Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Urriak 23

Nafarroako Parlamentuarentzat onartezina da Konstituzioaren 155. artikulua abian jarri izana

Legebiltzarrak gaitzesten ditu “Katalunian herritarren eskubide politikoak bertan behera uztea” eta Muqdishoko azken ekintza terroristak, eta elkartasuna adierazten dio Somaliako herriari

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa adierazten baitizkio Somaliako herriari, eta gogor gaitzesten ditu Muqdisho-n urriaren 14an izandako ekintza terroristak. PSN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Hona adierazpenaren testua:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa adierazten dizkio Somaliako herriari, eta gogor gaitzesten ditu Muqdisho-n (Somaliako hiriburua) urriaren 14an izandako ekintza terroristak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak, Somaliarentzat latzak diren une hauetan, bere doluminik zintzoena helarazten die biktimei nahiz herrialde horretako herri osoari eta agintariei.

 

3. Nafarroako Parlamentuak erabat gaitzesten du indarkeria terroristaren molde oro, eta giza eskubideen adierazpen unibertsalean jasotzen diren balioen defentsa berresten du.”

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu erabaki onartezina dela Konstituzioaren 155. artikulua abian jarri izana. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenaren aldeko botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Konstituzioaren 155. artikulua abian jarri izana Kataluniarentzat —horren bidez, Espainiako PPren Gobernuak, Erregearen babesarekin eta PSOE, Ciudadanos eta UPNren laguntzarekin, esku hartzen du Kataluniako autogobernuan— erabaki onartezina da; izan ere, herritarren eskubide politikoak bertan behera uzten ditu, hala nola autogobernua, eta horren ondorioz sortu den egoeran Kataluniako herritar guztiak dira biktima nagusiak.

 

Elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa dira arazo politikoak konpontzeko bide baliagarriak”.