Zerbitzu Juridikoen txosten baten arabera, Kontuen Ganberak eman egin behar ditu UPNk eskatutako zirriborroak
Fiskalizazio organoak Parlamentuan agerraldia egin ondoren, Ultzamako biometanizazio plantari buruzko ikerketa batzordeak agiri sorta hori exigitu ala ez erabakiko du
Ultzamako biometanizazio plantaren inguruko jarduketak legezkoak izan diren zehazteko eratu den ikerketa batzordeak bilera egin du gaur eguerdian. Bertan, Fiskaltzari bidalitako txostenaren oinarri izan ziren komunikazioak eta agiri sortak Kontuen Ganbarari exijitzearen bidezkotasunari buruzko txosten juridikoa ikusita, onartu egin du fiskalizazio organoaren agerraldi-eskaera, eta irailaren 8an eginen da agerraldi hori.
Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoek egindako txostenean bidezkotzat jotzen da auditoreek oinarri hartu zituzten zirriborroak eta dokumentuak exigitzea; hala ere, ikerketa batzordeak Kontuen Ganberako teknikariei entzun nahi die, UPNren eskaera bere eginen duen ala ez erabaki baino lehen. Hala, bada, irailaren 8an, fiskalizazio organoaren argudioak aztertu ondoren, batzordeko kideek UPNren eskaerari buruzko erabakia hartuko dute.
Kontuen Ganberak hala adierazita, UPNk Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltza Nagusiarengana ere jo zuen aipatutako informazioa eskuratu nahian, baina Fiskaltzak ere ezezkoa eman dio, Prozedura Kriminalaren Legearen eta Fiskaltzaren Estatutu Organikoa arautzen duen abenduaren 30eko 50/1981 Legearen babesean.
Erantzuteko idazkian Nafarroako fiskal nagusiak dioenez, “ez arau batek ez besteak ez dute aurreikusten jarduketen publikotasunaren printzipioa aplikatzea instrukzio- edo ikerketa-egintzei, eta halako egintzak dira Fiskaltzaren ikerketa-eginbideak”. Gainera, “ez dago inolako araurik ikerketa-eginbide horien izaera erreserbatuaren salbuespena egiteko bide ematen duenik, autoetako kasuan”.
Azkenik, ikerketa-eginbideei buruz, era berean, azpimarratu egiten da Fiskaltzaren Estatutu Organikoaren 5. artikuluko bigarren zenbakiko hirugarren paragrafoan jasotako kontraesan-printzipioa ikertuaren defentsara mugatzen dela, “gero ager litezkeen beste alderdi batzuen esku-hartzerik aurreikusi gabe”.
Beste alde batetik, erantzunik ezaren aurrean, ikerketa batzordeak erabaki du Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari berriro eskatzea UPN talde parlamentarioak nahi duen dokumentazioa igortzeko. Bien bitartean, informazioa jaso ahala aztertzen ari da.
Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa) buru duen ikerketa batzordeak hurrengo bilerarako eguna ezarri du: irailaren 8an (ostirala) eginen da.
Bilkuraren lehen zatian (09:30etik aurrera, komunikabideei zabalik) Kontuen Ganberak agerraldia eginen du. Ganberako teknikariek azalduko dute zergatik uste duten ez direla eman behar Fiskaltzari igorritako amaierako txostenaren aurretiko zirriborroak eta dokumentuak.
Ondoren, atea itxita, batzordeko kideek zehaztu beharko dute fiskalizazio organoak erabilitako argudioek bide ematen duten ala ez UPN talde parlamentarioak eskatutako informazioa Parlamentuari helaraztea exigitzeko, Zerbitzu Juridikoen txostenean ondorioztatu den bezala.
Parlamentuko Mahaiak iragan hilaren 22an onetsitako arauekin bat, Batzordeak ikergai izanen ditu “Iraizotzen (Ultzama) abereen mindetan oinarrituta elektrizitatea ekoizteko planta bat egiteko obra publikoaren eta horren geroko ustiaketa egiteko kontzesioaren prozedura, proiektu teknikoak, kontzesioa Bioenergía Ultzama SAri laga izana, zinegotzi batzuek enpresa horretan parte hartu izana bazkide gisa, jardueraren nondik norakoa eta plantaren itxiera, bai eta Nafarroako Gobernuko departamentuek diru-laguntzen bidez emandako funts publikoen erabilera eta xedea ere”.
Ikerketa batzordea bere eginkizunak amaitu arte ariko da lanean. Irailaren 30a baino lehen lana amaitu eta txostena eman beharko du, baina epe hori luzatu ahal izanen da.
Honako hauek daude Ikerketa Batzordean: Sergio Sayas, Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN talde parlamentarioa), Unai Hualde, Patxi Leuza (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maiorga Ramírez, Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa), Rubén Velasco, Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Guzmán Garmendia, Santos Cerdán (PSN talde parlamentarioa), Javier Garcia (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Arauak (74. NPAO, 2017-05-23koa)