Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Martxoak 15

Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio endometriosiari buruzko osasun informazioa emateko sistemak hobetzeko

Ikerketetara funts gehiago bideratzeko eta laguntza bidezko ugalketako teknikak jasotzeko aukera bermatzeko eskatu da, baina graduaren arabera ezintasuna dakarren gaixotasuntzat hartzeko eskaera baztertu egin da

Parlamentuko osoko bilkurak mozio bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren helburua baita Nafarroako Gobernuari eskatzea “endometriosia dela-eta osasun-informazioko sistemen hobekuntza bat bultzatzeko, epidemiologiari buruz eta gaixotasun horren bilakaerari buruz dagoen ezagutzaren defizita arintzen laguntzeko”.

 

Halaber, onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan, UPN eta PPNren aurkako botoekin, honako hau aholkatzen zaio Foru Gobernuari: “Oinarrizko Osasun Laguntzako eta Ospitaleetako Laguntzako prestakuntza-planetan Osasun Sistema Nazionalean endometriosia duten emakumeentzako arretarako gida sartzea, horren bidez errazteko ezarritako eduki eta prozedurak Osasunbideko profesional guztiek ezagun ditzatela”.

 

Halaber, hirugarren atalean jada, Nafarroako Gobernuari dei egiten zaio “lan koordinatu eta diziplina anitzeko bat egin dezan, modu espezializatuan lantzeko endometriosiaren diagnostikoa eta tratamendua, halako moduz non ukitutakoek erreferentziako espazio bat edukiko baitute”.UPN, Podemos-Ahal Dugu eta PPNk alde bozkatu dute, Geroa Baik aurka eta EH Bildu, PSN eta I-E abstenitu egin dira.

 

Horrez gain, Foru Gobernuari eskatzen zaio “Obstetrizia eta Ginekologia espezialitatean protokolo baten pean dagoen edozein teknika eta tratamendu eskuratzea antola dadila irizpide batzuen arabera —esate baterako, endometriosia pairatzen duten emakumeen larritasuna— eta laguntza psikologikoa jaso dadila gaixotasunaren tratamenduan zehar, beharrezkoa ikusten den kasuetan”. Atal hau UPN, Podemos-Ahal Dugu eta PPNren aldeko botoekin onetsi da, Geroa Bai, EH Bildu eta I-Ek aurka bozkatu dute eta PSN abstenitu egin da.

 

 

Esparru horretan, Geroa Bairen abstentzioarekin eta gainerakoen baiezkoarekin, Foru Gobernuak “endometriosiaren ikerketara bideratutako funtsak handitzea” eskatu da.

 

Azkenik, berriz ere aho batez Nafarroako Gobernuari dei egiten zaio “berma dezan ugalketa lagunduko tekniketarako sarbidea izanen dela, ekitate baldintzetan. Horri dagokionez, balioetsi beharko da obozitoak eman eta izozteko aukera, obario-funtzioan kalte larria dagoen kasuetan”.

 

Baztertu egin da atal bat, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “Espainiako Gobernua premiatzea endometriosia sar zezan, gradu jakin batzuetan, gaixotasun ezintasun-sortzaile moduan, ezintasunak balioesteko lantaldeek erabiltzen dituzten baremoetan”.

 

Geroa Bai talde parlamentarioak in voce zuzenketa bat aurkeztu du, Podemos-Ahal Dugu ekimenaren sustatzaileak baztertu egin duena, eta “Osasunbideako langileei Osasun Sistema Nazionalean endometriosia duten emakumeen arretarako Gida zabal ziezaien” eskatzen zen.

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak bultzatutako ebazpenean jasotako ekimenak honako hau du oinarri: “emakumeen osasuna hobetzeko ahalik eta esfortzurik handiena egiten dela bermatzea; izan ere, aipatutako gaixotasunak ugaltzeko zailtasunak ekar ditzake, bai eta ezintasun handiak ere”.

 

Horri lotuta, eta kontuan izanda diagnostikoa atzeratzeak, “7-8 urte inguru, sintomak hasten direnetik”, beste zailtasun bat dakarrela, proposamengileak gaitzetsi egin du “hilekoari eta sortzeari lotuta emakumeek duten mina naturalizatu izana” eta, hori dela tarteko, adierazi du atsekabea sortzen diola “funts, baliabide eta ahalegin gehiago bideratu ez izana hain hedapen epidemiologiko handia duen patologia bati aurre egiteko”.

 

Gauzak horrela, gaitzetsi egin du osasun arlo horretan “genero ikuspegirik ez izatea”, eta gogorarazi du 2013an, Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak Endometriosia duten emakumeak Osasun Sistema Nazionalean artatzeko gida argitaratu zuela eta, horren bidez, gaixotasun horri behar bezala heltzeko ezarri beharreko bide klinikoak jaso zirela, eta Osasun Sistema Nazionalean egin beharreko hobekuntza batzuk (horietako batzuk ikerketa eta garapen arlokoak) planteatu zirela.

 

Horri dagokionez, adierazi da “neurri eta jardunbide horiek endometriosiari heltzeko modua markatu zutela Nafarroan ere”. Gaixotasun hori “kronikoa eta errepikakorra da, eta emakumeen % 10-20 ingururi eragiten die; portzentaje hori % 40-50era ere iristen da antzutasun kasuetan. Endometriosiak Europar Batasuneko 14 milioi inguru eta mundu osoko 176 milioi inguru emakume eta neskari eragiten die”.