Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 2

Parlamentuak ez du aintzat hartu Amatasuna babesteari eta emakume haurdunari laguntzeari buruzko Foru Lege proposamena

PPNren asmoa zen egungo lege-esparrua zehaztu eta indartzea, baina Parlamentuko gehiengoak ez du egungoez bestelako neurri edo eskubide nabarmenik antzeman

Nafarroako Parlamentuak, gaurko Osoko Bilkuran, ez du aintzat hartu Amatasuna babesteari eta emakume haurdunari laguntzeari buruzko Foru Lege proposamena. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek lege proposamenaren aurkako botoa eman dute, eta UPN eta PPNk aldeko botoa eman dute.

 

PPNko foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako lege proposamenaren xedea zen esparru juridiko egokia ezartzea babesgabetasunean edo gizarte bazterketaren arriskuan dauden emakume haurdunei babes osoa emateko, bereziki 30 urtetik beherakoei eta are gehiago adingabeei.

 

"Demokrazia aurreratu" baten berezko eskakizunen esparruan kokatua, proposamenak azpimarra jartzen zuen gizarte politiken zeharkakotasunean eta bikotekidearen erantzukidetasunean, eta, ildo horretan, lehenetsi egiten zituen emakume haurdunentzako prestazioak edo laguntzak, bai eta etorkinentzako gizarteratze programak ere.

 

"Informazio eta aholkatze neurriak indartze aldera", testuak aurreikusten zuen berariazko gune bat zabaltzea Nafarroako Gobernuaren web-orriaren barnean eta informazio-telefono bat sortzea. Toki erakundeekiko lankidetza indartzea ere aurreikusten zen, emakume haurdunei laguntza eta babesa emateko neurrien eraginkortasuna hobetzeko lankidetza-hitzarmenen bitartez.

 

Horren guztiaren aurretik plan integral bat prestatu behar zen, “emakume haurdunentzako laguntza- eta babes-sare eraginkorra” gauzatzea helburu izanen zuena.

 

UPN eta PPN proposamenaren alde agertu dira, baina Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek ez dute aintzat hartu nahi izan lege proposamena, bertan “ez dagoelako neurri edo eskubide nabarmenik egungoak aldatzen dituenik”.

 

Hain zuzen, lege proposamena izapidetzearen aurka bozkatu duten taldeek argudiatu dute emakumeek ama izateko duten eskubidea badagoela araututa Sexu- eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoan; eta, osasun arloari dagokionez, Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duen azaroaren 16ko 103/2016 Foru Dekretua gogorarazi dute.

 

“Beste eskubide batzuen aipamen orokorra” dela eta, horretan ere ez dute “ezer berririk” ikusi, eta gogora ekarri dituzte duela gutxi onetsi diren arau batzuk, hala nola 15/2016 Foru Legea, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena, edo 22/2016 Legea, etxebizitzaren alorreko laguntza-neurriak ezartzen dituena.