Parlamentuak Garoñako zentrala behin betiko ixteko exijitzen dio Espainiako Gobernuari
Erakundeen etengabeko adierazpenak gogorarazten ditu eta gaitzetsi egiten du nuklearra bezalako energia arriskutsu eta berriztaezinetan oinarritutako eredua
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E taldeen baiezko botoekin eta UPNren eta PPNren aurkako botoekin gaurko osoko bilkuran Parlamentuak onetsi duen erabaki batean Espainiako Gobernuari exijitzen zaio “Santa María de Garoñako zentral nuklearra lehenbailehen eraitsi eta behin betikoz itxi dezan”.
Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du “trantsizio energetikorako plan bat presta dezan, ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik segurua eta jasangarria den eredu batean oinarritua”. PPNk puntu horren aurka bozkatu du. Gainerako taldeek alde bozkatu dute.
Jada hirugarren atalean, Espainiako Gobernua premiatzen da “deusez deklara ditzan Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak Santa María de Garoñako zentral nuklearra berriro abian jartzeko emandako baimenak”. UPNk eta PPNk puntu horren aurka bozkatu dute, eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek berriro bozkatu dute alde.
Bestalde, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “behar diren neurriak har ditzala Santa María de Garoñako zentral nuklearraren jardueraren amaierak eragiten dien eskualdeetako egokitzapen ekonomikorako eta berrindustrializaziorako plan bat abiarazteko”. PPNk aurka bozkatu du, UPN abstenitu egin da eta gainerakoek alde bozkatu dute.
Azken bi atal horiek PSN parlamentu-taldeak in voce aurkeztu duen gehitze-zuzenketa baten ondorioz erantsi dira, ekimenaren titularrek, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak, zuzenketa onartu baitute.
Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak sustatu dute erabakia. Zioen azalpenean gogora ekartzen dira zentral nuklearrak ixtearen aurkako “etengabeko adierazpen instituzionalak”, bereziki Garoñako zentrala ixtekoa, Zoritakoa itxi ondoren Estatuko zaharrena baita. Nabarmentzen da, halaber, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak (CSN) “jokabide iluna” izan duela zentralaren bizitza baliagarria 2031ra arte (60 urteraino) luzatzeko eskaeraren tramitazioan. Espainiako Gobernuaren eskuetan dago azken erabakia.
“Mix elektrikoari energia kopuru txikia ematen dion” zentral bat berriro irekitzetik haratago, garrantzitsuena da, baimena berretsiz gero, ateak irekiko zaizkiola “zentral nuklearren erabilera-bizitza 60 urteraino luzatzeari (Almaraz I eta II ustiatzeko baimena 2020an iraungitzen da), era horretan mantenduz eredu energetiko bat, energia nuklearra bezalako energia arriskutsu eta ez-berriztagarrietan oinarritua”.
Hori, proposatzaileen iritziz, “arduragabekeria bat izanen litzateke ikuspegi ekologiko, ekonomiko eta sozialetik, bai eta ikuspegi demokratikotik ere”, are gehiago Fukushimako (Japonia) hondamendi nuklearrak eragindako alarma sozialaren ondoren. “Gobernuak ez du zilegitasunik horrelako neurri bat hartzeko, gizartearen gehiengoaren aurka”.
Santa María de Garoñako zentral nuklearra Nuclenorren jabetzakoa da, zeinean Endesa eta Iberdrola enpresek % 50eko partaidetza bana baitute, eta 1971. urtean jarri zen abian. Instalatutako potentzia 466 MW-ekoa da, eta hasiera batean aurreikusten zitzaion erabilera-bizitza 40 urtekoa zen; beraz, 2011n itxi behar zen, beranduenez ere.
Funtzionatzeko azken baimenaren indarraldia 2009an amaitzekoa zen, baina PSOEren gobernuak 2013ra arte luzatu zuen. Ustiapena behin betiko amaitu zen 2013ko uztailaren 6an (gutxienez 150 milioiko inbertsioa egin behar zen segurtasun arazoak konpontzeko), eta zentrala eraistearen aurreko egoeran gelditu zen. Baina 2014ko maiatzean Nuclenorrek Industria Ministerioari eskatu zion zentralaren erabilera-bizitza 2031ra arte luzatzea, eta horrela berriro ireki zitzaion atea zentralaren iraupenari.
Mozioa (33. NPAO, 2017-02-16koa)