Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Azaroak 15

Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa arautzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi da

Administrazioei erreklamatu ahal izateko modukotzat aitortzen du etxebizitza duinerako eskubidea, eta ordezko gisa errentamenduagatiko kenkarien sistema ezartzen du

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa arautzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Ek alde bozkatu dute, eta UPN abstenitu egin da eta PPNk aurkako botoa eman du.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-E taldeek bultzatutako foru lege proposamen horren xedea da “berariaz aitortzea Foru Komunitatean erroldatuta dagoen pertsona orok etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea duela, administrazio publikoei erreklamatu ahal izateko modukoa”.

 

Etxebizitza eskuragarririk ez badago, eskubide horren gauzatzea bermatuko da errentamenduagatiko kenkari fiskalen sistema baten bitartez; kenkari horiek aurrez ordainduko dira, lege horretan eta PFEZari buruzko Foru Legearen testu bateginean ezarritakoari jarraituz.

 

Prestazioak bi modalitate ditu. Bata emantzipazioa lortu beharrari lotuta dago, eta, beraz, 23 eta 30 urte arteko gazteentzat da, baldin eta haien errentak (salbuetsiak barne) ez badira 20.000 euro baino gehiagokoak, edo, eskatzailea familia-unitate bateko kidea izanez gero, kide guztien errentak batera 30.000 euro baino gehiagokoak ez badira.

 

Bestea etxebizitza eskuratzeko nahiko baliabide ekonomikorik ez izateari lotuta dago, eta iraunkorra izanen da, diru sarrerak Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna (ERREGEROSNA) adierazlearen 1,7 halako baino txikiagoak diren bitartean.

 

Gainera, etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan inskribaturik egon beharra dago urtebeteko edo gehiagoko antzinatasun etengabearekin, urtarrilaren 1ean, errentamenduaren edo erosketa-aukeradun errentamenduaren modalitatean; hori ez da eragozpena izanen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren hogeita zazpigarren xedapen iragankorrean 2019. eta 2010. urteetarako ezarritakorako. Edo Gizarteratze-etxebizitzen Programako onuradun izan beharra dago, errentamenduan, bi urteko edo gehiagoko antzinatasunarekin, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean.

 

Horri dagokionez, aipatutako eskubidearen aitorpenerako egutegi gradual bat jasotzen du legeak, behar diren baliabide ekonomikoen, materialen eta antolamenduzkoen zuzkiduraren araberakoa.

 

Kenkari-modalitate desberdinak bateraezinak izanen dira elkarrekin, eta kenkari guztiak bateraezinak izanen dira etxebizitza alokatzeagatiko kenkariarekin, zeina PFEZari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 62.2 artikuluan ezarrita baitago; Nafarroako Gobernuak alokairu-gastuen ordainketarako emandako larrialdiko laguntzekin edo laguntza bereziekin; eta etxebizitza babestuak edo Alokairu Poltsari atxikitakoak errentamenduan hartzeko aurreikusitako diru-laguntzekin.

 

Testuinguru horretan, etxebizitzaren eginkizun soziala azpimarratzeko betebehar batzuk ezartzen dira, besteak beste, etxebizitza babestuak turismorako alokatu ezin izatea; eta baliabideen erabilera jasangarriari begira, eraikinen ebaluazio-txostena egiteko betebeharra familia bakarreko etxebizitzetara ere hedatzen da. Ildo beretik, bizigarritasun-zedula ez berritzea arau-haustetzat hartua izatera pasatzen da, nahiz eta, momentuz, pertsona juridikoen kasuan soilik.

 

Bestalde, etxebizitza babestuen eskualdatzearen kasuan Administrazioak lehentasunez eskuratzeko daukan eskubidearen baliatzea errazte aldera, ahalmena ematen da etxebizitza-eskatzailea balizko erosle gisa izendatzeko, etxebizitzaren arloan eskuduna den departamentuak beharrezkotzat jotzen duenean hori, dela merkatuko beharrizanengatik, dela gehiegizko prezioak ekiditeko.

 

Era berean, etxebizitzarako eskubideari merkatu librean dauden onura eta prerrogatibez harago esleitu zaizkion berme prozesal eta substantiboen eremuan berriz ere, etxebizitza babestua hipoteka-betearazpenen aurka blindatuta egonen da, baldin eta titularrak, etxebizitza babestua galtzeaz gainera, berriro hutsetik abiatzea eragozten dion zorrarekin jarraitzen badu. Ordainean ematearen bidez eskuratutako etxebizitzaren kasuan baizik ez du titular berriak eskubidea edukiko etxebizitza babestua orokortasunez ezarritako gehieneko prezioan berriro ere eskualdatzeko. Bestela, % 50era murriztuko da.

 

Kudeaketaren eta erregulazioaren arloan, eremu behartsuen mapa egitea proiektatzen da, etxebizitzari buruzko politika publikoetarako gida moduan balioko duena etorkizunean, eraikuntza-premietan ez ezik, ekonomikoetan eta sozialetan ere oinarrituta.

 

Eremu berean, halaber, etxebizitza eta zaharberritze babestuaren arloko oinarrizko erreferentzia izandako Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoaren ordez, Nafarroako ekonomiaren datu objektiboetan oinarritutako adierazle berri bat ezartzen da, Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna (ERREGEROSNA).

 

2017ko ekitaldi fiskalerako, ERREGEROSNAren balioa 8.120 euro izanen da, eta 2018ko ekitaldirako, 8.266,16 euro. Hurrengo ekitaldi fiskaletarako, haren zenbatekoa urtero eguneratuko da urtarrilean, honako hauen arteko baliorik handiena hartuta: aurreko urtean KPIak izandako urteko batez besteko igoera, eta Nafarroako batez besteko soldatena.