Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Irailak 28

Parlamentuak hezkuntza-sistemaren “beharrizanen eta errealitatearen” araberako lan-eskaintza publiko bat egin dezala eskatu dio Nafarroako Gobernuari

Zerrenda bakarrari erkidego elebidunentzako mekanismoa deritzo, ezegokia Nafarroako gizarte eta hezkuntza errealitaterako, non eremu euskaldunek soilik baitute euskara hizkuntza ofiziala

Gaurko osoko bilkuran onetsi duen ebazpen batean, UPN, Podemos Ahal Dugu, PSN, PP eta I-E taldeen aldeko botoekin eta Geroa Bai eta EH Bildu taldeen aurkako botoekin, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “lan-eskaintza publiko bat egin dezan Nafarroako hezkuntza-sistemaren beharrizanen eta errealitatearen araberakoa izanen dena hezkuntzaren, hizkuntzaren nahiz gizartearen ikuspuntuetatik. Hezkuntza Departamentuak ahalik eta lanpostu gehien eskainiko ditu Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta LHan”.

 

Onetsi den erabakiaren bigarren puntuan, Hezkuntza Departamentuari eskatzen zaio “2017ko urriaren 31 baino lehen onets ditzala deialdi hori nahiz deialdiaren epeak”.

 

Hirugarren atalean eskatzen da, bestalde, Nafarroako Parlamentuak arbuia dezala “deitzen diren oposizioetan zerrenda bakarra deritzona ezartzea, eta Hezkuntza Departamentua premia dezala bide hori ez ezartzera”.

 

UPN, PSN eta PPNk aldeko botoa emanda, Podemos eta I-E abstenituta eta Geroa Bai eta EH Bildu taldeek aurkako botoa emanda egin dute aurrera azken bi puntu horiek.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak bultzatutako mozioak departamentuaren zehaztasun falta salatzen du “epeei eta lanpostu kopuruari dagokienez”, eta irakasletzarako sarbide gisa zerrenda bakarra ezartzeko asmoa arbuiatzen du. Bide hori, mozioaren arabera, “berez erkidego elebidunentzako mekanismoa da, ez da egokia Nafarroako gizarte eta hezkuntza errealitaterako, non eremu euskaldunek soilik baitute euskara hizkuntza ofiziala”.

 

Hala, 2016an egin gabeko lan-eskaintza publikoaren “kudeaketa txarraren” ondoren “balizko oposiziogileek” gainean duten “ziurgabetasun justifikatu gabea” gogorarazi ondoren, hau ohartarazten da: “departamentuaren eta sindikatu nazionalisten asmoaren ondorioa izanen da gaztelaniazko ehunka irakasle lanposturik gabe geratuko direla”.