Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Abenduak 4

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko Foru Lege proiektuaren gaineko irizpena onetsi da

Memoriaren tokien babesa eta ezagutza sustatu nahi dira, bakearen eta bizikidetzaren kultura bultzatzeko, zor diren egia, justizia eta erreparazioari lotua

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Batzordeak Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko Foru Lege proiektuaren gaineko irizpena onetsi du gaur.

 

Gobernuak bultzatutako lege proiektu horren xedea da “Nafarroako memoria historikoaren tokiak deklaratu, babestu, zaindu eta haien berri zabaltzea, horrela, giza eskubideen errespetutik abiatuta, bakean eta bizikidetzan oinarritutako kultura sustatzeko, egia, justizia eta erreparazioa izateko eskubideari eta berriz ez gertatzeko bermeei lotuta”.

 

“Ahanzturari eta memoria ezari” aurre egin nahian, “1936ko estatu-kolpean eta ondoko errepresio frankistan egiaz gertatutakoaren” kronika eraikitzea aldezten da; kasu honetan, “indarkeriaz baliaturik, legez eratutako boterearen kontra altxatu zirenek era guztietako urratzeak” egin zituzten lekuen bitartez.

 

Ildo horretan, eta albora utzita kontakizun historikoaren transmisioa dokumentatzeko balio duten artxibo, lekukotasun, kontakizun, irudi eta grabazioak, figura berri bat eratzen da, Memoriaren Tokiak deituraren pean biltzen dituena “biztanleriaren errepresioari lotutako eta garrantzi bereziko egitateak gertatu ziren gune fisikoak”.

 

Zehazten denez, memoriaren toki deklaratu ahalko dira 1936ko kolpe militarraren ondotik fusilatutakoak eta desagerrarazitakoak ehortzi zituzten hobiak edo ehorzketa-lekuak; atxilotzeko eta hiltzeko tokiak; bortxazko lanak baliatuz eraikitako herri-lanak; eta biktimen familiek, memoriaren aldeko elkarteek, erakundeek eta administrazio publikoek gerora sortutako oroimen eta aitortza tokiak.

 

Memoria historikoaren tokiak, halakotzat onartuak izateko, erregistro batean inskribatu beharko dira. Erregistro hori publizitatea eta kontrola egiteko tresna izanen da, eta kontsulta, telematikoa nahiz bertatik bertarakoa, doakoa izanen da.

 

Deklarazioa eta erregistroko inskripzioa lortzeko, “nahitaezko txosten loteslea” egin beharko du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak. Batzorde hori azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak sortu zuen, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoak.

 

Batzordearen ardura izanen da, halaber, Administrazioari “aholku ematea”, toki horien “kontserbazioa eta babesa” bermatzeko eginkizunetan. Hamahiru kide ditu, eta heren bat baino gehiago dira Historiako, Arkeologiako edo Auzitegi Medikuntzako espezialistak eta teknikariak, Gobernutik, Parlamentutik, NUKFtik, NUPetik, Nafarroako Unibertsitatetik, lanbide-erakundeetatik eta memoriaren aldeko elkarteetatik etorritakoak. Batzordeko burua Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria da.

 

Departamentu eskudunari dagokio inbentario hori “antolatu, kudeatu eta haren zabalkundea egitea”. Deklarazioaren eta erregistroko inskripzioaren ondorioa izanen da legean ezarritako babes araubidea aplikatzea, eta, lursail eta higiezinen kasuan, “berekin dakar haien onura publikoa edo interes soziala deklaratzea ondore guztietarako, baita nahitaezko desjabetzerako eta bide-zortasuna baliatzeko ere”.

 

“Kautelazko” neurri gisa, berekin ekarriko du “partzelaziorako, eraikuntzarako edo eraispenerako udal lizentziak etetea, jada emandakoen ondoreak neutralizatzeaz gain”. Azken aurreikuspen hori PSNk eskatuta erantsi da, haren zuzenketa onetsi baita; UPN izan da aurka agertu den bakarra.

