Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Urriak 19

Parlamentuak esku-hartze sozialaren arloan lan-baldintza duinak bermatzeko eskatu dio Foru Gobernuari

Negoziazio-mahai bat eratzea proposatu du, hirugarren sektoreko prekarietate maila handiei aurre eginen dien hitzarmen bat taxutzeko

Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran aho batez onetsi duen ebazpen batean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “2017ko abendua baino lehen alda dezan 209/1991 Foru Dekretua, maiatzaren 23koa, azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legea garatzen duena, Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzkoa”.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuak eskatzen du, bestalde, negoziazio-mahai batean bil daitezela Nafarroako Gobernua, baliabide eta zerbitzu sozialen arduradun eta finantzatzaile nagusia den aldetik, sindikatuak eta sektoreko enpresa edo erakundeak, “egoera aztertzeko eta Nafarroa osoan lan-baldintzak arautuko dituen esku-hartze sozialeko foru hitzarmen bat taxutzeko”.

 

Era berean, jada hirugarren atalean aurreratzen denez, “alderdi guztiek Esku-hartze Sozialeko Hitzarmena sinatutakoan Nafarroako Gobernuak moldatu eginen ditu orain arte ezarritako lizitazio, hitzarmen edo itunak, lan-esparru berriari egokitzeko”.

 

Halaber, EH Bilduk eskatuta —gehitze-zuzenketa bat aurkeztu du eta PSNk, ekimenaren titularrak, onartu egin du—, honako hau zehazten da: “maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren aldaketa egin arte, hemendik aurrera egiten diren kontratuetan eta horiek berritzean erabiltzaile eta egun bakoitzeko langile kopurua ezarriko da, lanbide profil bakoitzeko urteko ordu kopuruaren eredua gaindituta. Zerbitzu orokorretako (jantokia, sukaldea, garbiketa…) ratioak lehengoratuko dira, eta ratioak igotzera joko da horren beharra detektatzen den lan profiletan”.

 

PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpen horren zioen azalpenean salatzen da esku-hartze sozialaren sektorean “lan-araubiderik ez dagoela —edo ia ez dagoela—” eta “prekarietate maila handiak” jasaten ari direla, eta gehitzen da sektore horrek berebiziko garrantzia duela ongizatearen estatua mantentzeko. Horri dagokionez, Nafarroako Gobernuaren jokabidea gaitzesten da: “lizitazio-orrietan eskaintza teknikoaren aldean eskaintza ekonomikoa lehenesten ditu, lan-baldintza duin batzuk nekez berma ditzaketen zenbateko batzuekin”.

 

Ildo horretan, 2015etik indarra duen Ekintza eta esku-hartze sozialeko lehen Hitzarmen Kolektiboa aipatzen da, eta Foru Gobernuaren jarrera gaitzesten da, “hitzarmen hori hobetu duten beste erkidego batzuek ez bezala, enplegu horiek are gehiago prekarizatzearen aldeko hautua” egin baitu, lehiaketak “zaharkiturik” dagoen dekretu bati lotuz —2919/1991 Foru Dekretua—.

 

Gogorarazten da, azkenik, arlo sozialeko langileetako asko hirugarren sektorean ari direla, “sektore oso feminizatua” bera, administrazio publikoek eskaintzen dituzten zerbitzuak ematen dituena, oro har, itun edo lizitazio bidez.