Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Urtarrilak 19

Parlamentuak egoitzen kontrol tekniko eta ekonomikoa areagotu dezala eskatzen dio Nafarroako Gobernuari

Esleipena hartu duten enpresen proposamen teknikoa betetzen dela begiratzeko

Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran onetsi duen erabaki batean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “La Atalaya, Las Hayas, Valle del Roncal, Oncineda eta Infanta Elena egoitzetako enpresa-batzordeei helaraz diezaien egoitza bakoitzean esleipena hartu duen enpresaren proposamen teknikoa. Halaber, aipatu dokumentazioa helaraz diezaien Las Torchas, Vencerol, Iturrama, Mendebaldea, Zangoza, Tafalla eta Barañain etxebizitza funtzionaletako ordezkari sindikalei”. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aldeko botoa eman dute eta PPN abstenitu egin da.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan Nafarroako Gobernuari dei egiten zaio “La Atalaya, Las Hayas, Valle del Roncal, Oncineda eta Infanta Elena egoitzetan jarraipen-batzorde bat sor dezan, familia eta erabiltzaileen ordezkarien, enpresen, sindikatuen eta Gobernuaren artean, enpresek aurkeztutako proposamen teknikoa betetzen dela begiratzeko”. Puntu hori aho batez onartu da, baina aldez aurretik UPNk zuzenketa bat egin du, familiei eta erabiltzaileei ere ordezkaritza emateko.

 

Hirugarren atalean, bestalde, “zentro horietatik gutxienez ere bati izaera publikoa emateko” azterlan bat egin dezala eskatzen zaio Foru Gobernuari. Puntu horretan Geroa Bai abstenitu egin da eta UPNk eta PPNk aurka bozkatu dute. EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek puntu horri ere aldeko botoa eman diote.

 

EH Bildu parlamentu-taldeak sustatutako erabakiaren zioen azalpenean gogorarazten denez, Gobernuari eusten dioten lau indarrek sinatutako programa-akordioan dagoen konpromisoaren arabera “ikuskatze-lana areagotu behar da eta kontrol teknikoa eta ekonomikoa sendotu” (langileria-politikak), eta, horrekin batera, “pribatizatutako zerbitzu guztiak aztertu behar dira”, horiek berrantolatzeko eta pixkanaka “kudeaketa publikoaren esku berriro uztea planifikatzeko”.