Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Urriak 4

Nafarroako Poliziei buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi da

Polizia eredu modernoa eta erreferentziakoa antolatu nahi da, duela urtebete Gobernuari itzulitako proiektua oinarri, sindikatuekiko negoziazioan lortutako akordioak gehituta

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Nafarroako Poliziei buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du gaur. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (3) eta PSNk aldeko botoa eman dute, eta UPN, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (4), PPN eta I-E abstenitu egin dira.

 

Geroa Bai eta EH Bilduk bultzatutako lege proposamenaren helburua da 15/2015 Foru Legearen bidez “txertatutako aldaketak aplikatzean sortu diren arazoak” konpontzea, polizia eredu “modernoa eta erreferentziakoa” antolatu ahal izateko, 2017ko urriaren 19an Gobernuari itzuli zitzaion proiektua oinarri, APF, SPF eta SPMP sindikatuekin egindako negoziazioko akordioak gehituta.

 

Horri dagokionez, erregulazio behar bezain malgua aldezten da, Nafarroako Polizien eraginkortasun osoa bermatzea ahalbidetuko duena, horrela lortuko baita pixkanaka eskumen gehiago hartzea, eskumen osoak kasu askotan, horrek kalterik eragin gabe zerbitzuaren prestazioari.

 

Funtzio polizialaren berezitasuna dela-eta, barne-estatutu propio eta bereizia ezartzen da, Foru Komunitateko errealitate sozialaren araberako antolaketa ahalbidetuko duena. Zerbitzua bi hizkuntza ofizialetan eman dadin bermatu nahi da, eta gero eta emakume gehiago egon daitezen, baita aginte eta ardura postuetan ere.

 

Horiek horrela, Nafarroako Polizia abangoardia izan dadin pertsonen oinarrizko eskubideen babesean eta defentsan, sakonean aldatzen dira egungo ereduaren zenbait alderdi, hala nola ordainsariak, lanaldiak eta lan ordutegiak, diziplina araubidea, sarrera eta igoera.

 

Lanaldiei eta lan ordutegiei dagokienez, beharrezkotzat jotzen da lan egutegiak polizia lanaren operatibitate eskakizunetara egokitzea, eta azaltzen da, “berehalakotasuna, malgutasuna eta disponibilitatea” beharrezkoak direnez, zenbait unitateren araubidea ez dela izanen gainerako funtzionarioek betetzen dutenaren parekoa.

 

Adierazten da, horren haritik, lan egutegi eta koadranteak aldatu ahalko direla kasu berezietan eta behar bezala arrazoituta, larrialdiko beharrizanei, segurtasun publikokoei edo prestakuntzakoei jarraituz. Betiere, lanaldien % 5 izanen da aldaketa horien gehieneko muga.

 

Nolanahi ere, lanaldiei eta lan ordutegiei dagokienez xedatutakoa ez da joanen Nafarroako toki entitateekin foru legeak indarra hartzen duenean lortuak diren hitzarmen eta akordio kolektiboen kaltetan.

 

Ordainsarien araubidean, tarte batzuk ezartzen dira, baina legea erregelamenduz garatzen denean zehaztu behar dira zenbatekoak. Gobernuak urtebeteko epea izanen du horretarako, ordainsariei ez ezik, prestakuntzari, lanpostuak betetzeari, bigarren jarduerari, lanaldiei eta ordutegiei dagokienez. Dena den, asmoa da ordainsarietarako esparru berria ezartzea “polizia lanari duintasuna emateko”, eta “proportzionaltasun, hierarkia eta berezitasun” printzipioak nagusi dituen lansari-sistema finkatzea.

 

Arlo horretan, Foruzaingoko langileen soldata-baldintzak mantentzeari eta berreskuratzeari buruzko xedapen gehigarri bat dago foru legean, horren aplikazioaren ondorioz foruzainen baten ordainsariak txikiagoak balira ere. Beraz, egungo ordainsariak ez gutxitzeko bermea ezartzen da, eta berme horretan ez Foruzaingoko langilerik, ez brigadarik ez da baztertzen.

