Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Urtarrilak 19

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du erlijio ikasketen irakastorduen zama legeak ezarritako gutxienekora murritz dezan

Sexu- eta ugalketa-hezkuntzaren gaineko helburu eta edukiak sartzeko eskatzen dio, Sexu- eta ugalketa-osasunari buruzko Foru Dekretuak agintzen baititu

Parlamentuak gaur egindako osoko bilkuran onetsi duen erabaki batek Nafarroako Gobernua premiatzen du “unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako mailetako curriculumari buruzko dekretuak eta lanaldiei eta ordutegiei buruzko dekretuak alda ditzan, estatuko araudian oro har araututako erlijio ikasketen irakastorduen zama murrizte aldera legeak ezarritako gutxienekora”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN eta PPNk aurkakoa.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan hau eskatzen zaio Foru Gobernuari: “Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako mailetako curriculumari buruzko dekretuak eta lanaldiei eta ordutegiei buruzko dekretuak alda ditzan, sexu- eta ugalketa-hezkuntzaren gaineko helburu eta edukiak sartzeko, Sexu- eta ugalketa-osasunari buruzko Foru Dekretuak agintzen baititu”.

 

Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak sustatutako erabaki horren zioen azalpenean, Nafarroak curriculumean eta antolaketan duen autonomia “LOMCEren eragin negatiboak” arintzeko erabil daitekeela adierazten da, eta arau horren aplikazioak ekarritako “prestakuntzaren atzerapena eta doktrinatze-izaerako edukia” neutralizatzeko deia egiten da.

 

Horiek horrela, proposatzailearen iritziz sexu- eta ugalketa-hezkuntza “eskola-curriculum ofizialean” sartu behar da, dagokion foru dekretuan zehaztutako helburuen eta curriculum-edukien arabera.