Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Urriak 19

Parlamentuak Jurramendiko mendi-hegaletan proiektatu den hondakin eta lohi plantarako alternatibak bilatzeko eskatu dio Foru Gobernuari

Paisaia, efizientzia eta ingurumen-segurtasuna direla eta, auzitan jarri da bizitegi-eremu bat eta kanpin bat ukitzen dituen proiektu hori

Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen ebazpen batean, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “Jurramendiko mendi-hegaletan proiektatutako hondakin eta lohi plantarako alternatibak eta soluzioak bila ditzan”.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan hau eskatzen zaio Foru Gobernuari: “Iguzkitzako Kontzejuarekin batera eskualde horrentzako konponbide bat bilatzeko, gizartearen eta ingurumenaren aldetik egokia dena”.

 

Zioen azalpenean, UPNk eta PSNk bultzatutako ebazpenak efizientziaren eta ingurumen-segurtasunaren inguruko arrazoiak ematen ditu Azketako kudeaketa-plantaren proiektua ezbaian jartzeko. Proiektu horrek xedetzat du “nekazaritzan erabiltzeko lurra sortzea jatorri zehaztugabeko lohiak eta indusketa-lurrak nahastuz”.

 

Hori dela eta, proiektuak izan ditzakeen ondorioetako batzuk aipatzen dira, besteak beste “lur-azpia eta akuiferoak kutsatzeko arriskua, ur-ibilgu berriak eratzea, deskonposizioan sortzen diren gasen usaina, edo paisaia-balioaren galera”, eta “gizartearentzat egokiak izanen diren beste konponbide batzuk” aztertzeko eskatzen da.

 

Azpimarratu egiten da oinezkoen zirkulazio handia dagoela eta mila metrora baino gertuago daudela Iratxe kanpina eta etxebizitza-eremu bat.