Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Ekainak 8

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Toki Ogasunei buruzko Legea alda dezan hiru hilabeteko epean

Berariaz ezartze aldera ez dela hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga ordaindu behar baldin eta eskualdaketan ez bada balio-gehikuntzarik gertatu

Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran onetsitako ebazpen batean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea hiru hilabeteko epean alda dezan, berariaz ezartze aldera ez dela hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga ordaindu behar baldin eta eskualdaketan ez bada balio-gehikuntzarik gertatu”. UPN, PSN, PPN eta I-Ek aldeko botoa eman dute, Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin da, eta aurka bozkatu dute Geroa Baik eta EH Bilduk.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan honako hau eskatzen zaio Foru Gobernuari: “Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin lankidetzan beharrezkoak diren tresnak ezar ditzan, zergadunen erreklamazioei ahal den modurik eraginkorrenean erantzuteko, ahal den neurrian prozeduren judizializazioa ekiditeko formulak abian jarrita”.

 

Aurrera egin ez duen hirugarren atal batean, konpentsazio-funts bat ezartzeko eskatzen zitzaion Nafarroako Gobernuari, “udalek erreklamazioei aurre egiteko modua izan dezaten, horrek aurrekontuetan arazorik sortu gabe”. UPN, PSN, PPN eta I-Ek aldeko botoa eman dute; Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk, berriz, aurkakoa. Hiru aldiz 24na botoko berdinketa gertatu ondoren, puntu hori baztertu egin da.

 

PSN talde parlamentarioak sustatutako mozioak, zioen azalpenean, Konstituzio Auzitegiak 2017ko maiatzaren 11n emandako epaian oinarrituta justifikatzen du ekimena, epai horretan ezarri baita zergadunek ez dutela gainbalioaren gaineko udal zerga ordaindu behar, baldin eta higiezin baten salmentan galera izan badute.

 

Nafarroan, Tinsa enpresak —Estatuko tasatzailerik handiena, balorazio kopuruari erreparatuta— dituen datuen arabera, “zerga hori dela-eta oker ordaindu duten eta epeak preskribatu ez duelako erreklamatzeko eskubide duten zergadunen kopurua 5.400ekoa izan daiteke; halatan, foru erkidegoko udalei erreklamatu eta berreskuratu beharreko zenbatekoa ia 25 milioikoa izanen litzateke”.