Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Maiatzak 26

Parlamentuak badu hizkuntzaren erabilera ez-sexistarako gida bat

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren esparruan, komunikazio barne-hartzailerako estrategiez hornitu nahi dira Legebiltzarreko teknikari eta politikariak

Nafarroako Parlamentuak, Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren iragan asteleheneko bilkuran, oniritzia eman dio Hizkuntzaren erabilera ez-sexistarako gidari. Horren bidez, Legebiltzarreko teknikari zein politikariak komunikazio barne-hartzailerako estrategiez hornitu nahi dira, Nafarroako Parlamentuko 2016-19 urteetarako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planean jasotako ekimenen esparruan.

 

Hizkuntzaren erabilera ez-sexistarako bidean aurrera egiteko modua emanen duen irizpide komun bat taxutze aldera, gidak hainbat bitarteko, teknika eta orientazio eskaintzen ditu emakumeen kontra hizkuntzaren bidez egiten diren diskriminazio guztiak ezabatzeko, hala administrazioan nola hitzaldietan edo informazioetan.

 

Hizkuntza parlamentarioaren ikusmolde berri bat finkatu nahi da, ulergarritasuna eta genero-dimentsioaren errespetua uztartuko dituena, erabilera tradizionaletik urrunduz, hartara, errealitate sozial berri baina burutugabe bat aintzat harturik, emakumeak eta gizonak berdin ordezkatuko dituen hizkuntzaren erabilera sustatzeko.

 

Horren haritik, oraindik indarrean dauden harreman- eta komunikazio-arauak eraldatzearen aldeko konpromisoa agertzen du Parlamentuak, eta, Europar Batasunaren sorburuko balioekin bat etorriz, emakumeek pairatzen duten egiturazko diskriminazioa errotik erauzteko deia egiten du.

 

Hizkuntzaren erabilera ez-sexistarako gida abian jarri aurretik prestakuntza-lantegia eginen da, Nafarroako Parlamentuko langileek idatzizko nahiz ahozko hizkuntzaren erabilera sexista eta erdigunean gizona jartzen duena detektatzen ikas dezaten, baita euskaraz ere.

 

Legebiltzarra sinetsita dago bere ekimenak, erakundearen komunikazio-elementu guztietan (weba, oroitidazkiak, liburuxkak, gutunak eta abar) sexismo linguistikoa zuzendu ez ezik, hausnarketa gune bat sortzen lagunduko duela, hizkuntzan eta komunikazioan emakumeak diskriminatu eta baztertzeak pertsona guztientzat dakartzan ondorioez gogoeta egiteko.

 

Nafarroako Parlamentuko 2016-19 urteetarako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana bost ardatz estrategiko dituen dokumentua da, erakundearen antolaketari berari zein jarduera edo funtzio publikoaren antolaketari begirako 53 ekintza zehatzekin.

 

Sentsibilizazio eta prestakuntza jarraitua, denborak bateragarri egitea eta haien kudeaketa berria, generoaren inpaktu soziala, barne eta kanpo komunikazioa eta ordezkaritzaren arloko ekitatea dira ikuspegi barne-hartzaile eta zeharkako batetik egindako planaren funtsezko gunea.

 

Planak arau bidez heldu den eskakizun bati erantzuten dio. Hura dela eta, administrazio publikoek berariazko politikak erabili behar dituzte pertsonen berdintasuna errazteko; kasu honetan, plantillan eta talde parlamentarioetan. Azken helburua da berdintasuneko politiken erreferente bihurtzea gizartea osatzen duten gainerako erakundeentzat.