Nafarroako Parlamentuak gogoan dauzka Miguel A. Blanco eta Germán Rodríguez, eta ez dago ados Altsasuko gazteentzat 50 urte eskatzearekin
Legebiltzarrak gaitzesten du Otsoportilloko eskulturaren aurkako erasoa, errefusatzen du Rozalejo Jauregiaren okupazioa eta eskatzen du Nafarroa sar dadila lehorterako premiazko laguntzen dekretuan
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du Miguel Ángel Blanco Alderdi Popularreko zinegotziaren bahiketa eta ondorengo hilketa, haren heriotzaren 20. urteurrenean. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
UPN, Geroa Bai, PSN, PPN eta I-Ek aldeko botoa eman dute; EH Bildu Nafarroa abstenitu da; Podemos-Ahal Duguk 1. eta 3. puntuen alde bozkatu du eta 2. puntuan abstenitu da.
Adierazpenak honako hau dio:
“1.- Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du Miguel Ángel Blanco Alderdi Popularreko zinegotziaren bahiketa eta ondorengo hilketa, haren heriotzaren 20. urteurrenean.
2.- Nafarroako Parlamentuak ETAri exigitzen dio behin betikoz desegin dadin, biktimei barkamena eska diezaien eta oraindik ere argitu gabe dauden ehunka hilketa argitzen lagundu dezan.
3.- Nafarroako Parlamentuak aitortza adierazten die ETAren terrorismoaren biktimei, eta haien samina eta sufrimendua ahantz dadila eragozteko konpromisoa hartzen du, biktimei zor zaien memoria, duintasuna eta justizia emanez.
- Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak pertsona guztien giza eskubideekiko konpromisoa adierazten du, bai eta Nafarroan edo Nafarroatik kanpo gertatutako indarkeria-ekintza guztien aurka dagoela ere. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.
Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezquerrak alde bozkatu dute; UPN eta PPNk aurka; PSNk 1. puntuaren alde bozkatu du eta 2. puntuan abstenitu da.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak pertsona guztien giza eskubideekiko konpromisoa adierazten du, bai eta Nafarroan edo Nafarroatik kanpo gertatutako indarkeria-ekintza guztiekiko arbuioa ere. Halaber, konpromisoa agertzen du gizartearekin batera lanean jarduteko, bake eta bizikidetasun egoera baten alde zeinean bermatuko baita gertatutakoa ez dela errepikatuko, zintzotasunez eta indarkeriaren eta biktimen erabilpen politikoa eta partidista egiteari uko eginez.
2. Nafarroako Parlamentuak biktima guztien oroitzapen, justizia eta erreparaziorako eskubidearekiko bere konpromisoa adierazten du, egunotan bereziki izanik gogoan Miguel Ángel Blanco eta Germán Rodríguez”.
- Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak adierazten du batere ados ez dagoela fiskalak Altsasuko 7 gazteen aurka 50 urteko espetxe-zigorra eta beste prozesatuaren aurka hamabi urte eta erdikoa eskatzearekin. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezquerrak alde bozkatu dute; UPN, PSN eta PPNk aurka.
Hona adierazpenaren testua:
“1. Nafarroako Parlamentuak bere desadostasunik bipilena adierazten du fiskalak Altsasuko 7 gazte auzipeturen aurka 50 urteko espetxe-zigorra eta beste auzipetuaren aurka hamabi urte eta erdikoa eskatzearekin, eta adierazten du kezka handia duela gertakarien bilakaera dela eta, ikusirik kasu honek iritsi duen desproportzioaren eta zentzugabekeriaren onartezina.
2. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du bizikidetasunarekiko, justiziarekiko eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuarekiko bere konpromiso irmoa, haiek zuzenbide-estatu demokratiko baten berezko printzipioak diren aldetik, eta adierazten du kasu honetan dagoen desproportzioa normaltasun eta bizikidetasun demokratikoen aurkakoa dela.
3. Nafarroako Parlamentuak berresten du aldeztu egiten duela Nafarroako Probintzia Auzitegiak emandako zio-azalpena, oinarritzekoa ez dagoela zantzurik gertakariak terrorismo gisa kalifikatzeko; hortaz, berriro dio iragan urriaren 15ean Altsasun gertatutakoen instrukzioa eta epaiketa egiteko eskumena Iruñeko epaitegiena izan beharko litzatekeela”.
- Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Ebroren arro hidrografikoaren Nafarroako tartea sar dadila Lehortearen ondoriozko kalteak leuntzeko premiazko neurriei buruzko ekainaren 9ko 10/2017 Errege Lege Dekretuan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
UPN, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezquerrak alde bozkatu dute; PPN 1. puntuan abstenitu da eta 2. puntuaren alde bozkatu du.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak Ebroren arro hidrografikoaren Nafarroako tartea sar dezala Lehortearen ondoriozko kalteak leuntzeko premiazko neurriei buruzko ekainaren 9ko 10/2017 Errege Lege Dekretuaren aplikazio-esparruan.
2. Nafarroako Parlamentuak bere babesa erakusten die Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak helburu horrekin abiarazten dituen ekimen guztiei”.
- Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu gertatutako indarkeria ez-legitimoko ekintza guztiak. Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Geroa Bai, G.P. Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezquerrak alde bozkatu dute; UPN eta PPNk aurka; EH Bildu Nafarroa eta PSN abstenitu dira.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak gure erkidegoaren barruan nahiz kanpoan gertatutako indarkeria ez-legitimoko ekintza guztiak gaitzesten ditu.
2. Nafarroako Parlamentua konprometitzen da ez ametitzera indarkeria ez-legitimoaren biktimen sufrimendua ahanzturan erortzerik ez eta gertatuaren kontaketa aldrebestua izaterik ere”.
- Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak erabat deitoratzen eta arbuiatzen ditu Otsoportilloko leize-zuloan kokatutako eskulturaren aurka izandako erasoa eta agerturiko mehatxu faxistak. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak erabat deitoratzen eta arbuiatzen ditu Otsoportilloko leize-zuloan kokatutako eskulturaren aurka pasa den larunbatean izandako erasoa eta han agerturiko mehatxu faxistak, eta adierazten du horrelako jarrerek ez dutela tokirik Nafarroako gizartean.
2. Nafarroako Parlamentuak salatu egiten du horrelako bandalismo-ekintzak umiliazio bat direla frankismoaren biktimentzat.
3. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du memoria historikoarekiko bere konpromisoa, eta bere babesa ematen die frankismoaren biktimentzako omenaldi-, errekonozimendu- eta erreparazio-ekitaldi guztiei. Orobat, Legebiltzarrak adierazten du bere borondatea dela horiek guztiak normaltasun osoz egin daitezen, inolako hertsapenik edo probokaziorik gabe eta gizartearen nahiz erakundeen esku-hartze ahal den handienarekin”.
- Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Rozalejoko Markesaren jauregiaren okupazio ilegala. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
UPN, Geroa Bai, PSN eta PPNk alde bozkatu dute; EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurka.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Rozalejoko Markesaren jauregiaren okupazio ilegala”.
PPNren adierazpen-proposamenak bigarren puntu bat zuen, onetsi ez dena; honako hau zioen: “2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du erakina berehala hustu dezan”. UPN, PSN eta PPNk alde bozkatu dute; Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurka.