Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Apirilak 12

Parlamentuak ez ditu onartu UPNk, PSNk eta PPNk Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko Foru Lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak

GB, Bildu, Podemos eta I-Ek prebentzioaren, berrerabiltzearen eta birziklatzearen aldeko apustua nabarmendu dute, eta entzungor egin diete zerga, antolaketa eta kudeaketa neurrien inguruko kexei

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur baztertu egin ditu Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko Foru Lege proiektuari UPNk, PSNk eta PPNk aurkeztutako osoko zuzenketak. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak zuzenketen aurka bozkatu dute.

 

UPNk, PSNk eta PPNk elkarren osoko zuzenketen alde egin dute, baina babesa ez da nahikoa izan testua Gobernuari itzultzeko.

 

Gobernuak aurkeztu duen foru lege proiektuaren xedea da hondakinen sorrerari aurrea hartzea, hondakinen kudeaketa hobetzea, ekonomia zirkularraren arloan aurrera egitea eta klima-aldaketaren aurkako borrokan sakontzea, hori guztia Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planarekin bat etorriz, horrela, Foru Komunitateak dituen eskumenen esparruan, Europako araudian ezarritako helmugetara iristeko.

 

Xede horri begira beharrezkoak diren antolaketa-neurriak eta tresnak zehazten ditu lege proiektuak, hondakinen sorreraren prebentzioari eta hondakinen kudeaketa egokiari ekiteko. Hala, hondakinen sorrera murrizteko eta hondakinak berrerabileraren eta birziklapenaren bidez aprobetxatzeko pizgarriak ezartzen ditu, hondakinak errausteko edo hondakindegietan ezabatzeko pizgarriak kentzen ditu, eta azken bi praktika horien gaineko zergaren araubide juridikoa ezartzen du.

 

Proiektuaren asmo nagusien artean hauek ere aipa daitezke: degradaturik gelditu diren espazioak berpiztea eta lurzoruak deskontaminatzea, Nafarroako administrazio publikoen eskumen eta antolaketa araubidea ezartzea, eta Administrazioaren eta toki entitateen arteko koordinazio egokia bermatzea etxeko hondakinak eta merkataritzako hondakinak kudeatzeko, hala garraioari eta tratamenduari dagokienez, nola materialak berreskuratzeari begira.

 

Hondakinen 2017ko Planean jada berariazko prebentzio programa bat jaso zen hondakinen hierarkiaren piramidea alderantzikatzeko eta hondakinen ezabatzeari prebentzioa nagusitu dakiola lortzeko. Gidalerro horri eutsiz, lege proiektuak IV. tituluan zehatz azaltzen du prebentziorako eta kudeaketarako zer neurri jarriko diren abian: Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoa, erosketa publiko berdea, etxeko eta merkataritzako hondakinetako materia organikoaren gaikako bilketa, eta berrerabilerarako eta birziklapenerako prestaketa. Gainera, plastikozko poltsen erabilera eta erabili eta botatzeko baxeraren salmenta arautzen ditu, ontzien sorrera prebenitzeko neurriak ezartzen ditu, eta jarraibideak ematen ditu beste kudeaketa sistema batzuetarako eta ikuskizun publikoetarako. Sentsibilizazio, laguntza eta informazio kanpainak ere aipatzen ditu.

 

Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa toki entitateek eta Foru Komunitateko Administrazioak osatuko dute, eta bere eginkizunak betetzeko “egokien den” izaera juridikoa hartuko du. Bermatu eginen da erabakiak hartzen dituen organoan eskumeneko toki entitateek dutela “gehiengoa”. Hurrengo sei hilabeteetan zehaztuko da erakunde horren forma juridikoa, eta epe berean deseginen da egungo Partzuergoa.

 

Fiskalitateari dagokionez, hondakinen arloko politika berriaren finantzaketa bermatze aldera, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zerga ezartzen du proiektuak. Helburua da hondakinen prebentzioa, berrerabilerarako prestakuntza eta birziklapena sustatzea, eta, orobat, hondakindegietako ezabaketak eta errausketak egiteko pizgarriak kentzea. Fiskalitate hori ezartzen da hondakinen kontrolaren, ebaluazioaren eta kudeaketaren jasangarritasuna bermatzeko eta diruzko penalizazioak jartzeko, sortzen diren hondakinen arabera.

 

Zerga horren bidez lortzen diren diru-sarrerak aurrekontuetako gastu partida berariazko batera joanen dira, Hondakinen Funtsa izenekora, eta lege proiektuan aurreikusitako helburuetarako baizik ez dira erabiliko: besteak beste, prebentzioaren arloko sentsibilizazio eta ikerketa ekintzetarako, gaikako bilketa eta garraio sistemen hobekuntzarako, andeatutako eremuak eta kutsatutako lurzoruak berreskuratzeko, eta berrerabilerarako prestatzeko jarduketetarako.

 

Noizbait desagertu beharreko zerga da, zaborrak hondakindegietan ezabatzeagatik ordaintzen baita. Mankomunitate batek zenbat eta zabor gutxiago eraman hondakindegira, orduan eta gutxiago ordainduko dute mankomunitateko herritarrek.

