Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Azaroak 30

Nafarroako Parlamentuak Foruaren Hobekuntzaren bertsio irakurterraza aurkeztu du

Ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonei informazioa, kasu honetan instituzionala, eskura jartzeko metodoa da, testuen egokitzapenaren bidezkoa

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren bertsio irakurterraza aurkeztu du gaur. Irisgarritasun Unibertsalari buruzko 12/2018 Foru Legean hartutako konpromiso multzoari lotutako proiektua da, lege horrek xedetzat baitu Nafarroari esparru berekia ematea, autonomia eta aukera-berdintasuna bermatu behar dituena gizarte inklusibo batean, baita komunikazio mailan ere.

 

Lehendakariaren esanetan, Foruen Hobekuntza bezalako lege garrantzitsu baten edizio egokituaren bidez ekin nahi zaio “ageriko nahiz ezkutuko oztopo horiek guztiak ezabatzeari, gizarte eta bizi inguruneen homogeneotasun egiturazkoaren ondorioz apenas erreparatzen zaien horiek. Traba horietako batek zerikusia du informazioa eredu jakin batetik abiatuta hedatzearekin; eredu hori uniformea da, dibertsitate funtzionalaren irizpideetatik urrutikoa, eta desberdintasuna sortzen du”.

 

Hala, “ANFAS elkarteak pertsona guztiak erabat gizarteratzeko eta egokitzeko egiten duen lan bikaina” goraipatu ondoren, Ainhoa Aznarezek deia egin du “inbertitzeko eta bizi autonomia sustatzeko esparru guztietan, hala enpleguan eta hezkuntzan nola kulturan, etxebizitzan, garraioan edo osasunean, desgaitasun fisikoa edota organikoa duten pertsonek, aurrerapenak aurrerapen, oraindik ere jasaten dituzten zailtasunak saihestuta”.

 

Hori dela eta, lehendakariak ohartarazi du guztien egitekoa dela, baina batez ere administrazio publikoena, “irisgarritasun unibertsalaren alde lan egitea, eta horretarako kendu egin behar dira traba fisikoak eta sozialak, eta herritarrek ikuspegi arretatsuago eta inklusiboagoa hartu behar dute. Informazioa —kasu honetan legeen edo erakunde-ekimenen edukiaren gainekoa— jasotzeko eskubideak, hain sinplea eta oinarrizkoa izanda, jarrera-aldaketa eskatzen du, enpatia handiagoa”.

 

Azkenik, Ainhoa Aznarezek azpimarratu du Nafarroako Parlamentuak “konpromiso irmoa” duela “berdintasunaren alde, hitz horren esanahi zabal eta konplexua bere osoan hartuta. Ondoan gaituzte eta izanen gaituzte eguneroko borroka horretan. Horretarako asmoa hartu nuen, eta pixkanaka lortzen ari gara. Bide horretan, ezinbestekoa iruditu zitzaigun Nafarroako erakundeen eginkizunak eta eskumenak arautzen dituen legea ezagutarazi eta ulertaraztea”.

 

Javier Goldáraz ANFASeko presidenteak, segidan, Foruen Hobekuntza ulertzeko zailtasuna zuzentzeko garaian Parlamentuak erakutsitako “jarrera” txalotu du. “Guztiok oso leku txarrean uzten gintuen akatsa zen. Ez dugu etsiko gizarte osoarentzat mundu atseginago eta ulergarriagoa lortu arte, argindarraren faktura ere barne dela”.

 

Ondoren, Vanesa Alonsok, ANFASeko irisgarritasun kognitiboko zerbitzuko profesional eta testu-balidatzaileak, foru legebiltzarrari eskerrak eman dizkio “irisgarritasun unibertsalaren parte den eskubide bat garatzen laguntzeagatik, zeina mundu ulerterrazago bat sortzean baitatza. Informaziorako eskubideaz ari gara, zeren irakurketa erraza ez da besterik testuak ulergarriago idazteko metodologia baino, testuen interpretazioa pertsona guztien irismenean egon dadin”.

 

Azkenik, Sonia Ganuzak, ANFAS elkarteko irisgarritasun kognitiboko zerbitzuko arduradunak, Foruen Hobekuntza irakurketa errazerako moldatzeko prozesuari buruz hitz egin du, eta Javier eta Sergiok, “gure aditu juridikoek”, egindako ekarpena azpimarratu du, bai eta “gure balidatzaile taldeen bahetze lana ere, haiei egokitu baitzaie kate maila nagusia izatea amaierako oniritzia emanez. Argitalpen honek, egia esan, guztion onerako da; ez da alferrik informaziorako eskubidea beste askori atea zabaltzen dien eskubide bat”.

 

Ekitaldia Parlamentuko erabilera anitzeko aretoan egin da, eta bertan izan dira, besteak beste, Maiorga Ramírez lehen idazkaria, María Chivite, Guzmán Garmendia eta Conchi Ruiz (PSN).

 

Abenduaren 3an ospatuko den Nafarroaren Eguna dela-eta antolatutako jarduera-egitarauaren barruan aurkeztu da Foruen Hobekuntza irakurterraza. Oraingoz 500 ale argitaratu dira gaztelaniaz eta euskaraz. Nafarroako Parlamentuaren gida ere irakurketa errazerako moldatu da (1.500 ale), eta legebiltzarraren egoitza bisitatzen duten ikasleei eta era guztietako kolektiboei banatzen zaie.

 

Irisgarritasun Unibertsalari buruzko 12/2018 Legea aho batez onetsi zen iragan ekainaren 8an. Xedetzat du Nafarroari arau-esparru berekia ematea eta hartara, bizi itxaropenaren luzapena eta populazioaren zahartzea ekarriko dituen eszenatoki demografikoari begira, aurrera egiten segitzea gizarte inklusiboagoa lortzeko bidean, autonomia bermatzeko eta aukera-berdintasuna bultzatzeko.

 

Legeak ohartarazten duenez, “informazio eta sentsibilizazio kanpainek irisgarriak izan behar dute pertsona ororentzat eta, horretarako, eskuragarri egon behar dute irakurketa errazeko formatuan, Braille sisteman, letra handituan, zeinuen hizkuntzan, azpitituluekin edo beste sistema alternatibo batzuekin”.

 

Arratsaldean Motxila 21 taldearen kontzertua

 

Gaur arratsalderako Motxila 21 taldearen kontzertua antolatu da, Foru Parlamentuaren helburua baita Nafarroako hezkuntza- eta kultura-adierazpenei parte hartzeko bidea ematen jarraitzea. Emanaldia 19:00etatik aurrera izanen da, legebiltzarraren egoitzako atalondoan.

 

Ekitaldi instituzional horren hasieran Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, bertaratutakoak agurtuko ditu.

 

Nafarroaren Egunerako egitarauaren barruan, halaber, ate irekiko bi jardunaldi eginen dira, bata azaroaren 30ean (11:30, 12:30 eta 17:30 (euskara)) eta bestea abenduaren1ean (11:30, 12:30).

 

Bisita doakoa da, eta eskaera 948 209209 telefonoaren bidez egin daiteke, astelehenetik ostiralera 07:30-19:30 bitartean eta ostiraletan 07:30-15:00 bitartean (azaroaren 29an izan ezik, jaiegun horretan telefonogunea itxita egonen baita). Bisita euskaraz egin daiteke.