Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 2

Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio medikamentuen erabilera arrazoizkoa izateko plan bat taxutu dezala

Ekintza zehatzen bitartez egungo osasun-ereduko gehiegizko medikalizazioa murrizteko eta beste eredu bat sortzeko, erdigunea gehiago jarriko duena prebentzioan eta osasunaren sustapenean

Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran aho batez onetsi duen erabaki batean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “berariazko plan bat taxutu dezan medikamentuen erabilera arrazoizkoa izateko eta farmazia-gastuari mugapean eusteko; hartan jasoko dira jada ezarritako neurriak eta abian jarri nahi diren beste batzuk”.

 

Plan horretan sartu behar dira, gutxienez ere, “profesionalak prestatzeko eta inplikatzeko tresnez gainera, erabiltzaileak eta, oro har, herritarrak prestatu eta kontzientziatzekoak”.

 

Honako hauek ere bildu behar ditu planak: “ekintza zehatzak, arduradun zehatzekin; ebaluaziorako adierazle objektiboak eta neurgarriak; eta planaren azken ebaluazioa bi urteko epean gutxi gorabehera egiteko konpromisoa —legegintzaldi hau bukatu baino lehen betiere—”.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, bestalde, Foru Gobernuari eskatzen zaio “aukera guztiak azter ditzala eta bere esku dauden tresna guztiak erabil ditzala farmazia-industriarekin negoziatu ahal izateko, farmazia-prezioan eragin ahal izateko xedez”.

 

Hirugarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen da “Medikamentuen Prezioetarako Ministerio arteko Batzordean parte-hartze iraunkorra eska dezan, Foru Komunitatearen autonomia fiskalaren ezaugarriak direla eta”. Geroa Baik hirugarren atal hori gehitzeko zuzenketa aurkeztu du, eta ekimenaren titularrak, EH Bilduk, onartu egin dio.

 

EH Bildu parlamentu-taldeak bultzatutako erabaki horren zioen azalpenean abiapuntutzat hartzen da otsailaren 9ko osoko bilkuran aurkeztutako jabeldura bat, medikamentuen erabilerari eta farmazia-gastuari buruzkoa, eta kezka agertzen da “farmazia-gastuaren igoera progresiboagatik, dagoeneko Nafarroako aurrekontu osoaren % 6,63 egiten baitu, eta eredu medikalizatu bat daukagulako gaur egun, asko aldatu behar dena eredu prebentiboago eta integralago batean oinarrituta egoteko”.

 

Proposatzailearen ustez, ikuspuntu sanitariotik, farmazia-gastuak (osasun-aurrekontu osoaren % 25) “hipotekatu egiten du bestelako jarduketa batzuei ekin ahal izatea osasun-laguntzaren kalitatea edo prebentzioa hobetzeko”. Izan ere, azken urteotan “igoera progresiboa eta deigarria izan da, kontu-sail horiek beharrezkoa zenaren azpitik egon izan dira aurrekontuan jasota, eta kreditu-gehikuntzak egin behar izan dira etengabe”.

 

Ildo beretik, aitortu egiten da badirela zenbait faktore farmazia-gastuak aurrekontuan duen eragina murrizteko aukera baldintzatzen dutenak, hala nola “populazioa zahartzea edo onkologiako medikamentu eta antibiral berriak sartzea”. Hala ere, “erdigunea prebentzioan eta osasunaren sustapenean gehiago jarriko duen” eredu bat eskatzen da berriro.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

Mozioa (33. NPAO, 2017-02-16koa)