Parlamentuak uko egin dio PFEZa aldatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartzeari
UPNk planteatzen zuen lanbide arteko gutxieneko soldataren eta kotizaziopeko erretiro-pentsioen arteko aldea aplikatzea, errenta muga bakarra izateko, eta banakoen mailan soilik
Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak baztertu egin du aintzat hartzea foru lege proposamen bat, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina hein batean aldatzen duena. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkako botoa eman dute, eta UPN, PSN eta PPNk aldekoa.
UPNk aurkeztutako foru lege proposamenaren helburua zen lanbide arteko gutxieneko soldata hartzea erreferentzia kenkari batzuk aplikatzeko, PFEZari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68. artikuluan (Alargun-pentsioen eta kotizaziopeko erretiro-pentsioen ondoriozko kenkariak) aurreikusten direnak, hain zuzen.
Horretarako, lanbide arteko gutxieneko soldataren (egungo zenbatekoen ordez) eta artikulu horretan aipatzen diren pentsioen arteko aldea aplikatzea planteatzen zen.
Bestalde, kenkaria izateko gaur egun eskatzen diren zenbait betekizun aldatu nahi ziren, halako moldez non errenta muga bakarra ezarriko zen, eta banakoen mailan soilik.
Horretarako, ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztu beharra kentzea proposatzen zen, errenta salbuetsiak ez konputatzea eskatzen zen (gainerako errentak konputatzerakoan), errenten muga bakartzat lanbide arteko gutxieneko soldata proposatzen zen, eta, onuraduna familia-unitate bateko kidea izanez gero, kenkaria aplikatzeko eskatzen diren betekizunak kentzea proposatzen zen.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek eskumenen eta gehikortasun fiskalaren inguruko arrazoibideak erabili dituzte legea aintzat hartu nahi ez izatea justifikatzeko.
Alde batetik, ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztu beharra kentzen bada, errenta txikiak baina ondare handiak dituzten pertsonek kenkaria eskura lezaketela argudiatu dute. Ildo horretan, UPNren lege proposamenaren ondorioz 2019-2020 bitartean 45,5 milioi gutxiago bilduko liratekeela zehaztu dute.
Bestetik, lanbide arteko gutxieneko soldata hartuko balitz erreferentzia, kenkari fiskalak eguneratzea Espainiako Gobernuaren esku utziko litzateke, eta hori, haien iritziz, foru eskumenen kontrakoa litzateke.
Aurrekoa dela eta, Gobernuari eusten dioten taldeek gogora ekarri dute kotizaziopeko erretiro-pentsioetan ezarritako kenkari fiskal gehigarriak jada ahalbidetu zuela erreferentziako atalasea igotzea eta 2017ko lanbide arteko gutxieneko soldataren antzeko zenbatekoetara egokitzea. Neurri horrek, zehaztu dutenez, errenta erabilgarriaren gehikuntza ekarri zuen kotizaziopeko 21.888 alarguntasun eta erretiro pentsiotan. Pentsio horien zenbatekoa 61,7 milioi ingurukoa da 2018-2020 aldirako.
-
Foru lege proposamena (37. NPAO, 2018-03-23koa)