Nafarroako Gobernua premiatzen da maisu-maistren kidegorako lan-eskaintza publikoa ziurtasun juridikoz egin dezan
Kalifikazio irizpide argiak eta homogeneoak, ziurtasun juridikoa eta hezkuntza-sistemaren errealitate soziolinguistikoarekiko egokiak eskatzen dira
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPN, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bai, Eh Bildu eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “maisu-maistren kidegorako lan-eskaintza publikoa ziurtasun juridikoz egin dezan”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “deialdi horrek Nafarroaren eta Nafarroako hezkuntza-sistemaren errealitate soziolinguistikoari erantzun diezaion”. UPN, PSN, PPN eta I-Ek alde bozkatu dute, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai abstenitu da eta Geroa Bai eta EH Bilduk aurka bozkatu dute.
Gainera, eskatzen da “oposizioko epaitegiak koordina ditzan, kalifikazio-jarraibide eta -irizpide argi eta homogeneoak ezar ditzan eta informazio xehakatu eta osoa eman diezaien oposiziora aurkezten diren pertsonei”. Geroa Baik abstentzioa eman dio epigrafe honi eta hurrengoari.
Azkenik, Gobernua premiatzen da “garaiz egin ditzan deialdiaren arauak (esperientziaren balorazioa, merezimenduak, aurreko deialdietako emaitzak, kontratazio-zerrendak eta abar), oposizioa eginen duten pertsonek behar bezala ezagutu ahal izan ditzaten”.
Mozio originalak azken epigrafe bat zeukan, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin baztertu dena, Hezkuntza Departamentua premiatzen zuena “azaroa bukatu aitzin ezagutaraz ditzan deialdia, deitu beharreko lanpostu-kopurua, espezialitateak, hizkuntzak eta deialdia garatzeko faseak”. Kasu honetan UPN, PSN eta PPNren babesa ez da nahikoa izan.
Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ekimenak “2018ko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako lan-eskaintza publikoaren deialdiaren planifikazioak eta garapenak sortutako egoera” aipatzen du, hainbat errekurtso aurkeztu baitzaizkie justizia epaitegiei eta Nafarroako Gobernuari berari”, gainera etengabeak izan dira “luzamenduak, disfuntzioak, zehaztugabetasunak eta abar”, eta horrez gain, Justizia epaitegiek 2016ko lan-eskaintzan jasota zeuden euskarazko lanpostuak deuseztatu zituzten, “plantilla organikoan izaera horrekin zehaztuta” ez zeudela jotzeagatik.
Bestalde 1156/2018 Ebazpenean, apirilaren 4koan, (zeinaren bidez onesten baitira, batetik, maisu-maistren kidegoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa-esparruko lanpostuetara sartzeko hautapen prozedura, eta bestetik, maisu-maistren kidegoko karrerako langile funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura) “espezialitate eta plaza kopuruaren handitzea” zehazteke dagoela aipatzen da.
-
Mozioa (123.NPAO, 2018-10-15)