 

Inor ez dadin jakin gabe gelditu, “nahitaezkoak izanen dira —eginbideetako bakoitzean hilabetean, gutxienez— tramite hauek: jendaurrean jartzekoa, berariaz jakinaraztekoa eta entzunaldia ematekoa bai zuzenean ukitutakoei bai deklarazio eta inskripzio prozeduran izendatutako tokia kokatuta dagoen toki entitateari”. UPNren in voce zuzenketa batean zehaztutako kautelazko neurri horiek PPNren abstentzioarekin onetsi dira.

 

Baldin eta, prozedurari hasiera ematen zaionetik hamabi hilabete iragan ondoren, prozeduraren iraungitasuna deklaratzen bada, ezin izanen zaio ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den titularrak eskatuta egiten.

 

Prozesua amaitu ondoren, Kultura Departamentuari helaraziko zaizkio Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan egiten diren inskripzioak.

 

Nafarroako memoria historikoaren toki gisa katalogatutako lursail edo higiezinen jabeen, eskubideen titularren edo edukitzaile soilen betebeharra izanen da bisita publikoa egiten uztea hilean lau egunetan gutxienez, aldez aurretik adierazitako egunetan eta orduetan. Horrez gain, “ikuskapenak egiten utzi beharko dute, kontserbazioa erraztu, eta, giza gorpuzkinak aurkituz gero, berehala jakinarazi beharko dute”.

 

Testuinguru horretan zehazten da Departamentuak laguntza teknikoa emanen duela eta “kontserbatzeko, mantentzeko eta zaharberritzeko lanetan” lagunduko duela. Obren edo jarduketen finantzaketa ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan horretarako diru erabilgarria egoteak baldintzatuko du”. Hala ezartzen du PPNren zuzenketa batek, zeina Geroa Bai eta Orain Bai taldeen abstentzioarekin onetsi baita.

 

Betebeharrak betetzen ez badira, Administrazioak esku hartu eta hertsapen isunak ezarri ahalko ditu. Memoriaren toki batean proiektatzen den edozein aldaketak Departamentuaren baimena beharko du, eta hark babeserako kautela-neurriak jarri ahalko ditu, gehienez ere hiru hilabeterako, eraispen edo obraren bat egiteko edozein saioren aurrean, baita toki entitateen kasuan ere.

 

PSNren zuzenketa bat onartu izanaren ondorioz, Departamentuak hiru hilabeteko epea izanen du (ez sei hilabetekoa) esku-hartzea baimentzeko edo baimena ukatzeko, obraren proiektua eta eragina baloratu eta gero. Epean berariazko ebazpenik ez ematearen ondorioa ere aldatu egin da, baieslea izatera igaro baita. Orain Bai eta I-E horren aurka agertu dira, eta EH Bildu abstenitu egin da.

 

Arlo horretan aurreikusten da lurralde eta hirigintzaren plangintzako espedienteetan, memoria historikoaren tokiei edo Erregistroan prebentziozko idatzoharrarekin (babes araubidearen behin-behineko aplikazioa) jasota daudenei eragiten badiete, Departamentuaren nahitaezko baimena beharko dela, eta Departamentuak sei hilabeteko epea izanen duela eskaera ebazteko. Epean ematen ez bada, Administrazioaren isiltasuna aldekoa dela ulertuko da.

 

Zabalkundearen arloan, seinaleztapena eta gertatutakoa interpretatzeko bitartekoak aurreikusten dira, zabalkunde instituzionalerako erabiliko den identitate grafiko batetik abiatuta, Foru Komunitateko “leku izenen erabilera ofizialaren eta nortasun korporatiboaren arloan indarra duen araudiarekin bat etorriz”.

 

Era berean, gaiaren arabera eskumena duen departamentuak memoriaren tokien mapa digital bat egin du eta eguneratuta izanen du (herritar ororentzat sarbidea izanen duena); bertan adierazita egonen da tokien kokaleku geografikoa eta han gertatutakoaren berri emanen da. Eta, modu orokorrean, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) erabiltzea sustatuko da memoria historikorako irispidea izateko, garrantzi berezikotzat jotzen diren tokiak ikusteko bisita birtualak barne.

