Parlamentuak Genero-ekitateari eta LGTBI arloko politikei buruzko osoko bilkura monografikoa eginen du ostiralean
Eledunek 20ko minutuko txanda bana izanen dute eta bost ebazpen proposamen aurkeztu ahalko dituzte gehienez, eta Gobernuak ere jarrera hartzeko txanda izanen du
Geroa Bai parlamentu-taldeak eskaturik, Parlamentuaren Osoko Bilkurak ostiralean (09:15) eztabaida monografikoa eginen du: Genero-ekitateari eta LGTBI arloko politikei buruzko politika publikoen azterketa. Eztabaida sorta bateko seigarrena izanen da ostiralekoa. Aurretik eztabaidagai izan dira erabakitzeko eskubidea (EH Bildu parlamentu-taldea), enpleguaren sustapena (PSN parlamentu-taldea), hezkuntza sistema (PPN), gizarte politikak (PPN) eta etxebizitzarako eskubide subjektiboa (Podemos-Ahal Dugu).
Mahaiak onetsitako arauei jarraituz, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, Geroa Bai parlamentu-taldeko eledunak emanen dio hasiera eztabaidari, talde horrek proposatu baitu monografikoa. Gehienez 20 minutuz hitz eginen du.
Jarraian gainerako parlamentu-talde eta parlamentari elkarteetako eledunek jardunen dute, horiek ere 20 minutuz gehienez. Eserleku kopuru handiena duen taldea izanen da lehena eta eserleku gutxien dituen taldea azkena.
Txanda hori bukatutakoan Nafarroako Gobernuaren ordezkari batek hitz egin ahalko du eztabaidagaiei buruzko bere jarrera azaltzeko, 20 minutuz.
Eztabaida amaitu eta gero, bilkuran ordubeteko etenaldia eginen da, ebazpen proposamenak aurkez daitezen Mahaiaren aurrean. Talde bakoitzak gehienez bost ebazpen proposamen aurkeztu ahalko ditu. Eztabaida egin bitartean in voce proposamenak aurkeztu ahalko dira, betiere erroreak edo akats tekniko, terminologiko nahiz gramatikalak zuzentzea badute helburu.
Proposamenen baterako defentsa eginen da 10 minutuz gehienez ere, handienetik txikienera. Gainerako taldeek aurkeztutako proposamenei buruzko iritzia ere azaldu beharko dute eledunek.
Eztabaida amaitu ondoren, ebazpen proposamenen bozketa eginen da.