Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Maiatzak 16

Parlamentuak Ana Clara Villanueva, Rafael Lara eta Eduardo Santos hautatu ditu Nafarroako Kontseiluko kide izateko

PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek proposatu dituzte ospe handiko legelari gisa, eta Foru Erkidegoko organo aholku-emaile nagusian sartuko dira 8 urteko agintaldi bakarrerako

Parlamentuaren Osoko Bilkurak Ana Clara Villanueva, Rafael Lara eta Eduardo Santos hautatu ditu gaur Nafarroako Kontseiluko kide berri gisa. Kontseilu hori Foru Komunitateko organo aholku-emaile gorena da, eta bost kidek osatzen dute. Kide horien izendapena 8 urte arteko agintaldi bakar baterako da, eta Ganberaren gehiengo osoaren bermearen mende dago.

 

Bozketa bereizietan aukeratuak izan diren Larak (PSN), Villanuevak (Geroa Bai), eta Santosek (Contigo-Zurekin) euren hautagaitzak aurkeztu dituzten taldeen babesa jaso dute, EH Bildurenak gehituta (30 boto). UPNk babesa eman dio Iruñeko Abokatuen Elkargoak aurkeztutako Ezequiel Urdangarini, eta 15 boto lortu ditu. PPNk eta Voxek boto zuria eman dute (5).

 

Alberto Anderezen hautagaitza, Iruñeko Abokatuen Elkargoak aurkeztuta hori ere, bertan behera geratu da prozesuan zehar, berariaz uko egin diolako eta, ondoren, Foru Araubideko Batzordean agerraldia egin ez duelako. Batzorde horretan, gainerako hautagaiek bezala, merezimenduak azaldu behar zituen.

 

Aukeraketa boto-txartel bidezko hiru bozketa sekreturen bidez egin da, eta parlamentari bakoitzak hautagai bakarra jartzeko aukera izan du.

 

Rafael Lara González, José Iruretagoyena orain arte Nafarroako Kontseiluko presidente izan den Alfredo Irujo ordezkatuko duena, Merkataritza Zuzenbideko katedraduna da, merkataritza-kontratuetan eta sozietateen zuzenbidean oinarritutako ikerketa-jarduera luzearekin. Nafarroako Probintzia Auzitegian ere aritu da ordezko epaile gisa.

 

Ana Clara Villanueva, José Iruretagoyena bokalaren lekukoa hartuko duena, jarduneko abokatua eta NUPeko Administrazio Zuzenbideko irakaslea da. Zuzenbidean eta Praktika Juridikoko Eskolan lizentziaduna da, eta ordezko epaile-magistratu gisa ere jardun du Nafarroako Auzitegi Nagusian.

 

Eduardo Santos Itoiz, María Ángeles Eguskizaren kargua bere gain hartuko duena, Zuzenbidean lizentziaduna, abokatua eta bitartekaria da. NUPeko Zuzenbide Publikoaren arloan (2009-2014) eta Praktika Juridikoko Eskolan (2003-2016) irakasle lanetan aritu da, eta Zuzenbide Publikoaren arloko ikerkuntza-prestakuntza du. Foru parlamentari eta Podemoseko diputatu izan da, eta XI. eta XII. legegintzaldietan bere talde parlamentarioko Justiziako bozeramaile izanik, eta 2019-2023 bitartean Foru Gobernuko Justiziako kontseilari kargua izan du.

 

Nafarroako Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko kontsulta organo gorena da. Bere eginkizunak betetzean, Nafarroako Kontseiluak begiratuko du betetzen direla Espainiako Konstituzioa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa eta gainerako ordenamendu juridikoa. Bere irizpenek abaguneari eta komenigarritasunari buruzko balorazioak eduki ditzakete, gaiaren izaeragatik edo kontsulta egin duen agintariak berariaz eskatu duelako, eta, orobat, Administrazioak bere helburuak eraginkortasun handiagoz betetzeko bada. Era berean, Nafarroako Kontseiluak bere eginkizunak aurrera eramateko autonomia organiko eta funtzionala izanen du, bere objektibotasuna eta independentzia bermatuko badira.

 

Nafarroako Kontseilua bost kidek osatzen dute. Nafarroako Parlamentuak proposaturik eta gehiengo osoz hautaturik, Nafarroako Gobernuko lehendakariak izendatuko ditu kide horiek, entzute handia, gutxienez ere 15 urteko lanbide esperientzia eta nafartasun politikoa duten legelarien artean. Honako hauek proposatzen ahalko dituzte postu hutsak betetzeko izangaiak: a) Parlamentu-talde batek edo batzuek. b) Nafarroako abokatu-elkargoek edo, kasua bada, Nafarroako Abokatu Elkargoen Kontseiluak. c) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak.