Nafarroako Parlamentuak harrera egin dio Yamaguchiko Prefekturaren ordezkaritza bati
Ainhoa Aznarezek bi herrien arteko lotura sozial eta instituzionalak indartzeko deia egin du, elkarlanerako borondatea dagoenean distantzia oztopo ez dela erakutsi baitute
Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, Yamaguchiko (Japonia) Prefekturaren ordezkaritza bati harrera ofiziala egin dio gaur, Nafarroako eta Yamaguchiko Gobernuek sinatutako Senidetasun agiriaren 15. urteurrena dela eta Foru Komunitatera egin duten bisitaren karietara.
Ekitaldia Legebiltzarraren egoitzako Erakunde Aretoan ospatu da, eta Ainhoa Aznarezek Japoniako ordezkaritzari bere borondatea adierazi dio “duela bost mende baino gehiago gure enbaxadore garrantzitsuenetarikoak utzitako aztarnaren ondorio den harremana indartzeko. Frantzisko Jatsu Azpilikueta misiolari jesuitaz ari naiz, Frantzisko Xabierkoa bezala ezagunagoa dena, hari zor baitiogu bost mendetako lotura hau, ondoren maila instituzionalean eraiki dena”:
Lehendakariak bere agurrean aipamen berezia egin dio “kultura, hezkuntza, ekonomia eta enpresa elkarlanari, hasiera batean Iruñeko Udalaren bidez, eta ondoren Foru Gobernuaren bitartekaritzarekin, Nafarroa eta Yamaguchi elkarren artean urruti dauden eta desberdinak diren herrien arteko senidetasun ikur bihurtu ziren. 38 urteko harreman instituzionalak elkar aberastu gaitu. Elkarlanerako eta loturak bilatzeko borondatea dagoenean distantzia fisikoa oztopo ez dela erakusten duen adibidea. Ongi etorriak zarete”.
Jarraian, Tsugumasa Muraokak, Yamaguchiko Prefekturako gobernadoreak Nafarroako Parlamentuak eskainitako “harrera adeitsua” eskertu du eta “elkarrekin eraikitako historia aberasten jarraitzeko” borondatea adierazi du, “gure loturak are estuagoak egingo dituzten esperientzia berriekin”.
Ondoren, Muneharu Moritak, Yamaguchiko Prefekturako Parlamentuko Lehendakariordeak, adierazi du “Nafarroa teknologia sektorearen abanguardian dagoela” ziurtatzeko aukera izan dutela, eta “Parlamentuen arteko senidetasunaren fruituak zabaltzeko” deia luzatu du.
Ekitaldia amaitzeko opari batzuk elkar trukatu dituzte. Parlamentuko Lehendakariak ordezkaritza japoniarrari Osoko Bilkura aretoaren erreprodukzio bat eman dio, eta honek beirazko pieza batekin itzuli dio oparia.
Harrera ekitaldian izan dira Unai Hualde, Parlamentuko Lehen Lehendakariordea, Alberto Catalán, Bigarren Lehendakariordea, Maiorga Ramírez, Lehen Idazkaria, Maribel García Malo, Bigarren Idazkaria, eta Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN), Koldo Martínez (Geroa Bai), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai) eta Guzmán Garmendia (PSN) parlamentariak.
Yamaguchiko Prefekturaren ordezkaritza azaroaren 6 eta 8 bitartean egongo da Foru Komunitatean, eta osatzen dutenen artean daude Hisayoshi Shoji, Turismoa, Kirola eta Kultura Departamentuko burua, Hideaki Harada, Yamaguchiko Prefekturaren Nazioarteko dibisioaren burua, Takafumi Takemoto, Gobernadorearen idazkaria, Naomi Sadamori, Nafarroarekiko harremanetako arduradura, Hideki Takamoto, Parlamentuko Lehendakariordearen idazkaria eta Gema Gálvez, Nazioarteko Harremanetarako koordinatzailea.