Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Otsailak 24

Nafarroako Gobernuak erabakiko du Nafarroako Kutxa Fundazioaren aktak Ikerketa Batzordearen esku jarri behar diren

Nafarroako Kutxaren ondare osoa ikertzea eta bat-egite prozesuan zehar Gobernuak egindako zaintza lana aztertzea dira lan-planaren helburuak

Nafarroako Kutxa galdu izanaren arrazoiak eta erantzukizunak argitzeko 2016ko apirilaren 27an sortu zen Ikerketa Batzordeak gaur erabaki du, 2002 eta 2012 bitarteko bileretako aktak eskuratzeari buruz Nafarroako Kutxa Fundazioak argudiatu dituen legezko mugez Parlamentuko zerbitzu juridikoek egindako txostena ikusirik, Foru Gobernuari eskatzea akta horiek Parlamentuaren esku jarri behar diren ala ez baloratzeko.

 

Baldin eta Gobernuak irizten badio Ikerketa Batzordeak badituela akta horien gaineko kontrol ahalmenak —luzeen jota martxoaren 8rako erabaki beharko du horri buruz—, eskatzen da toki bat egokitu dadila Gobernuaren egoitzetan, Batzordeko kideek akta horien edukiaren gainean lan egin ahal izan dezaten sekretua eta konfidentzialtasuna behar bezala errespetatuz. Kasu horretan, apirilaren 30a ezarri da epearen azken eguntzat, orientazio gisa.

 

Aipatutako erabakiak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta UPNren aurkako botoarekin onetsi dira (PPNk ez du bilkuran parte hartu), eta txosten batean dute jatorria. Txosten hori Unai Hualde Ikerketa Batzordeko buruak proposatuta eskatu zen, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren adierazpen bati erantzunez. Adierazpen hartan jakinarazi zen ezen Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kutxa Fundazioa babesteko eginkizuna zuela eta, akten inguruko hainbat agiri jaso zituela, bai eta horien erabilera mugatuari buruzko zenbait ohar ere, “datu pertsonalen babesaren arloko araudiaren eraginpeko informazioa” baitzen.

 

Bestalde, agerraldiak eskatu eta egiteari dagokionez, Ikerketa Batzordeak erabaki du maiatzaren 10a ezartzea eskaerak jasotzeko epearen azken eguntzat, orientazio gisa. Agerraldiak, iragarri denez, oraingoan ere orientazio gisa, maiatzaren 15etik ekainaren 15era bitartean egin litezke. Hala balitz, ondorioen aurkezpena eta lanen amaiera ekainaren 30erako aurreikusten dira, beste luzapenik ezean.

 

Ikerketa Batzordea lanean hasi zenetik hamar hilabete igaro ondoren, Unai Hualdek balorazio positiboa egin dio burututako lanari. Beraren ustez, “aurreko legegintzaldiaren amaierako saio hutseginean gertatu zenaz bestera, oraingoan dokumentazio ugari eta mardula lortu da. Irmo jokatu da orduko bi oztopo nagusiak saihesteko: denbora eta lege eragozpenak. Horixe uste dute talde guztiek, UPN eta PPNk izan ezik, horiek ez baitute parte hartu bilkuretan”.

 

Horri dagokionez, Hualdek azpimarratu du Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek berretsi duten lan-proposamenean beharrezkotzat jotzen dela, batetik, “beste eskualde-gobernu batzuek egin zuten in vigilando lana erkatzea", haien egoera “oso antzekoa izan baitzen beste aurrezki kutxa batzuen bat-egite prozesuan".

 

Eta nabarmendu du, bestetik, ikertu egin behar dela “Nafarroako Kutxak 2005ean zeukan ondare osoaren kronograma", eta ahalegina egin behar dela "nola edo hala nahasturik egon ziren edo onura atera ahal izan zuten erakundeak edo pertsonak zein diren zehazteko".

 

Onetsitako arauei jarraituz, Ikerketa Batzordearen helburua izanen da jakitea eta zehaztea Nafarroako Kutxaren eta haren Enpresa Korporazioaren nahiz lotutako gainerako entitateen jarduketak bat etorri ote ziren sorrerako printzipioekin, eta argitzea zein den desagertzearen ondorengo ondare-multzoaren gaurko egoera.