Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die Galiziako sute-bolada pairatzen ari direnei
Doluminak ematen dizkie hildakoen hurbilekoei eta Foru Exekutiboa premiatzen du laguntza eta lankidetza eskain ditzan, beharrezkotzat jotzen diren baliabide guztiekin
Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa adierazten baitizkie galiziarrei, pairatzen ari diren sute-bolada hau dela-eta.
Onetsi den testua Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak eta Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta I-E foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako proposamenak bat egitetik heldu da.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa adierazten dizkie galiziarrei pairatzen ari diren sute-bolada hau dela-eta, sute hauen jatorrian egon litezkeen delitu-egintzak gogor salatu bidenabar.
2. Nafarroako Parlamentuak bere doluminak eta nahigabe sakona helarazten dizkie gertakari latz hauetan hildakoen familiei eta gertukoei, eta bere hurbiltasuna eta atsekabea helarazten dizkie.
3. Nafarroako Parlamentuak bere errespetua eta mirespena adierazi nahi dizkie suteak itzaltzeko lanetan ari diren pertsona guztiei, eta haien esku jartzen da laguntzeko eskain dezakeen orotan.
4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bere laguntza eta lankidetza eskain diezazkien galiziarrei, beharrezkotzat jotzen dituzten baliabide guztiak haien esku jarrita.
5. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du ingurumenaren babes aktiboarekiko konpromisoa, zeina funtsezkoa baita bizitzaren iraunkortasunerako.
6. Nafarroako Parlamentuak Galiziako Xuntari eta Galiziako Parlamentuari igorriko die adierazpen instituzional hau”.