Sustatzaileek curriculum-arloetako eta ordu-banaketan egindako aldaketak oroitarazi dituzte, Lehen Hezkuntzan 50 minutuko 28 lan-saio derrigorrez ezarri baitziren, eta haien ustetan, ikastetxeek galera handia pairatu zuten antolamentu-autonomiaren arloan.