Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Otsailak 1

Nafarroako Gobernua premiatzen da Udalen Musika Eskolen finantzaketa autonomikoa berreskura dezan

Erregelamenduzko arau-esparru bat presta dezan eskatzen zaio, eta lan-mahai bat era dezan, arau-esparru horrek izan beharreko helburuak eta edukiak zehazteko xedez

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPN, PSN, PPN eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu eta I-Eren aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “udalen musika eskolen finantzaketa autonomikoa berreskura dezan, horien funtzionamendurako, ekipamendurako, instalazioetarako eta musika-tresnen erosketa eta konponketarako, eta udal guztientzako finantzaketa-esparru egonkor bat berma dezan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren puntuan Gobernua premiatzen du “egungo erregelamenduzko arau-esparrua berrikusi eta berritu dezan, horrela sarbideari, instalazioei, irakasleen betekizunei eta gutxieneko esparru pedagogiko bati buruzko alderdiak, musikaren nahiz dantzaren espezifikotasunei egokiturik erregulatuta gera daitezen”. Atal hau onetsi da Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkakoekin.

 

Era berean, hirugarren atalean, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “lan-mahai bat era dezan, non ordezkatuta egonen baitira udalak, hezkuntza-erkidegoa (zuzendariak, irakasleak, irakasle ez diren langileak), guraso-elkarteak, ikasleak eta musikako nahiz dantzako adituak, arau-esparru horrek izan beharreko helburuak eta edukiak zehazteko xedez”.

 

Azkenik “Nafarroako Gobernua eta udalak premiatzen ditu irakasleen kontratazioari buruzko legeak bete ditzaten, Europako araudiari jarraikiz”.

 

EH Bilduk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Podemos-Ahal Duguk onartu ez duena, bigarren atalaren oso antzekoa. Finantziazio esparru egonkor bat proposatzen zuen, "hitzarmen baten bidez eta modulu desberdinetan oinarrituta".

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak bultzatutako ebazpenak dio “beharrezkoa dela finantzaketa-esparru egonkor bat egotea, Europako hiruko finantzaketa-ereduraren araberakoa: autonomia erkidegoetako gobernuak, udalak eta ikasleen arteko banaketa berdina”.

 

“Jasangarritasunaren mesederako eta aktore guztien erantzukizuna dela eta”, udal musika eskolen funtzionamenduan “erregelamendu orokor bat eskatzen da, udalen sentsibilitate kulturalak eta aurrekontuek baldintzatuta egon ez daitezen”.

 

Hala, Nafarroa izanik “musika eskolen erregelamendua garatu ez duen autonomi erkidego bakarretako bat, Estatuko araudiak ezartzen duen bezala”, gogorarazten da “musikaren praktika eta irakaskuntza persona guztien eskura jarri zuela zerbitzu honek, Nafarroako udalerrien bizitza kulturala, soziala eta hezkuntzan lagunduz”