Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Azaroak 30

Parlamentuak ez ditu onartu zergak aldatzeko foru lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak

Geroa Bai, Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren ezezko botoek zapuztu dute UPN, PSN eta PPNk politika fiskala dakarren testua Gobernuari itzultzeko egin duten ahalegina, eta Batzordean eztabaidatuko da

Gaur egindako osoko bilkuran Parlamentuak baztertu egin ditu UPN, PSN eta PPNk zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko 2018rako foru lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek zuzenketa horien aurka bozkatu dute.

 

UPN eta PPNk hiru osoko zuzenketen alde bozkatu dute, eta PSNk berak aurkeztutakoaren alde bozkatu du soilik.


Beraz, lege proiektua ez zaio Gobernuari itzuliko eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordera eramanen da. Bertan abenduaren 11n hasiko dira irizpena osatzeko lanak, eta ziurrenik abenduaren 21ean aurkeztuko zaio irizpena Osoko Bilkurari, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko. Zuzenketa partzialak aurkezteko epea ere amaitu da. PSNk 22 erregistratu ditu, PPNk 8, UPNk 21, eta Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek beste 11 sinatu dituzte batera.


UPN talde parlamentarioak aurkeztutako osoko zuzenketak uste hau du oinarri: Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko Foru Lege proiektuak “lehiarako desabantailan sakontzen du eta deslokalizazioa eta diru-bilketaren jarioen galera sustatzen ditu, ekonomia nabarmen suspertzen ari den une honetan, zeinean beharrezkoa baita, beste zerga igoera baten ordez, ekoizpen jarduera hauspotzen jarraitzeko gauza den tributazioa”.

 

Horregatik, “PFEZean, Sozietateen gaineko zergan, Ondarearen gaineko zergan eta Oinordetza eta dohaintzen gainezko zergan planteatutako igoeren aurrean”, UPNk proposatzen zuen tributuen “zerga-oinarria handitzea” eta hartara, zerga-tasa “lehiakorren bidez zerga-bilketa gehitzea” gobernu-ekintzari “ekitatea, egonkortasuna eta efizientzia” emateko adinako mailetaraino.

 

Bere ordezko testuan UPNk aldaketa ugari egin nahi zituen Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ). Tartean, 2015eko abenduaren 31ra arte erabili ziren eskalak eta karga-tasak berreskuratzea, ohiko etxebizitzarengatiko kenkaria handitzea (errentariaren errenta maila kontuan hartu gabe, eta hobekuntzak ezarrita 30 urtetik beherakoentzat eta familia ugarientzat), edo aitorpena aurkeztu beharraren muga 11.250 eurotik 14.000 eurora aldatzea.

 

Gainera, langileek enpresan partaidetza izateko pizgarriak eskuratzeko betekizunak malgutu nahi zituen; urte berean egoitza fisikoa eta juridikoa (lau ekitaldirako, gutxienez) aldatzen dituzten talentudunen itzulera sustatu nahi zuen, eta bi kenkari berri sortu nahi zituen familia ugariengatik eta 0-3 urteko haur hezkuntzako ikastetxeetako matrikulazioagatik.

 

Ondarearen gaineko zergari dagokionez, UPNk iradokitzen zuen enpresa-ondasunetarako salbuespen sistema berreskuratzea, 2015ean indarrean zegoen sistema alegia, eta, horretarako, milioi bat eurotik gorako zenbatekoei zigorra kentzea, gutxieneko zenbateko salbuetsia 550.000 eurotik 800.000 eurora goratzea eta ezkutu fiskala nabarmen beheratzea.

 

Sozietateen gaineko zergaren alorrean, UPNk apustu egiten zuen Nafarroako enpresen kopuruaren gehikuntza sustatzeko, % 19ko tasa orokorra ezarriz, eta % 23ko tasa, berriz, ondare-entitatetzat jotzen diren entitateen kasuan.

 

PSN talde parlamentarioak proiektua itzultzeko eskatu du sinetsita dagoelako “errenta ertainen esfortzu fiskalean, iruzur fiskalari aurka egiteko gogorik ezean eta Nafarroan inbertitzeko erakargarrien gabezian” sakontzen duela.

