Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 2

Parlamentuak ez du onartu Hizkuntzak Ikasteko Programa daukaten ikastetxeetan garraio- eta jangela-laguntzak ezartzeko eskatzen zuen mozioa

Ikastetxea aukeratzeko askatasuna murriztu dela eta eremu ez-euskaldunean ikastola itunduetako ikasleen aldeko bereizkeria egiten dela salatzen zuen

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, atzera bota du mozio bat, zeinaren bidez proposatzen baitzen Nafarroako Gobernua premiatzea “garraio- eta jangela-laguntzak ezar ditzan Hizkuntzak Ikasteko Programa daukaten ikastetxeetan ikasi nahi duten ikasleentzat, programa hori ez denean haien erreferentzia-ikastetxean edo udalerrian eskaintzen”.

 

PPNko foru parlamentarien elkarteak sustatutako mozioaren zioen azalpenean “konparaziozko bidegabekeria” salatzen zen zenbait gurasoren egoera dela-eta: “ikastetxeen esku utzi da Hizkuntzak Ikasteko Programa eskaintzeko edo ez eskaintzeko erabakia, halako moduan non gurasoei murriztu egin baitzaie aukeratzeko ahalmena”, eta zenbait guraso prest leudeke beren seme-alabak beste ikastetxe edo herri batzuetan eskolatzeko “garraiorako eta jangelarako laguntzak bermatuko balitzaizkie, eremu ez-euskalduneko ikastola itunduetako ikasleei bezala”.

 

Horren ondorioz, proposatzailearen iritziz, “Hizkuntzak Ikasteko Programaren iraupena arriskuan” jartzeaz gainera, gerta liteke “lehen eta bigarren mailako ikasleak ezartzea gurasoek hautatutako hizkuntzaren arabera, nahiz eta gurasoek askatasuna izan behar duten beren seme-alabak hobeki iruditzen zaien aukeran eskolatzeko”.