Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Apirilak 12

Osoko Bilkurak Ultzamako biometizazio plantari buruzko Ikerketa Batzordeak onetsitako ondorioak balioztatu ditu

Irizpenak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Eren ekarpenak biltzen ditu eta irregulartasunak frogatutzat ematen dituzte, UPN, PSN eta PPNk berriz guztia legaltasunaren barnean egin dela irizten dute

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak onetsi du gaur, UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek bultzatuta 2017ko maiatzaren 30ean sortutako Ikerketa Batzordearen ondorioen irizpena, Ultzamako biometizazio planaren inguruko ekintzak legaltasunaren barnean zeuden edo ez ikertzeko.

 

Irizpenak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren ekarpenak osorik biltzen ditu, 93 hain zuzen ere, eta “Iruñeko instrukzio epaitegira, Kontu Auzitegira, Ultzamako Udalera, Sodenara eta Kontuen Ganberara bidaltzea da asmoa, erantzukizunak zehazteko elementu berriak dituela uste baitute”. UPN, PSN eta PPNk aurka bozkatu dute.

 

UPN eta PSNren ondorioak irizpenetik kanpo gelditu dira Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin. Biak, hala ere, boto partikular gisa mantentzen dira Osoko Bilkurako eztabaida eta bozketan. PPNk ez du ondorio dokumenturik aurkeztu, eta UPN eta PSNrenetan abstenitu egin da. Hauen dokumentuak babesik gabe baztertu dira, UPN eta PSN abstenitu baitira besteenean.

 

Ondorioei dagokienez, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek bat egiten dute, uste baitute Ikerketa Batzordeak frogatu ahal izan duela arlo pribatuari zegokion ekintza bat, minden trataera alegia, udalak bereganatu zuela. Hala ere, egoera hau auzitegiek zehaztu beharko dute. Hori dela eta, txostena Iruñeko 1. Instrukzio Epaitegira bideratu da, “egun ikerketa objektu diren ekintza batzuei, ekintza berrien ekarpena egiteko”.

 

Ikerketa Batzordeak frogatutzat ematen du estrategia bat diseinatu zela obra berdinagatik Nafarroako Gobernuko bi departamentutatik diru-laguntzak jasotzeko, eta horretarako, inbertsio bererako bi kontzeptu desberdin erabili ziren”.

 

Batzordeak, beraz, diru publikotik hiru milioi euro xahutu direla azpimarratzen du, eta ulertzen du “diru laguntza hauek kobratzea eta honetarako egindako planifikazio guztia Zigor Kodeko 308. artikuluko diru-laguntzen iruzur delitu bat dela”.

 

Gainera, batzordeak ondorioztatu du Patxi Pérez Arregui alkate ohiaren “jarrerak” planta honen proiektu eta proiektuaurreraren esleipen “zuzenean” prebarikazio delitu bat suposatzen duela.

 

UPN eta PSNren ekarpenak ondorio irizpenetik kanpo gelditu ziren Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta PPNren abstentzioarekin. Biak, hala ere, boto partikular gisa mantendu dira Osoko Bilkurako bozketarako.

 

UPNk, bere ondorioetan zehazten du, “momentu oro indarrean dagoen legaltasuna bete dela, bai plantaren kontratazio eta exekuzioan, baita diru-laguntzetan, zerbitzua udalaren menpe egoteko prozesuan eta ondorengo bahiketan ere” .

 

Hori dela eta UPNk uste du Ikerketa Batzordea “lauko gobernua osatzen duten alderdiek maneiatuta dagoela, batez ere EH Bilduk. Ez du inoiz egia ezagutzeko asmorik izan, baizik eta susmo klima bat sortzeko, beste alderdi politikoetako ordezkariak gutxiesteko”.

