Publicada el Dienstag, 18 de September de 2007

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak bisita egin Nafarroako Comptos Ganberara

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Elena Torres Miranda andreak, bisita egin zuen joan den asteartean, irailak 18, Nafarroako Comptos Ganberara. Hain zuzen ere, foru erkidegoko kontu publikoen organo fiskalizatzailearen egoitzara Torres andreak kargura iritsi zenetik eginiko lehenbiziko bisita izan da hori.

Nafarroako Comptos Ganbera da Nafarroako Parlamentu edo Gorteen mendeko organo tekniko bat, eta eginkizun gisa dauka, bere araubidea ezartzen duen foru legearen arabera, fiskalizatzea foru erkidegoko sektore publikoaren kudeaketa ekonomiko eta finantzarioa eta publikotzat jotzen diren funtsen kudeaketa.

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak bilera egin zuen erakunde fiskalizatzaile horretako lehendakari Luis Muñoz Garde jaunarekin, eta eginiko bisitaren berri utzi zuen Comptos Ganberako ohorezko liburuan. Halaber, pertsonalki agurtu zituen organo fiskalizatzaileko langileak: legelariak, auditoreak, auditoretzako teknikariak, administrariak eta laguntzaileak.

Bisita amaitzeko, langile guztiekin bilera bat egin zuen, eta bertan Parlamentuko lehendakariak azpimarratu egin zuen zer-nolako garrantzia duen, gizarte demokratiko batean, organo fiskalizatzaileek administrazio publikoen gain egiten duten kontrol-lanak. Halaber, goraipatu egin zituen Comptos Ganberak bere eginkizunak betetzean erakutsi izan duen zorroztasun teknikoa eta autonomia. Horrez gain, Parlamentuaren lankidetza eskaini zuen, horrela Comptos Ganberaren fiskalizazio-lanak beharrezkoa zaion laguntza izan dezan, bai bere autonomia bai eta Nafarroako sektore publikoaren kontuei buruz egiten dituen auditoretza-txosten teknikoen independentzia ere bermatu ahal izateko.