 

“Erantzukidetza fiskala” saihesteko asmorik gabe, sozialistek apustu egiten dute zergapetze “nahikoaren, bidezkoaren eta progresiboaren” alde, zeinak, Gobernuak marraztutako lerrotik urrun, jarduera ekonomikoa akuilatu behar baitu, bai eta erdiko klaseak indartu ere, “pobretuta” baitaude “pentsio-planak gogortzen, aurrezpena zigortzen eta, batez ere PFEZaren bidez, baliabideen birbanaketa baldintzatzen duten” neurrien ondorioz.

 

Horregatik guztiagatik, PSNk uste du lege proiektua autogobernuaren erabilera okerraren isla dela. Izan ere “lehiakortasun fiskalaren falta erakusten du, nafarrak egoera okerragoan jartzen dituena, inbertsiorako ingurune erakargarriaren bitartez enplegua sortzen saiatzen diren beste lurralde batzuekin alderatuta, EAErekin, adibidez”.

 


PPNko foru parlamentarien elkartearen esanetan, lege proiektuak zerga-aldaketa “onartezina” dakar, “konfiskatzeko grinan oinarritua, pizgarririk ematen ez duena ez aurrezteko ezta kontsumitzeko ere, eta, oso kezkagarria den segurtasun juridiko faltaren erdian, enpresen irteera eragiten duena”.

 

Testuinguru horretan, PPNk kritikatu egiten du erosle berriei etxebizitzarengatiko kenkaria kendu izana, desadostasuna agertzen du etxebizitza-errentatzaileei % 40ko zerga-arinketa kendu zaielako (ez badute Nasuvinsaren poltsa publikoaren bidez alokatzen), eta ez dator bat Ondarearen gaineko zerga mantentzearekin (are gutxiago % 65eko ezkutu fiskala % 55era murriztu ondoren) edota ETE-ei zein enpresa handiei gutxieneko tributazioa igotzearekin.

 

Horiek horrela, erreforma “kaltegarria” delakoan, PPNk ez du lagundu nahi zergadunei “gehiago ordainarazten prestazio hoberik eman gabe” eta enpresei “lehiakortasuna hobetzen ez duen” ingurunea jasanarazten.


Oposizioko taldeen planteamenduaren aurrean, Nafarroako Gobernuak “zerga-kontsolidazioa finkatu eta sendotzeko eta zerga-bilketa suspertzeko ezinbestekotzat” jotzen du “zerbitzu publikoen etengabeko bultzada ahalbidetzen duten zerga-politikako neurriak hartzen jarraitzea”.

 

Esparru horretan kokatzen dute oraingo lege proiektua, zeinak, PFEZari dagokionez, 3 urtetik beherako seme edo alaba bakoitzeko kenkaria 100 euro handiagoa izatea baitu berrikuntza nagusia, betiere errenta gehienez ere 30.000 eurokoa bada, edo, baterako aitorpenen kasuan, gehienez 60.000 eurokoa. Espero da 10.000 familia inguruk jasoko dutela neurri horren onura.

 

Pentsio planetan ere aldaketak egin dira, kapital eran berreskuratzen diren prestazioei % 40ko murrizketa kenduz, duela jada 10 urtetik araubide erkidean egiten den bezala. Aldaketa horrek, ordea, 2018ko otsailaren 1etik aurrera egiten diren ekarpenei bakarrik eraginen die, trantsizio-araubide bat ezarri delako lehendik badiren pentsio planetarako.

 

Aurrezpenari dagokionez, berrikuntzak sartu dira oinarri bereziaren tributazioan, tarteetako bakoitzean puntu bat gehitu baitzaio.

 

Azkenik, desgaitasuna duten pertsonen egoera hobetzeko neurriak ezarri dira; esaterako, enpresek aseguruen kontrataziorako ordaindutako kuotak gauzazko ordainketatzat ez hartzea, betiere 1.500 eurotik gorakoak ez badira. Gainera, mendekotasuna duten pertsonak desgaitasuna duten pertsonekin zerga kontuetan parekatzeko legegintzaldi honetan hasitako bideari eutsiz, helburu horretarako zenbait aldaketa tekniko sartu dira.