 

UPNk gainera ohartarazten du “horretarako, erakunde publikoak erabili direla, baita Nafarroako Gobernua ere. Foru Exekutiboko kideek prozedura juridikoak engainuz erabili dituzte, Ultzamako plantan zituzten interes politikoak babesteko ilegaltasun itxura emanez”.

 

UPNk gogorarazi du 2017ko uztailaren 5ean Ultzamako Plantaren txostena ikertzeko ardura zuen fiskalak “Kontuen Ganberako Lehendakariak eskatuta afera artxibatu eta izapideak hastea baztertu zuen. Behin zigor izapideak baztertuta, Ikerketa Batzordeak ez zuen zentzurik”.

 

UPNk azkenik, azpimarratu du Batzordeak “ez duela egiaztatu baino egin, ikertzeko objektu ziren administrazioen ekintzak zuzenak zirela”.

 

PSNk, bere aldetik, irregulartasun faltarik ez dagoela adierazi du, nahiz eta onartu duen “fakturazioaren bikoizketa egon zela, Nafarroako Gobernuko bi departamentutan sortzapenak aurkeztu baitziren kontzeptu berdinarengatik, eta Landa Garapeneko departamentuan ez zen kontrolik izan. Hau bere garaian detektatu balitz, ez ginateke horrela egongo”.

 

Eraikuntzaren esleipena eta Biometizazio Planta Lavenger SL enpresari esleitzeari dagokionez, ziurtatzen da “ezin izan dela frogatu mesede tratua egon ote zen, lehiaketara aurkeztutako beste enpresa egun desagertuta baitago”.

 

Ultzama Bioenergia SA-ri buruz, Ultzamako Udalak plantaren kudeaketa haiengan delegatu baitzuen, azpimarratzen da “interes gatazka handiak egon zirela. Udalak egoera hau detektatzeko betebeharra zuen, baina bete ez zuenez, plantaren degradazio motel baina sakon batera eraman zuen”.

 

Era berean, egiaztatzen da “Ultzaman erabilitako teknologia zuzena izan zela. Planta baldintza honetan martxan hasi zen, bizilagunek erakutsitako behar bati erantzunez, baina agian hobe litzateke udalerri guztiekin Mankomunitate bat sortzea”.

 

Azkenik, nabarmentzen da “Ultzamako Korporazioa 2015ean sartu zela gobernuan (EH Bildu) eta bere aurrekoen gisan jardun zuela, profesionaltasunik gabe. Planta hiltzen utzi zuen. Ez zen negozio planik egin, eta plantaren itxiera udalarentzat irtenbide okerrena zela ere ez zuten ikusi”.

 

Osoko Bilkurak onetsitako ondorioak ez dira Auzitegientzat lotesleak eta ez dute epai judizialetan eraginik, baina Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuak eta Foru Diputazioari komunikatuak izango dira.

 

Parlamentuko Mahaiak hilaren 22an onetsitako arauekin bat, Batzordeak ikergai izanen ditu “Iraizotzen (Ultzama) abereen mindetan oinarrituta elektrizitatea ekoizteko planta bat egiteko obra publikoaren eta horren geroko ustiaketa egiteko kontzesioaren prozedura, proiektu teknikoak, kontzesioa Bioenergía Ultzama SAri laga izana, zinegotzi batzuek enpresa horretan parte hartu izana bazkide gisa, jardueraren nondik norakoa eta plantaren itxiera, bai eta Nafarroako Gobernuko departamentuek diru-laguntzen bidez emandako funts publikoen erabilera eta xedea ere”.

 

Ikerketa batzordeak bere eginkizunak amaitu arte dihardu lanean, kasuak kasu, legegintzaldi amaiera arte.

 

Maiorga Ramírez buru dutela, honako kide hauek izan dira ikerketa batzordean: Sergio Sayas, Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN talde parlamentarioa), Unai Hualde, Patxi Leuza (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa), Rubén Velasco, Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Guzmán Garmendia, Santos Cerdán (PSN talde parlamentarioa), Javier Garcia (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).