Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Urriak 2

Nafarroako Parlamentuaren 2018ko ekitaldirako aurrekontu proiektua onetsi da

13.703.081 eurokoa da, eta horrekin 2017ko aurrekontu bateratuaren gastu-mailari eusten zaio

Eledunen Batzarrak Nafarroako Parlamentuaren 2018rako aurrekontu proiektua onetsi du. Aurrekontu proiektua 13.703.081 eurokoa da, eta horrekin 2107ko aurrekontu bateratuaren kopuru orokorraren gastu-mailari eusten zaio. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatu dute. PSN eta PPN abstenitu dira eta UPNk aurka bozkatu du.

 

Eragiketa arrunten baturak % 2,4 egiten du gora, 12.672.199 eurora arte; kapital-eragiketek, aldiz, % 22,5 egiten dute behera, 1.030.882 eurora arte. Transferentzia arruntek % 3,2 egiten dute gora, eta 12.669.329 eurokoak dira; kapital-transferentziek, aldiz, % 20,8 egiten dute behera, eta 1.000.275 eurokoak dira.

 

I. kapituluak, “Langileen gastuak” izenekoak, 7.335.270 euro dauzka, eta gastuen aurrekontu osoaren % 53,5 egiten du. % 2ra bitarteko igoera orokor baterako aurreikuspena aplikatu da, 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen proiekzioari jarraituz.

 

II. kapituluan, “Gastu arruntak” izenekoan, gastuaren % 2,2ko jaitsiera jasotzen da aurreko ekitaldiko behin betiko aurrekontuarekin alderatuta; kapituluaren guztizko gastua 2.231.360 eurokoa da, eta guztizkoaren % 16,3 egiten du.

 

IV. kapituluak, “Transferentzia arruntak” izenekoak, 3.105.570 euroko guztizko gastua aurreikusten du 2018rako; kopuru hori, besteak beste, talde parlamentarioentzako diru-laguntzetara bideratzen da (lehengo ekitaldiko kopuru bera izanen dute). Kapitulu honek, halaber, unibertsitateekiko hitzarmenak biltzen ditu, bai eta Sahararen aldeko talde parlamentarioen arteko taldearen diru-laguntza eta herriaren legegintza-ekimenei dagokiena ere. Gainera, partida bat mantendu da egin litezkeen hitzarmen berrietarako, eta beste partida bat sortu da Nafarroako Parlamentua alderdi izan daitekeen epai edo auzietatik etor litezkeen kalte-ordainei aurre egiteko.

 

Azkenik, VI. kapituluak, “Inbertsioak” izenekoak, 835.010 euro dauzka. Zenbateko hori guztizko gastuaren % 6,1 da, eta horrek % 24,5eko jaitsiera dakar (271.463 euro) aurreko ekitaldiko aurrekontuarekiko. VIII. kapituluak, “Aktibo finantzarioak” izenekoak, 57.795 euroko gastua dauka.

 

Nafarroako Parlamentuaren 2018rako proiektu estrategiko gisa, honako hauek jaso dira: ikus-entzunezkoen eta bozketen sistema berritzeko proiektuaren bigarren faseari dagozkion inbertsioak (haren lehen atala 2017ko ekitaldian zehar baimendu da, eta betearazteko dago), administrazio elektronikoa ezartzeko proiektua eta azpiegiturak eta baliabide informatikoak birtualizatzeko proiektuaren jarraipena.

 

- Eledunen Batzarrak Nafarroako Arartekoaren Bulegoaren 2018rako aurrekontu proiektua onetsi du. Aurrekontuen zenbatekoa 753.924,10 eurokoa da; hau da, 2017koa baino 1.524 euro txikiagoa.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute Kontuen Ganberaren 2018rako aurrekontu proiektuaren berri izan dutela. Aurrekontu proiektu hori 2.589.990 eurokoa da.

 

Nafarroako Parlamentuaren 2018ko ekitaldirako aurrekontu proiektua berehala igorriko zaio Nafarroako Gobernuari, hartara ezarritako prozedura betez, horren arabera urriaren 1a baino lehenago igorri behar baitio.