Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Azaroak 23

Parlamentuak ez du aintzat hartu Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko 9/2010 Foru Legea aldatzeko lege proposamena

PPNren ekimenaren bidez ETAren biktimen duintasuna eta oroimena indartu nahi ziren, hezkuntza-curriculumean egiazko kontaketaren transmisioa bermatuz

Nafarroako Parlamentuak, gaurko Osoko Bilkuran, ez du aintzat hartu Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proposamena. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek lege proposamenaren aurka bozkatu dute, eta UPNk, PSNk eta PPNk alde bozkatu dute.

 

PPN talde parlamentarioak aurkeztutako foru lege proposamen horren helburua zen “ETAren biktimen duintasuna eta oroimena indartzea, etorkizuneko belaunaldiek egiazko kontaketa bat izan dezaten gertaturikoaz, gure erkidegoan terrorismoak sorrarazitako saminaz”.

 

Horren haritik, 9/2010 Foru Legearen V. kapitulua aldatzea proposatzen zen; aldaketa horretan aurreikusten zen Bakerako eta Giza Eskubideetarako urteroko Hezkuntza Plana prestatu eta zabaltzea, gizarteari, oro har, eta ikastetxe publikoei eta itunduei, bereziki, zuzendua, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculumean terrorismoarekin eta biktimekin zerikusia duten edukiak txertatzea sustatu behar zuena.

 

Bestalde, terrorismoaren gaineko ikerketa bultzatu nahi zen unibertsitatearen esparruan, eta, oroitzapenaren arloan, Foru Gobernuari agintzen zitzaion errekonozimendurako ekitaldiak egiteko ETAk bortxaz lekualdatuen oroitzapenaren egunean (otsailaren 11), Terrorismoaren Biktimen Europako Egunean (martxoaren 11) eta Terrorismoaren Biktimak Gogoratu eta Omentzeko Egunean (ekainaren 27a).

 

Azkenik, Gobernuari agintzen zitzaion “protokoloaren eta errekonozimendu sozialaren ikuspegietatik biktimak nabarmendurik ager daitezen beraiekin zerikusia duten Nafarroako ekitaldi instituzional guztietan”.

 

PPNk 9/2010 Foru Legea aldatzeko egin duen bigarren saioa da. Lehenbizikoa 2012ko martxoaren 22an baztertu zen; hark ere biktimen oroimena zaindu eta indarkeriaren legitimazioa ezabatzea zuen helburu.