 

Gainera, 15/2015 Foru Legea aplikatzearen ondorioz ordainsarietan galerak izan dituzten Foruzaingoko unitateek gutxienez ere lehengo ordainsari horiek berreskuratuko dituzte. Horretarako igoera izanen dute lanpostuko osagarrian, prestasun bereziko osagarrian eta burutzako osagarrian. Kanpo uzten dira Agintariak Babesteko Brigadari atxikitako langileak.

 

Bi kasu horietan, kalkuluetan ez da kontuan hartuko proba fisikoen konpentsazioagatiko ordainsari gehikuntza (oinarrizko soldataren % 17), ezta Foru Administrazioko langile guztientzat, oro har, etorkizunean oinarrizko soldatan ezartzen diren igoerak ere.

 

Ordezkaritza sindikalarekin lortutako akordioen ondorioz, kendu egiten da goragoko lanpostu bateko eginkizunetan jarduteagatik jasotzen zen konpentsazio-osagarria, eta Nafarroako Polizietako langile guztientzat berariazko osagarriaren zenbatekoa % 45 izanen dela ezartzen da. Horrez gain, burutzako osagarriaren zenbatekoa ez da % 10etik beherakoa izanen ez eta % 20tik gorakoa ere. Bestalde, oinarrizko ordainsarietatik kentzen dira gradua eta antzinatasuna. Eta destino bakoitzaren ezaugarri bereziak saritzen dituen lanpostuko osagarriari dagokionez, “nekagarritasuna eta malgutasuna” gehitzen dira kontuan hartu beharreko faktore gisa.

 

Horrez gain, prestasun bereziko osagarri berria ezartzen da, egiaz “dedikazio osoa eta lokalizazio etengabea” behar dituzten lanpostuetarako. Eta bigarren jarduerako egoera administratiboko osagarri pertsonal iragankorrari dagokionez (gutxienez 55 urte dituztenek jaso dezakete), konpentsazio hori ordainduko da langilearen baldintza fisikoak edo psikikoak gutxitzea bada egoera horretara pasatzeko arrazoia (aldizkakoak ez diren ordainsariak ere kontuan hartzen dira kalkuluan).

 

Testuinguru horretan, lanpostuen baloraziorako azterlanak egiten ez diren bitartean, Tokiko Poliziek txandakako laneko % 6ko osagarria jasoko dutela ezartzen da.

 

Diziplina araubidea beste polizia autonomiko batzuetan (Ertzaintza eta Mossos d’Escuadra) indarra duenaren parekoa izatea erabaki da. Sindikatuekiko negoziazioaren ondorioz zenbait aldaketa jaso dira, ordea; besteak beste, falten preskripzioari dagozkionak: falta oso astunak 3 urtera preskribatuko dira (lehen, 6 urtera), astunak urtebetera (lehen, 2 urtera), eta arinak hiru hilabetera (lehen, 2 hilabetera).

 

Halaber, kendu egin da diziplina falta hau: “zerbitzua emateko eragozpen larria sortzen duten edo haren irudiari kalte egiten dioten adierazpen publikoak egitea pertsonei edo komunikabideei”.

 

Ildo beretik, zehapenen preskripzio epeak laburtu egiten dira: falta arinen zehapenak hiru hilabetera preskribatuko dira, falta astunenak urtebetera eta falta oso astunenak hiru urtera.

 

Beste alde batetik, lanaldia hamabiren bat laburtzeko modalitate bat ezartzen da, Nafarroako Administrazio Publikoetako gainerako funtzionarioentzat ezarritako baldintza berak dituena. Ez dute modalitate horretarako aukerarik izanen proba fisikoak egiteagatik orduen konpentsazioa hautatzen duten foruzainek.