 

Era berean, toki entitateekin eta memoriaren aldeko elkarteekin lankidetzan, Departamentuak memoria historikoaren ibilbideen diseinua sustatuko du, “gertaera haiek ezagutzera emateko eta bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen errespetuaren balioak transmititzeko”.

 

Unibertsitateekin eta ikerketa zientifikorako zentroekin elkarlanean, gainera, memoria historikoaren tokien inguruan gertatutakoa aztertu eta ikertzea sustatuko da, memoria duten eskolen programa bat egiteko, gai hori curriculumaren jardueretan txertatzea proiektatuko duena irakaskuntza maila guztietan.

 

Zigorren atalean, 2.000 eta 150.000 euro bitarteko isunak aurreikusten dira arau-hausteen tipifikazioaren arabera, bai eta zigor osagarriak ere: diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko eskubidea galtzea, gehienez ere bi, hiru edo bost urtez, arau-hauste arin, astun eta oso astunen kasuan, hurrenez hurren; eta jasotako ekarpena osorik edo partzialki itzultzea.

 

Zehatzeko eskumena Departamentuko titularrarena izanen da, arau-hauste oso astunen kasuan, eta zuzendari nagusiarena, gainerakoetan.

 

Legeak bi aldaketa egiten ditu azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legean (1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa).

 

Lehenik, jasorik uzten da Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoaren (5. artikulua) egitekoak direla, besteak beste, “memoria historikoaren tokiekin zerikusia duten gai guztiei buruz indarreko legeriarekin bat eskatzen zaizkion nahitaezko txostenak egitea” eta “Batzordeko buruak planteatzen dizkion gaiei buruzko txostenak egitea”.

 

Bigarrenik, beste testu bat ematen zaio 9. artikuluaren 2. apartatuari, memoriaren tokiak aipagai dituenari, bakar-bakarrik Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Katalogoaren aipamena kentzeko, horren eginkizuna Erregistro sortu berriak hartuko baitu.

 

Batzordean egindako eztabaidan 37 zuzenketa eztabaidatu dira, horietatik 7 in voce zuzenketak, eta onetsi 13 onetsi dira: 5 PPNrenak, 4 PSNrenak, 2 laukoarenak, bat UPNrena eta beste bat EH Bildurena.

 

PPNko foru parlamentarien elkarteak defendatutako 15 zuzenketen helburua zen “jabetza pribaturako eskubidea babestea”, nahitaezko desjabetzearen erabilera leunduz eta memoriaren tokiak mantentzeko zama Administrazioari egotziz.

 

UPN talde parlamentarioaren hiru in voce zuzenketetan, ildo beretik, memoriaren tokiak kokatuta dauden lursailen “jabeen eskubideak” azpimarratu dira, baita deklarazioa egiteko eta Erregistroan inskribatzeko prozedurari dagokionez ere.

 

PSN talde parlamentarioaren 12 eskakizunetan, memoriaren toki gisa inskribatutako lursail eta higiezinen titularrei dagozkien “betebeharren proportzionaltasuna” eta kautela-neurrien zehaztasuna eskatzen ziren.

 

EH Bildu talde parlamentarioak (5) alferrik iradoki du “memoria historikoa” terminoan sar daitezela “akordioaren, aldarrikapenaren eta justizia sozialaren kultura” bezalako kontzeptuak, eta, halaber aldi kronologikoa luza dadila, “trantsizio delakoa” legetik kanpo ez uzteko.

 

Irizpena onetsi ondoren, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko Foru Lege proiektua Osoko Bilkurara eramanen da abenduaren 20an ziur aski, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioa) aritu da gaur arratsaldeko bilkuraren buru, eta bertan izan dira Luis Zarraluqui, Carmen Segura, Maribel García Malo, Mónica Doménech (UPN talde parlamentarioa), Virginia Alemán, Unai Hualde, Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Bakartxo Ruiz, Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu talde parlamentarioa), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioa), Inma Jurío, Nuria Medina (PSN talde parlamentarioa), Javier García (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).