Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Urriak 9

Parlamentuak bat egiten du Adimen Osasunaren Nazioarteko Egunarekin eta Taxuzko Lana sustatzeko konpromisoa hartzen du

Legebiltzarrak saihestu du Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari babes "baldintzagabea" agertzea eta babesten du urriaren 12a Jai Nazional gisa eta Herri Indigenen Egun gisa ospatzea

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere laguntasun osoa eta baldintzarik gabeko babesa adierazi nahi baitizkie Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari, herritar guztien eskubideak eta askatasunak aldezteko eta babesteko beren lanean. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkako botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aldekoa.

 

Erabaki proposamenak honako hau zioen:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak bere laguntasun osoa eta baldintzarik gabeko babesa adierazi nahi dizkie Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari, herritar guztien eskubideak eta askatasunak aldezteko eta babesteko beren lanean; bereziki, subiranotasun nazionala, Zuzenbideko Estatua, demokrazia eta espainiarren arteko bizikidetza legezkotasun konstituzionaletik aldezteko eta babestekoan.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du beren kideak indarkeriazko ekintzen bidez pairatzen ari diren jazarpen sistematikoa, zein ere den horien atzean dagoen ideologia, eta orobat gaitzesten du ekintza horiek justifikatu, babestu edo gutxiesten dituen ekintza edo adierazpen oro; horrenbestez, arbuiatu egiten du elkarrekin bakean eta askatasunean bizitzearen aurka doan eta gure demokraziaren oinarriak ahuldu nahi dituen jokabide antidemokratiko oro.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak salatu egiten ditu giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararren eta kazetarien aurka Salé-ko (Maroko) Arlo Kriminaleko Salan egindako epaiketan izandako irregulartasunak eta berme-ezak. “Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan” taldeartekoak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak salatu egiten ditu giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararren eta Gdiem Izik taldeko kazetarien aurka Salé-ko (Maroko) Arlo Kriminaleko Salan egindako epaiketan izandako irregulartasunak eta berme-ezak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean nahiz Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean ezarritakoaren aurka, eta bere egiten ditu prozesuaren baldintzak ezagutzen dituzten gizarte erakundeek eta nazioarteko behatzaileek epaiketa hau dela-eta adierazitako irizpenak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari, Espainiako Gobernuari, Europako erakundeei eta nazioarteari eskatzen die Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan gerta litekeen giza eskubideen urraketa oro salatzen jarrai dezaten.

 

3. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten ditu “Bakea eta Askatasuna Saharar Herriarentzat” talde parlamentarioen arteko taldeak Mendebaldeko Saharako egoerari buruz kaleraturiko irizpenetan oinarritutako adierazpen instituzionalak, eta lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du, Nazio Batuek afera horri dagokionez eginiko ebazpenak betetzearen alde”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari berriro eskatzen dio Marokoko Erresumari exigi diezaion giza eskubideak zehatz-mehatz errespeta ditzan Sahara Mendebaldeko lurralde okupatuetan. “Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan” taldeartekoak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

"1.- Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari berriro eskatzen dio Marokoko Erresumari exiji diezaion Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan giza eskubideak zorrozki errespetatzeko eta sahararrek pairatzen dituzten eskubide-urraketak amaitzeko. Halaber premiatzen du aktiboki lan egin dezan Europar Batasunaren barruan, MINURSOk bere eginkizunen artean orobat edukitze aldera Mendebaldeko Saharan giza eskubideak betetzen direla zaintzea eta babestea. Aintzat hartu beharrekoa da Auzitegi Nazionalaren autoa, Espainiak potentzia administratzailearen eginkizuna duela gogorarazten duena.

 

2. Nafarroako Parlamentuak berriz ere dei egiten dio Espainiako Gobernuari estatus diplomatikoa eman diezaion Fronte Polisarioaren Espainiako Ordezkaritzari, saharar herriaren ordezkari zilegi bakar gisa, Nazio Batuen Erakundeak aitortzen duen moduan, eta halaber Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aitortua izan dadin”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Adimen Osasunaren Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizunarekin. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Adimen Osasunaren Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizunarekin eta herritar guztiei dei egiten die egun hori dela-eta antolatzen diren ekimenetan aktiboki parte har dezaten.

 

2. Nafarroako Parlamentuak adierazten du adimen osasunari lehentasuna ematearen garrantzia, eta horren ondorioz adimen osasunaren sustapen- eta prebentzio-politikak ezarri behar direla, herritar guztientzat eta bereziki haur eta nerabeentzat, arreta goiztiarra garatuz, patologia larriagoen sorrera ekiditeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten die buru nahasmendu larriak dituzten pertsonei, haien autonomia sustatu eta dituzten gaitasunak maila handienean garatzeko asmoz, bereziki gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonei begira.

