Parlamentuak harrera egin die Nafarroara uda pasatzera etorritako haur sahararrei
Baladi Benamarrek “beste urte batez” nafarren laguntza eta baldintzarik gabeko elkartasuna eskertu ditu, eta baikor agertu da SEADen etorkizunerako konponbideari buruz
Unai Hualde Parlamentuko lehendakariorde lehenak ostegunean harrera egin dio Foru Komunitatera uda pasatzera etorritako 8 eta 14 urte bitarteko 115 haur sahararren ordezkari talde bati. Nafarroako Sahararen Lagunen Elkarteak (ANAS) ekarri ditu Saharako haurrak gurera.
Ekitaldia erakunde-aretoan egin da. Lehendakariordeak taldeko 23 haurrak agurtu ditu, eta udako hilabeteetan etxean edukiko dituzten familiei eskerrak eman dizkie “elkartasunaren” eredu direlako eta lan garrantzitsua egiten dutelako, Saharako haurrei hezkuntza eta laguntza eskainiz.
Ildo horretan Unai Hualdek esan duenez, “ekitaldi xume, eder eta hunkigarri honek argi erakusten du bai Nafarroako Parlamentuak bai Europako Parlamentuko Bakea eta Askatasuna Saharan diputatu taldeak erakunde-babesa eskaintzen dutela, hala laguntza lanari dagokionez nola zuen eskakizunak aldarrikatuz”.
Ondoren, Europako Parlamentuko talde horren koordinatzaileak, Ainhoa Unzuk, agurtu egin ditu haur sahararrak, iaz Tindufeko kanpamentuetara egindako bidaia gogoratu du, eta honako hau erantsi du: “lanean jarraituko dugu Nafarroara etortzen segitu ahal izan dezazuen. Guri eskaini zeniguten bezalako harrera abegitsua jasoko ahal duzue. Zuek hemen izatea urteko unerik ederrena eta hunkigarriena da”.
Ildo beretik, Ainhoa Unzuk konpromisoa hartu du “lanean jarraitzeko, ez daitezen ahaztu sahararren kausa eta haien historia. Mila esker Nafarroako Sahararen Lagunen Elkarteari (ANAS), egiten duen lan bikainagatik, eta gogoan dugu duela gutxi zendutako Nekane Pardo, RASD Adiskidantzarako Nafar Elkarteko (ANARASD) lehendakari ohia, sahararren eskubideen aldeko borrokalari nekaezina”.
Baladi Benamar Mendebaldeko Saharako eta Fronte Polisarioko ordezkaria da Nafarroan. Umeei harrera egiten lagundu duten familien eskuzabaltasuna eta Nafarroako Parlamentuak saharar herriaren kausari ematen dion babesa eskertu ditu “beste urte batez”. “Nafarroak guretzat elkartasunaren eta anaitasunaren zentzua irudikatzen du. Zuen sostenguak oinazea arintzen digu, eraginkorrago, gogorrago eta indartsuago egiten gaitu”. Ez dugu inolako zalantzarik, goiz edo berandu gure etxera itzuliko gara, duela 40 urte baino lehenagotik ukatzen zaigun hori lortuko dugu”.
Nafarroako Sahararen Lagunen Elkarteak (ANAS) haur sahararrak Nafarroako familiengana ekartzeko lana eta saharar herriaren egoerari buruzko “sentsibilizazio ekintzak” uztartzen ditu.
ANAS duela 20 urte hasi zen Saharako umeak udako oporretan Foru Komunitatera ekartzen. Haurrek “familien bizitzan parte hartzea” da Oporrak bakean programaren helburua, baina taldeko jarduerak ere antolatzen dira, hala nola Parlamentua eta beste erakunde batzuk ezagutzeko bisitak, txangoak edo amaierako festa.
Harrera ekitaldian elkartu dira, besteak beste, Consuelo Satrustegi, Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Miren Aranoa, Maiorga Ramírez, Bakartxo Ruiz, Esther Korres (EH Bildu), Laura Pérez, Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), Nuria Medina (PSN) eta Marisa de Simón (I-E).