Parlamentuak ez du aintzat hartu pentsioetarako osagarri bat ezartzeko legegintzako herri ekimena
Gehiengoa kontra agertu da, Nafarroan gutxieneko pentsioak hilean 1.080 euroraino igotzeko finantza-mekanismorik ez dagoelako
Nafarroako Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran, ez du aintzat hartu Pentsioetarako osagarri bat eta hura bermatuko duen sistema propio bat sortzeko Foru Lege proposamena. UPN, Geroa Bai, PSN, PPN eta I-Ek proposamenaren aurkako botoa eman dute, eta EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk aldeko botoa eman dute.
Legegintzako herri ekimena egikarituz, batzorde sustatzaile batek bultzatu du proposamena, eta Juan José Lautre Sesma, Nafarroako Pentsionistak Martxan arduradunak, defendatu du oholtzatik. Proposamenak helburutzat zuen osagarri ekonomiko bat bermatzea pentsiodun guztiei, jasotzen duten pentsioaren eta hileko 1.080 euroren arteko aldea bezainbestekoa, diru kopuru horretan baitago pobreziaren atalasea, Europako irizpideekin bat.
Horretarako, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion erakunde publiko bat sor zezala pentsio, babes eta gizarte-segurantzako sistema bat antolatzeko. Sistema horrek, araugintza-ahalmen osoarekin, diru-sarrerak nahiz gastuak kudeatu behar zituen pentsioen eta babes sozialaren arloan, Parlamentuko lantalde batean adostutako arauei jarraituz, betiere.
Asmoa zen, azken batean, Espainiako Gobernuaren politika “murriztaileen” ondoriozko “pobretzeari” aurre egitea, “gardentasunik gabe kudeatutako” Espainiako pentsio sistemak erosahalmenaren galera gero eta handiagoa eragiten baitu.
Legebiltzarreko gehiengoak arrazoi ekonomikoak argudiatu ditu, funtsezko ideiarekin ados egonik ere, kontrako botoa justifikatzeko, bestelako erabakiak defizit helburua ez betetzea ekarriko bailuke.
Ildo beretik azpimarratu egin da lege-proposamenean ez dela oroitidazki ekonomikorik jaso eta ez dela azaldu nolako finantzaketa behar litzatekeen pentsioetarako osagarriari eta hura bermatuko duen sistema propioari eusteko.
Pentsioetarako osagarri baterako neurriei eta sistema propio bat sortzeari buruzko Foru Lege proposamena 5.148 sinaduraren bermearekin iritsi da Nafarroako Parlamentura; halaxe ageri da Hautesle Erroldaren Bulegoaren Zuzendariordetza Nagusiak joan zen otsaailaren 8an egindako ziurtagirian. Nahiz eta aurkeztutako 5.416 sinaduretatik 268 baliogabeak izan ziren, legegintzako herri ekimenak bera aurkeztu zenean indarra zuen autonomia erkidegoko erroldako hautesleen ehuneko bat gainditu zuen (5.033 sinadura behar ziren), eta horrenbestez izapidetzen jarraitzeko oinarrizko baldintza bete zuen.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proposamena (39. NPAO, 2017-03-02koa)