 

Ondarearen gaineko zergan bi berrikuntza nagusi daude. Alde batetik, enpresa-ondasunen tributazioa leundu da: dagokien kenkaria % 80tik % 95era igo da, milioi bat eurotik aurrera. Bestetik, % 65etik % 55era murriztu da ezkutu fiskala delakoa.

 

Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan egindako aldaketak lege proiektuaren berrikuntza nagusietakoak dira. Lerro zuzeneko ondorengo edo aurreko ahaideen kasuan, lehen 250.000 euroetan % 0,8ko tributazioa kendu da heriotza kasuan, eta zenbateko horretatik aurrera tributazio progresiboa ezarri da, % 2tik (gehienez 500.000 eurokoak diren ondasunetarako) % 16ra (3 milioitik gorako ondasunetarako) bitartekoa.

 

Progresibotasun elementu bera ezarri zaie bizien arteko dohaintzei. Hala, tributazioa % 0,8koa da lehenbiziko 250.000 euroetarako eta % 8koa hiru milioitik gorako balioetarako. Ezkontideen edo bikotekide egonkorren arteko eskualdaketa % 0,8an mantendu da, balioa gorabehera.

 

Sozietateen gaineko zergan, enpresek beren irabaziengatik ordaintzen duten zergan, zenbait aldaketa egin dira, zerga-onuretan edo kargaren kenkarietan, funtsean. Hala, bada, kalitatezko enplegua sor dadin eta emakumeak lan-merkatuan sar daitezen sustatzeko, enplegua sortzeagatiko kenkariaren baldintzak zorroztu dira: kenkari hori jaso ahal izateko sortu beharreko lanpostu mugagabeetako soldatak lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 izan behar du (orain arte LAGS halako 1,7 izatea eskatzen zen). Kenkaria 5.000 eurokoa izanen da emakume bat kontratatzen denean eta 2.500ekoa gizon bat kontratatzen denean.

 

Aktibo finko berrietan inbertitzeagatiko kenkaria ere aldatu egin da: jarduerari atxikita ez dauden higiezinetako inbertsioek elementu kengarri izateari utzi diote. Bestalde, berrinbertsioagatiko salbuespena eskualdaketan lortutako errenten % 50era mugatu da. Likidazio oinarri negatiboen konpentsazioari dagokionez, orain arteko % 70eko mugari eutsi zaio ETE-entzat, baina % 50ekoa edo % 25ekoa izatera igaro da negozio-zifraren arabera, Estatuak ezarritako bideari jarraituz.

 

Azkenik, tributazio zoruari dagokionez, mikroenpresek jarraitu beharko dute zerga % 13ko tasarekin ordaintzen, gutxienez; ETE-en zorua % 16ra igo da, eta enpresa handiek gutxienez % 18ko tasarekin ordaindu beharko dute zerga, beren onura fiskalek kuota txikiagoa ematen badiete ere.

Azkenik, iruzur fiskalaren aurkako borrokari ere ekiten dio proiektuak. Alor horretan zehapen larrien gehikuntza nabarmentzen da, agerian jarritako kuotaren % 75etik % 90ra igo baitira.

 

Gainera, 2018tik aurrera aldatu eginen dira Nafarroako Ogasunak urtero argitaratzen duen zordunen zerrendaren baldintzak, halako moldez non zerrendan sartzea dakarren gutxieneko zorra 250.000 eurotik 120.000 eurora jaitsiko baita. Zenbateko hori bera jotzen da delitu fiskaltzat. Zordunari jakinarazten zaionean bera zerrendan sartzea proposatu dela, eten eginen da zorraren preskripzio epea.

 

Zehapenak errazago betearazte aldera, goiz ordaintzen dutenentzako murrizketak ezarri dira lehen aldiz: % 20ko murrizketa zehapen larrien kasuan eta % 30ekoa zehapen arrunten kasuan.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak erreforma onartu dute, sistema aurrera eraman ahal izateko onartutako aldaketen balioa azpimarratu dute, eta aitortu dute, azken hiruek batez ere, oraindik ere “hobekuntzarako tartea dagoela marko fiskal justu eta bidezko bat eratzeko”.