Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Martxoak 21

Nafarroako Gobernua premiatzen da Ospitaleko Historia Klinikoan sar dezan aurretiazko borondateen adierazpen-agiria edo bizi-testamentua

8/2011 Foru Legeak ezartzen duen eskubide bat da, baina Oinarrizko Osasun Laguntzan garatu da soilik, haren sistema informatikoa bestelakoa delako

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Ospitaleko Historia Klinikoan urgentziaz sar dezan aurretiazko borondateen adierazpen-agiria edo bizi-testamentua”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat dauka, era berean, Foru Exekutiboa premiatzen duena “informazio- eta prestakuntza-kanpaina bat egin dezan, ukitutako O-NOZeko profesionalei zuzendua, hiltzeko prozesuan pertsonaren duintasunari dagozkion eskubideei eta bermeei buruzko martxoaren 24ko 8/2011 Foru Legearen aplikazioa dela eta”.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerrak sustatutako ebazpenak Hiltzeko prozesuan pertsonaren duintasunari dagozkion eskubideei eta bermeei buruzko martxoaren 24ko 8/2011 Foru Legeak ezarritakoa aipatzen du, egungo araudiak biltzen duen eskubide bat dela argi uzteko, eta eskatzen du bizi-testamentua ospitaletan, larrialdietan eta espezialitateetan erabiltzen den historia kliniko informatikoan sartzea, Oinarrizko Osasun Laguntzan egin den bezala.

 

Zentzu horretan, Oinarrizko Osasun Laguntzako sistema informatikoa gainerako osasun zerbitzuek daukatenaz bestelakoa dela adierazten da, eta egun aurretiazko borondateen adierazpen-agiriak lortzeko esandako sare horretatik pasatzen da. Honen eraginez, prozedura askoz ere geldoagoa da eta gainera legea urratzen du.

 

Consuelo Satrustegi (Geroa Bai) lehendakari izan duen saiora bertaratu diren parlamentarioak izan dira Sergio Sayas, Begoña Ganuza, Maribel García Malo, Ana San Martín (UPN), Koldo Martínez, Rafael Eraso (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Miren Aranoa (EH Bildu), Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu), Nuria Medina, Conchi Ruiz (PSN), Ana Beltrán (PPN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).