Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Maiatzak 3

Hezkuntzako Batzordeko kideak bisitan joan dira Iturengo eta Saldiasko ikastetxe publikoetara

Parlamentuak bere babesa erakusten dio landa eskolari, ingurunearekin eta baliabideen aprobetxamenduarekin daukan loturarengatik eta hezkuntzaren arloan berritzailea delako

 

 

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntzako Batzordeko kideak bisitan egon dira gaur Iturengo (67 ikasle eta 8 irakasle) eta Saldiasko (9 ikasle eta 3 irakasle) landa eskoletan, UPNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk, PSNk, PPNk eta I-Ek eskatuta.

 

Honako hauek izan dira bertaratutako batzordekideak: Isabel Aranburu (Geroa Bai), Miren Aranoa (EH Bildu), Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu), Carlos Gimeno (PSN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

Parlamentuko ordezkariak lehenbizi Iturena joan dira; bertan, honako hauek hartu dituzte: eskolako zuzendari Arantxa Díez, ikastetxeko idazkari Ane Otxandorena, gurasoen elkarteko ordezkari Maite Lujambio, Malerrekako landa eskolen koordinatzaile Mikel Iriarte, Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari Aitor Etxarte, Iturengo alkate María José Bereau, Iturengo zinegotzi Jagoba Manterola, eta Miren Oñate eta Jesús Castiella, hurrenez hurren 0-3 urteko eskolen eta landa eskolen bulegoburua eta atalburua direnak.

 

Atariko gisa aipatu den bezala, bisitaren xedea izan da “Nafarroako landa eskolen funtzionamendua eta haietan garatzen diren hezkuntza-esperientziak ezagutzea, oraingoan handietakotzat jotzen den eskola batera egindako bisitaren bitartez”.

 

Ondoren, eskolako gela, bulego eta abarrekoetan egon ondoren, bilera bat egin dute, non Arantxa Diezek eta Mikel Iriartek Malerrekako sei landa eskolen hezkuntza proiektua eta lanerako plana azaldu dituzten. Eskola horiek, 25 kilometroko bueltan, 228 ikasle hartzen dituzte, eta haiek artatzeko 40 irakasle daude, horietatik sei ibiltariak.

 

Horri buruz, Mikel Iriartek honako hau esan du: “asteazkenero Legasan biltzen gara, metodologia, proiektuak, prestakuntza eta antolamendua koordinatzeko. Gauzak berritzen aritzen gara beti. Pentsa daitekeenaren aurka, eskola hauek aitzindariak dira”.

 

Arantxa Díezek, bere aldetik, balioan jarri du hurbileko irakaskuntzaren, irakaskuntza banakatuaren eta irakaskuntza maila aniztun eta inguruneari eta bertako tradizioei lotutakoaren garrantzia; gainera, eduki komunitario sendoko irakaskuntza da, landa inguruneko biztanle-guneei eusteko funtsezkoa. “Zorte oneko sentitzen gara”, azpimarratu du.

 

Aitor Etxartek gogoeta teoriko eta esperientzia batzuk aipatu ditu; izan ere, horien bitartez, Nafarroako Landa Eskolen Kontseiluak apirilaren hasieran antolatutako jardunaldietan egiaztatu ahal izan zen bezala, irakaskuntza mota honi balio berria ematen ari zaie hainbat autonomia-erkidegotan. “Landa eskolaren biziberritzearen aurrean gaude: garai batean iraungitako zerbaitekin lotzen baziren, orain, aldiz, agerian geratzen ari da baliabideen aprobetxamenduari eta hezkuntza politika garaikideei lotutako eskola molde bat dela. Landa eskolek etorkizuna dute, eta berrikuntzarako gune bat dira”.

 

Hezkuntzako Batzordeko parlamentarien bigarren geldialdia Saldiasko landa eskolan izan da; bertan honako hauek hartu dituzte: eskolako zuzendari Mikel Colomo, gurasoen elkarteko kide Maider Serrano eta herriko zinegotzi José Luis Erasun.

 

Ondoren, Mikel Colomok landa eskola txikien berezko ezaugarriak azaldu ditu, eta azpimarratu du txikiak izanda ere “hiri bateko edozein ikastetxek daukanaren pareko hezkuntza proiektu bat duela. 115 biztanleko herri batean, dena dago hurbil. Landa eskolak babesteko eskatzen dizuegu, zeren eta, besteak beste, garrantzitsua baita inguruneari eustea. Ulergaitz gertatzen da herri batek eskolarik ez izatea”.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eko parlamentariek babesa erakutsi diote landa eskolari: “segur aski landa inguruneetako pertsonengandik hurbilen dagoen erakundea da, eta irakasteko moduan erreferentzia bat, zeren eta inklusiorako, dibertsitaterako eta partaidetzarako toki bat baita. Zorionak”.