Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Ekainak 8

Parlamentuak NUPen eta Lanbide Heziketaren arteko harremanak argitzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari

Unibertsitatearen eta LHaren arteko lotura ahulaz eta etorkizuneko aukera errealak dituzten espezialitate askoren eskaintza urriaz hausnartzea proposatu du

Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran onetsi duen ebazpen batean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatzen du “azterlan bat egin dezan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Lanbide Heziketaren arteko harremanak argituko dituena”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek alde bozkatu dute eta UPN eta PPNk kontra.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan Parlamentuak Hezkuntza Departamentua premiatzen du “NUPekin elkarlanean jardun dadin bi entitateen arteko koordinazioa hobetzeko, hartara Lanbide Heziketaren garapena ezartzera eta areagotzera bideratutako jarduketa-ildoak ezarriz, kalitatezko lanbide-kualifikazio bat lortzea xede harturik”.

 

PPNko foru parlamentarien elkarteak aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak Lanbide Heziketa indartzeko estrategiaren azterketan eta koordinazioan parte hartzea xede zuena. Ekimenaren titularrak, EH Bilduk, ez du onartu zuzenketa hori.

 

EH Bildu talde parlamentarioak bultzatutako ebazpenaren zioen azalpenean hausnarketarako deia egiten da, “Unibertsitatearen eta Lanbide Heziketaren artean ez baitago behar adinako loturarik. Hezkuntza-aukera hori funtsezko oinarrietako bat da gure erkidegoaren garapen sozioekonomikorako, eta gero eta gehiago eskatzen da; halere, etorkizuneko aukera errealak dituzten espezialitate askok oraindik ez daukate tokirik hartan”.

 

Ildo horretan, herrialderik aurreratuenen ereduari jarraitzeko eskatzen da. “Unibertsitatearekiko harreman estua” edukitzeaz gain, herrialde horietan Lanbide Heziketak ezaugarri ditu “produkzio- nahiz zerbitzu-arloetako enpresekiko gertutasuna eta lankidetza”.