 

Erretiro aurreratua dela eta, Nafarroako Gobernuaren konpromisoa jasotzen da, alegia, foruzainen erretiro-adina aurreratzearen eraginkortasuna aurrekontuan gaitzekoa, eta horretarako 6 hilabeteko epea ematen zaio, Gobernu zentralak 2018. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko 6/2018 Legean aurreikusita dagoen dekretua onesten duenetik hasita (Nafarroako Foruzaingoari erretiro-adina murrizteko koefizienteak onartzen dizkion Errege Dekretua).

 

Nafarroako Tokiko Polizietako funtzionarioak Foruzaingoan sartzea borondatezkoa izanen da, eta Segurtasun eta Larrialdi Eskolak egokitzat jotzen dituen probak eta gaikuntza-ikastaroak gainditu beharko dira horretarako.

 

Nafarroako Polizietako edo horien arteko sarrera eta igoera prozeduretan, deialdia egiten duen administrazioan sartzeak berekin ekarriko du ordura arte betetako lanpostuari uko egitea, bai eta, sarrera prozeduren kasuan, lanpostua gorde gabeko borondatezko eszedentziaren egoeran geratzea ere.

 

Deialdietan lanpostu hutsik gelditzen bada, lanpostu horiek eskaini ahalko zaizkie, deitutako enplegutik maila bat beherago dauden langileei ez ezik, bi maila beherago daudenei ere, betiere eskatzen den ikasketa titulua badute eta gutxienez hamar urte eman badituzte egiazko zerbitzuan.

 

Proba fisikoak egiteagatiko konpentsazioaren gaineko aukerari eusten zaio —konpentsazio ekonomikoa ala orduen konpentsazioa izan— eta aukera hori lau urtez behin aldatu ahalko du foruzain bakoitzak, foruzain izaera foru legeak indarra hartu ondoren eskuratzen dutenek izan ezik, horiei automatikoki aplikatuko baitzaie konpentsazio ekonomikoa.

 

Foru legean ezartzen diren populazio ratioak betetzea (aldaketa demografikoak bi legealditan behintzat mantentzea eskatzen da) langile-gastuei buruzko oinarrizko arauek xedatzen dutenaren mendean egonen da. Baina, arau orokor gisa, 7.000tik 10.000 biztanle arteko toki entitateek 6 agente eta lehen agente bat izanen dituzte gutxienez. Eta 10.000 biztanletik gorakoek 12 agente eta 3 lehen agente, gutxienez.

 

7.000 biztanle eskubidedun edo gehiago dituzten Nafarroako toki entitateek Tokiko Poliziak sortu ahalko dituzte. Dena den, Nafarroako Gobernuak baimena eman dezake bestelako egoeretan Tokiko Poliziak eratu edo mantentzeko, herritarren segurtasuna dela-eta beharrezkoa edo komeni denean.

 

Gainera, toki entitateek Nafarroako Gobernuarekin hitzartu ahalko dituzte beren Tokiko Polizien eginkizunak edo Tokiko Polizia Zerbitzuarenak Nafarroako Foruzaingoak bere gain hartzea. Zerbitzu horri atxikita dauden Nafarroako Foruzaingoko langileek beren mendekotasun organiko eta funtzionala mantenduko dute, baita beren jatorrizko betebehar eta eskubideak ere. Horretarako sinatzen den hitzarmenak honakoak jasoko ditu, besteak beste: indarraldia, baliabide pertsonalen eta materialen identifikazioa, zer arau, baldintza eta antolamendu izanen dituen zerbitzuak, finantzaketa eta likidazioa barne.

 

Nafarroako Poliziek langile tekniko eta fakultatiboak eduki ahalko dituzte, poliziako langileek, edukia dela-eta, bete behar ez dituzten edo betetzerik ez duten eginkizunak betetzeko. Langile horiek kasuko poliziako burutzaren menpe egonen dira eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan xedatutakoari lotu beharko zaizkio.

 

Nafarroako Poliziei buruzko Foru Lege proposamena presako prozeduraz izapidetzen ari da. Aintzat hartu ondoren, irizpena eginen zaio Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Batzordean, eta gero berriz eramanen da Osoko Bilkurara behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.