Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Urtarrilak 19

Parlamentuak Pili Yoldi López hautatu du Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakaria izateko

Gobernuaren publizitate aktiboaren arloko betebeharrak eta Gobernuak daukan informazio publikoa jasotzeko eskubidea zaindu behar dituen erakundea zuzenduko du

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur Pili Yoldi López izendatu du Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakari. Hautagai bakarra izan da. Kontseiluan dagozkion beste lau ordezkariak iragan ekainaren 30ean izendatu zituen Legebiltzarrak: Patxi Leuza (Geroa Bai), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu), Sergio Sayas (UPN) eta Guzmán Garmendia (PSN).

 

Luzatu ezin den lau urteko agintaldirako hautatu dute Pili Yoldi López, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak proposaturik. 26 boto jaso ditu. 22 boto zuri bildu dira.

 

Hautapenak gehiengo osoa behar zuen, eta bozketa ezkutukoa izan da, txartelen bidezkoa.

 

Osoko Bilkurak 2016ko apirilaren 21ean Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen aldaketa bat onetsi zuen eta haren ondorioz sortu zen Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua. Organo independentea da, Gobernuaren publizitate aktiboaren arloko betebeharrak eta herritarrek Gobernuaren esku dagoen informazio publikoa jasotzeko duten eskubidea zaindu behar dituena.

 

Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren eginkizuna da Foru Komunitateko Administrazioak, sektore publikoko gainerako erakundeek, toki erakundeek eta haien sektore publikoak informazio publikoa eskuratzeari buruz ematen dituzten ebazpen berariazkoen edo ustezkoen aurkako erreklamazioak aztertzea.

 

Gainera, Kontseiluak aginduzko txostenak ematen ditu Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legea gardentasunaren arloan garatzen dituzten edo arlo horrekin loturik dauden arau proiektuei buruz.

 

Gardentasuna bete behar duten entitate eta erakundeek arlo horretan dituzten beharkizunak noraino aplikatu eta betetzen dituzten ebaluatzen du Kontseiluak, eta gomendioak ere egin ditzake.

 

Kontseiluari erreklamazioa aurkezteko aukera ezertan ukatu gabe, Arartekoari kexa aurkeztu ahal zaio, baina Arartekoaren esku-hartzeak ez ditu eteten erreklamazioa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epeak.

 

Kontseiluak bere jardueren nondik norakoari eta 11/2012 Foru Legean ezarritako xedapenen betetze mailari buruzko memoria aurkeztu behar du Nafarroako Parlamentuan.

 

Gardentasunaren Kontseiluan daude, lehendakariarekin eta Nafarroako Parlamentuak izendatutako beste lau kideekin batera, gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren hiru ordezkari, Nafarroako Kontseiluaren ordezkari bat, Kontuen Ganberaren ordezkari bat, Arartekoaren ordezkari bat, eta, azkenik, NUPeko ordezkari bat. Kide horiek guztiak izendatzeko prozedura kasuan kasuko erakundeak gauzatzen du, eta horrek, gainera, ordezko bat izenda dezake, titularra eri, kanpoan edo aldi baterako ezintasun egoeran dagoenerako.