Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Azaroak 30

Nafarroako Parlamentuak Hiesaren Aurkako Mundu Eguna ospatuko du Sare elkartearekin eta Hiesaren aurkako Herri Batzordearekin batera

Parlamentuko fatxada abenduaren 1ean gorriz argiztatuko da, aurten egoera serologikoa ezagutzearen garrantzia nabarmentzen duen kanpainarekiko atxikimendua erakusteko

Urtero bezala, abenduaren 1ean Hiesaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da. Hori dela eta, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak eta Sergio Sayas (UPN), Virginia Alemán (Geroa Bai), Conchi Ruiz (PSN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra) parlamentariek gaur eguerdian parte hartu dute Sare elkarteak eta Hiesaren aurkako Herri Batzordeak antolatutako aldarrikapen ekitaldian.

 

Gainera, jada ohikoa den bezala, legebiltzarrak abenduaren 1ean gorriz argiztatuko du (18:00etatik 24:00ak arte) bere fatxada, eta egun osoan begizta gorria egonen da bertan zintzilikatuta Hiesaren aurkako Mundu Egunarekiko atxikimendua erakusteko.

 

Legebiltzarraren egoitzako ate ondoan egindako elkarretaratzearen amaieran adierazpen bat irakurri dute deialdia egin duten entitateek. Bertan, GIBa ezagutzen baduzu... zure begirada aldatu egiten da leloaren pean, “Nafarroatik GIB-hiesaren aurkako prebentziorako eta borrokarako estatu-itun bat sustatzeko” eskatzen da.

 

Lucía Burguik (Hiesaren aurkako Herri Batzordea) eta Yolanda Yáñez Nascimientok (Sare) irakurri duten adierazpen horrek ebaluazio goiztiarraren garrantziaz ohartarazten du. Izan ere, 2017an diagnostiko berrien % 21 berandu egin ziren, eta behar-beharrezkoa da pertsona guztiek ezagutzea beren egoera serologikoa, horrek tratamendu egokia hartzeko eta, horrenbestez, bizi kalitate hobea izateko aukera bermatzen baitie.

 

Ildo horretatik, “estigma eta diskriminazio” gisara detekzio eta prebentzio lanak zailtzen dituzten oztopoez ohartarazi ondoren, adierazpenak UNAIDS programaren helburuak aipatzen ditu: “GIBarekin bizi diren pertsonen % 90ek beren egoera serologikoa ezagutzea, erretrobirusaren aurkako tratamendu jarraitua jasotzea eta birus-karga detektagaitza izatea”.

 

Nafarroari dagokionez, honako hau azpimarratzen da: 2017an GIBaren 41 diagnostiko berri egin ziren, eta azken bost urteetan (2013-2017) diagnostikoak guztira 217 izan dira, horietatik % 89 egin zaizkie 15-54 urte bitarteko pertsonei eta % 41 egin zaizkie 35 urtetik beherakoei, eta horien artean % 48 emakumeak dira. Diagnostiko kopuruaren gorakada (2016an baino 7 kasu gehiago detektatu dira) sexu bidezko transmisioari egozten zaio. Prebentzioaren bidez ekidin daitekeen infekzioa izanik, estatistika hori “ikaragarritzat” jotzen da.

 

Abenduaren 1ean Hiesaren aurkako Mundu Eguna ospatzen dela eta, Nafarroako Parlamentuak, lehengo astelehenean, hilak 26, adierazpen instituzional bat onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Ek sinatu dute, eta horren bidez Parlamentuak konpromisoa hartzen du hartutako immunoeskasiaren sindromearen (GIB-hiesa) aurkako borrokaren arloan lanean ari dien GKEak aintzat hartzeko, babesteko eta haientzako behar adinako ekarpen ekonomikoa egiteko.


Eledunen Batzarrak onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“l. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du alor horretan lanean ari diren GKEak aintzat hartu eta babesteko eta haientzako behar adinako ekarpen ekonomikoa egiteko.

 

2.- Nafarroako Parlamentua Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Dekretua Skolaeren bitartez nahiz gizarte-ongizatearen beste esparru batzuetan modu orokorrean eta lehenbailehen aplikatzeko giza baliabideen eta baliabide materialen hornidura jartzearen alde dago.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak GIBari buruzko berariazko prestakuntza sustatuko du irakasleentzat eta arlo soziosanitarioko langileentzat, bereziki Oinarrizko Laguntzakoentzat.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du GIBa ‘eritasun infekto-kutsakor’ gisa sailkatzeari uztearen alde egiteko.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du 16/2012 Errege Lege Dekretua indargabetu dadila eskatzeko”.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du GIB-hiesaren kontrolerako programa berreskuratzeko, erreferentea baita herritarrentzat eta funtsezkoa baita adierazpen honetan jasotako aldarrikapen guztiak egituratu, koordinatu, sustatu eta bultzatzeko.

 

1. eta 3. puntuak aho batez onetsi dira, eta 2., 4., 5. eta 6. puntuak UPN eta PPNk kontra bozkatuta onetsi dira.