Parlamentuak uko egin dio mendekotasunarentzako arretaren aldeko itun bat lortzeko konpromisoari
PSNk eta PPNk bakarrik babestuta, “zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta itxarote-zerrendak murrizteko” UPNren asmoa kritika artean baztertu da
Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur atzera bota duen mozio batek proposatzen zuen Legebiltzarrak “konpromisoa hartzea Nafarroan mendekotasunarentzako arretaren aldeko itun bat lortzeko, zeinak bilduko baititu talde parlamentarioak, mendekotasunarentzako arreta kudeatzeko ardura duten ordezkari instituzionalak eta gai honetan inplikatutako eragile sozialak”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek mozioaren aurka bozkatu dute, eta UPN, PSN eta PPNk alde.
Ezetsitako mozioaren bigarren puntuak zioenez, “itun hori lortzeko”, Legebiltzarrak erabaki behar zuen “Nafarroan mendekotasunarentzako arretaren aldeko itunaren Mahaia sortzea eta haren deialdia gehienez ere hilabeteko epean egitea, talka-plan bat erabakitzeko, zeinaren helburuak izanen baitira, gutxienez ere, itxarote-zerrendak murriztea eta mendekotasuna dutenentzako arretaren kalitatea hobetzea”.
Jada hirugarren atalean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “Mendekotasunaren Ituneko Talka Planak bilduko dituen neurriak aplika ditzala”.
UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioaren zioen azalpenean azken bi urte hauetako gobernu-ekintza jorratzen zen, eta mendekotasunaren arretarako sistemak “aurreratuena” izateari utzi diola azpimarratu ondoren, itun sozial eta politiko bat proposatzen zen “itxarote-zerrendak murrizteko eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko”.
Proposatzailearen esanetan, “balorazio-epeak nabarmen laburtu badira ere, luzeegiak dira oraindik, bereziki prestazioaren eskurabidea, zeina baita benetan garrantzia duena mendekotasuna dutenentzat eta haien familientzat”.
Horiek horrela, kontuan izanik aldi horretan guztian ez dela “prestazio berri bakar bat ere gehitu, ez bermatua ez eta bermatu gabekoa ere, Gizarte Zerbitzuen Zorroan, eta, era berean, ez dela inolako prestaziorik gehitu edo hobetu desgaitasuna dutenentzat”, talka-plan bat eskatzen zen, “Nafarroan mendekotasuna aitortua duten 15.055 pertsonen beharrizanetarako egokia; pertsona horietatik laurdenek desgaitasuna dute”.
-
Mozioa (119. NPAO, 2017-09-29koa)