 

2015eko datuen arabera, Nafarroan 266.530 tona etxeko eta merkataritzako hondakin sortu ziren, hau da, pertsona bakoitzak egunean 1,14 kg hondakin sortu zuen. Guztizko kopuru horretatik % 33 baizik ez zen gaika bildu eta tratatu. Foru gobernuak hurrengo hamarkadarako % 70era iristeko erronka jarri du.

 

Nafarroak ontzien, paper-kartoien eta beiraren birziklapen tasa oso handia du, baina ez dago hain hedatua materia organikoa etxean bereiztea. Gehienek hala egin dezaten lortzeko, Nafarroako Hondakinen Planean jaso da 2017an eta 2018an Foru Komunitateko bazter guztietara zabalduko dela materia organikoaren bilketa. Mankomunitate bakoitzak erabakiko du zein sistema erabili.

 

Osoko zuzenketa justifikatzeko, UPN talde parlamentarioak argudiatu du legea “oso orokorra eta boluntarista” dela. Gainera, “aldaketa klimatikoaren aurkako borroka bezain garrantzitsua den gai batean, egonkortasuna eta ziurtasunak eman beharrean, era guztietako ziurgabetasunak sortzen ditu kudeaketarako antolamendu-neurriei buruz, haiek burutuko dituzten organoei buruz eta horretarako behar diren tresna ekonomikoei buruz”.

 

Hala, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zerga berria ezbaian jartzen du, zeren “ez da aplikatuko kutsatzen duenak ordaintzen du dioen printzipioa, aitzitik, nafar guztiek ordainduko dute mankomunitateen bidez, mankomunitateek tratatzen baitute isurketa. Uztailaren 1ean indarrean jarriko den karga horrekin Gobernuak dirua biltzeko xedea baizik ez du; hain zuzen ere, gobernuak kudeatuko du diru bilketa Hondakinen Funtsaren bitartez”.

 

Horren haritik, UPNk ezbaian jartzen du erabilitako prozedura, “ohiko prozeduraren justu kontrakoa: lehenengo, legea eztabaidatu eta onetsi beharko zen, eta gero Nafarroako Hondakinen Plana. Lege honek bi eskumen berri baizik ez du ezartzen: aipatutako zerga kobratzea eta kudeatzea, eta Nafarroako Hondakinen Funtsa kudeatzea. Eta Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoari dagokionez, garrantzizko gauza batzuk zehaztu gabe gelditu dira”.

 

Aurkeztu duen osoko zuzenketan, PSN talde parlamentarioak argudiatzen du legea beharrezkoa dela Nafarroako Hondakinen Plana juridikoki ordenatzeko, hondakinen prebentzioaren eta kudeaketaren arloko politikaren oinarrizko tresna den aldetik, baina izapideen ohiko hurrenkera aldatu izanak “nabarmen baldintzatu” duela proiektuaren testua.

 

Ildo horretan, legeak “ez du zuzenduko ez hondakinen egoera ez kudeaketa, lege honekin 2027ra iritsiko baikara Europako arauditik urrun kokatuko gaituen egoera batean, hondakindegietan utzi beharreko hondakinen kopuruari dagokionez”.

 

Hori dela eta, zuzenketan adierazten denez, Foru Komunitatea “prekarietate-egoeran” geratuko da hondakindegietan amaiera duten bere hondakinez arduratzeko. Izan ere, “gaur egun erabiltzen ari diren hondakindegiek bizialdi mugatua dute, eta ez da aurreikusten beste batzuk irekitzea”.

 

Ohartarazten da, bestalde, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak toki entitateei “ziurgabetasuna” eragiten diela, “ez baitira zehazten haren eratzea, egitura eta funtzionamendua”.

 

PPNko foru parlamentarien elkarteak, proiektua Gobernuari itzultzeko eskaeraren oinarri gisa, adierazi du proiektuak “ziurgabetasun juridikoa” sortuko duela. Batetik, gordailu, itzulketa eta itzulera sistema (GIIS) ezarriko delako, zeinak “ekoizlearen erantzukizun zabaldua ukitzen baitu, ontzien arloari dagokionez, eta horrela litekeena da Merkatu-batasuna Bermatzeari buruzko Legea urratzea”, eta bestetik, Nafarroako Hondakinen Funtsaren sorrerari dagokionez, horren zuzkidura eta jarduketak “gatazkan egon daitezkeelako ontziei eta ontzien hondakinei buruzko estatuko legediarekin”.

 

Azkenik, PPNk azpimarratzen du legearen xedea “diru-bilketa hutsa” dela, eta sortzen dituen egitura berriek, tartean Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak, ezarpen epe “ezegokia” dutela eta “eginkizunen bikoiztea eta gastua” ekarriko dituztela.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak proiektuaren lehentasunei erreparatuta egin diete aurka osoko zuzenketei. “Ingurumenaren eta giza osasunaren babesa du ardatz proiektuak, eta prebentzioa, berrerabilera eta birziklapena lehenesten ditu, hondakinak erraustearen edo hondakindegian ezabatzearen aldean”.

 

Gobernuari itzultzea baztertu ondoren, Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko Foru Lege proiektua irizpenpean jarriko da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Batzordean (23 zuzenketa partzial erregistratu dira), eta irizpena Osoko Bilkuran aurkeztuko da, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

 

 

Archivos adjuntos

Archivo adjunto15-12-4-18.JPG