 

4. Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten die buru nahasmendu larriak dituzten pertsonen senideei eta hurbileko pertsonei, egoera horrek eguneroko bizitzan sorrarazten ahal dizkien ondorioengatik.

 

5. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du gaixotasun mentala duten pertsonen gizarteratzea eta gizarte ongizatea laguntzeko, eta pertsona horien enplegua laguntzen jarraitzeko, kolektibo horren aldeko ekintza positiboen bidez.

 

6. Nafarroako Parlamentuak kezka berezia adierazten du gaixotasun mentala izan eta genero indarkeria pairatzen duten emakumeengatik, eta administrazio eskudunak premiatzen ditu are ikusezinago dagoen kolektibo horri begira diezaioten, dituen beharrizanei erantzun egokia emateko.

 

7. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du eta Nafarroako erakunde, enpresa, sindikatu eta komunikabide guztiak eta gizartea, oro har, premiatzen ditu begirada zabalagoa eskain diezaioten buru nahasmenduak dituztenen kolektiboari, eta hizkera inklusiboa erabil dezaten, gaixotasun mentala duten pertsonak gaizki tratatu edo umildu edo haiekiko estereotipoak edo diskriminazioko elementuak dituzten diskurtsoak, irudiak edo edukiak kendu edo ekidite aldera, estigmari aurka egin eta haien gizarteratzea erraztu ahal izateko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du taxuzko lanerako ingurune egoki bat sustatu eta sortzeko. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“I. Taxuzko lanerako ingurune egoki bat sustatu eta sortzeko konpromisoa, funtsezkoa baita handitzen ari den injustizia sozialak eta desberdintasunak gaur egun dakartzaten erronkei erantzuteko, eta aldi berean giza duintasuna sendotu eta guztion onura laguntzeko.

 

2. Politika publikoak egituratzeko beharra, Nafarroan, Europar Batasunean eta Nazio Batuen esparruan, helburu hori lortze aldera.

 

3. Dagoen egoera ikusarazi eta salatzeko konpromisoa, taxuzko lana eskuratzeko desberdintasunari eta horren ondorioz lan eskubideak galtzeari dagokienez”.

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten Arnaldo Oteguik egindako proposamena, Euskal Herriko Errepublika Konfederala sortzekoa. PPNk aurkeztu du.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkako botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aldekoa.

 

Erabaki proposamenak honako hau zioen:

 

Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu Arnaldo Otegiren hitzak, zeinetan sustatzen baita Euskal Herriko Errepublika Konfederal bat sortzea, Nafarroak, Euskadik eta Frantziako euskal probintziek osatuko luketena. Nafarroako Parlamentuak premiatzen du legezkotasuna eta Nafarroako estatus juridiko eta politikoa errespetatzera, eta Nafarroa Espainiaren barneko foru komunitate gisa defendatzearen eta aitortzearen alde agertzen da”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak urriaren 12a Espainiako Jai Nazional gisa opatzearekin bere konpromisoa agertu baitu. UPN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

UPNk, PSNk eta PPNk aldeko botoa eman dute; Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta I-Ek aurkako botoa eman dute; Podemos-ahal Dugu abstenitu da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak urriaren 12a Espainiako Jai Nazional gisa ospatzearekin bere konpromisoa adierazten du.

 

2. Nafarroako Parlamentuak herritarrak babestu eta animatzen ditu Espainiako Jai Nazional hori dela-eta eginen diren ekitaldietan parte har dezaten.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak urriaren 12a izendatzen du “Herri indigenen eta kultur aniztasunarekiko errespetuaren eguna”. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezquerrak alde bozkatu dute; UPNk eta PPNk aurka; PSN 1. puntuan abstenitu da, 2. puntuaren aurka bozkatu du eta 3. puntuaren alde bozkatu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak salatu egiten du kolonizatzaileek “Amerikaren aurkikuntza” deitutakoaren testuinguruan egindako genozidioa eta harrapaketa, eta bere konpromisoa adierazten du Ameriketako herri indigenen memoria eta kultura aitortu, ordaina eman eta berreskuratzearen alde, izan ere, herri horiek odolez eta suz kolonizatu baitzituzten europar konkistatzaileek.

 

2. Nafarroako parlamentuak urriaren 12a izendatzen du “Herri Indigenen eta Kultur Aniztasunarekiko Errespetuaren Eguna”, eta bere konpromisoa adierazten du urtero ospatzeko ekitaldi ofizial baten bidez, zeinetan herri indigenen memoria historikoa jasotzen den eta kultur aniztasunaren aberastasuna goraipatzen den.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bat egin dezan ekimen honekin eta parte har dezan ekitaldiaren antolakuntzan”.