Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Abenduak 4

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du baserrien bizigarritasuna arau dezan, Pirinioetako haranetako etxebizitza-parkea sustatzeko

Eraikin horiek beren balioa eta nortasuna arriskuan jarri gabe egokitzeko zailtasun tekniko eta ekonomikoak saihestu nahi dira

Eskubide Sozialetako Batzordeak gaur aho batez onetsi duen ebazpen baten bidez Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “etxebizitzaren eta hirigintza-antolamenduaren arloan indarra duen araudia berrikus dezan, Nafarroako Foru Komunitateko askotariko arkitektura-tipologia zaharberritzeko garaian agertzen diren legezko oztopo ugariak gainditu ahal izateko”.

 

Zehazki, Foru Gobernuari eskatzen zaio “etxebizitzen bizigarritasunari buruzko foru araudia zorrotz bete beharretik salbuetsi ahal izatea beren balio historiko, tipiko edo tradizionalengatik ondare eraikiaren babeserako araudien pean dauden higiezinak, azken araudi horiek zenbait elementu aldatzea galarazten baitute, esaterako baoen edo babestutako beste osagai batzuen neurriak eta tipologia”.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan, berriz, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “etxebizitzaren eta hirigintza-antolamenduaren arloan indarra duen araudia berrikus dezala, landa-tipologiako etxebizitzetan babesgarriak diren jarduketei malgutasun handiagoa emateko”.

 

Era berean, hirugarren atalean jada, Nafarroako Gobernuari honako hau eskatzen zaio: “Lege-aldaketa horiek egin baino lehen, bost hilabeteko epean, horrelako etxebizitzen arazoei buruzko diagnostikoa eta azterlan teknikoa egin ditzala, eta lan horretan parte hartzeko aukera eman diezaiela bai Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari (NUKF) bai arkitekturarekin eta eraikuntzarekin zerikusia duten elkargo profesionalei”.

 

UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN, Izquierda-Ezkerra eta PPN taldeek sustatutako ebazpen horrek, zioen azalpenean, gogora ekartzen ditu Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako egoera sozioekonomikoa aztertzeko Parlamentuko lantaldeko agerraldiak eta Baztango Udalak eta Eusko Ikaskuntzak antolatu zuten Etxebizitzari buruzko Jardunaldia, zeinean adierazi baitzen “zailtasun tekniko eta ekonomiko asko” agertzen direla baserriak (nekazaritza eta abeltzaintza jarduera, etxebizitzarekin batera) eta oinetxeak (etxebizitza-erabilera) egokitu nahi direnean haien nortasuna eta balioa arriskuan jarri gabe.

 

Izan ere, eraikin zaharrak izaten direla azpimarratzen da (Baztanen 1900. urtearen aurrekoak dira baserrien % 69), eta, funtzionaltasuna galdu badute ere —testuinguru ekonomiko eta sozial guztiz bestelako bati erantzuten baitzioten—, erantzukizun soziala da haiek zaintzea. Nafarroako arkitektura ondarearen parte direnez, ordea, kasu askotan Vianako Printzea Erakundearen txosten “nahitaezko eta lotesleak” behar dira haiek zaharberritzeko.

 

Horiek horrela, eta kontuan izanik etxe horien tipologia arkitektonikoa ezin txertatuzkoa dela etxebizitza-zaharberritzeari buruzko araudian, “haran horietako etxebizitza-parkea sustatzeko” politika publikoak ezar daitezela eskatzen da.

 

Proposatzaileen ustez “arazo sozial” baten aurrean gaude eta premiazkoa da hari aurre egitea, “neurri handian jada hutsik dauden” eraikin horien bideragarritasuna arriskuan ez jartzeko, Foru Komunitateko iparraldeko eta Pirinioetako eraikuntza elementu “ikonikotzat” jotzen baitira.

 

Bakartxo Ruiz (EH Bildu talde parlamentarioa) buru zutela, honako hauek izan dira bilkuran; Begoña Ganuza, Luis Zarraluqui, Carmen Segura, Maribel García Malo (UPN talde parlamentarioa), Isabel Aranburu, Virginia Alemán, Rafael Eraso (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa), Mikel Buil, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Ainhoa Unzu, Nuria Medina (PSN talde parlamentarioa), Javier García (PPN talde parlamentarioa) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioa).