Publicada el Freitag, 11 de April de 2008

Nafarroako Parlamentuaren azken argitalpenen aurkezpena

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Elena Torres Miranda andreak, Nafarroako Parlamentuak kaleraturiko azken hiru argitalpenak aurkeztu ditu.

Argitalpen horiek dira Nafarroako Parlamentuaren arau-bilduma, VI. legegintzaldiari (2003-2007) dagokiona, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamendua, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren XXV. urtemugaren oroitzapenezko jardunaldietako hitzaldien bilduma.

Nafarroako Parlamentuaren VI. legegintzaldiko (2003-2007) arau-bildumak biltzen ditu Legebiltzarraren Osoko Bilkurak onetsitako 79 foru legeak, Parlamentuak sinatzea baimendu zueneko 7 hitzarmenak, eztabaidaturiko 486 mozioen ondorioz onetsitako 153 erabakiak, Gobernuak Parlamentura bidalitako tributu-harmonizazioko 11 legegintzako foru dekretuak, Erregelamendurako onetsitako aldaketak, Diputatuen Kongresuan izapidetzeko onetsitako lege proposamenak eta Legebiltzarrak onetsitako erabakiak.

Arau-bildumaren 500 ale argitaratu dira, eta haien salneurria 30 eurokoa da.

Bigarren argitalpenak, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduak, jasotzen ditu Foru Hobetzearen testua, joan den legegintzaldian zehar onetsitako aldaketak eta, horiekin batera, aldaketa horiek ukitu gabe utzi zituzten artikuluak.

500 ale inprimatu dira, hiru liburukitan: gaztelaniaz, euskaraz eta gaztelania/euskaraz. Haien salneurria 4,20 eurokoa da.

Azkenik, argitaraturiko hirugarren obran biltzen dira Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren hogeita bosgarren urtemuga dela-eta haren oroitzapenerako antolaturiko jardunaldietako hitzaldiak. Jardunaldi horien antolatzailea Nafarroako Parlamentua izan da, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Nafarroako Unibertsitatearekin lankidetzan.

Jardunaldiek Estatuko Kontseiluko lehendakariaren, Senatuko lehendakariaren eta Konstituzio Auzitegiko lehendakariaren parte-hartzea izan zuten, eta, itxiera-ekitaldian, Nafarroako Gobernuko lehendakariarena. Hiru egunean zehar, konstituzio eta autonomia zuzenbidean aditu diren legelari entzutetsuek parte hartu zuten, eta ikuspegi nahiz analisi interesgarriak azaldu zituzten eztabaida autonomikoari eta estatutuen aldaketari buruz, bai eta gaur egun Hobetzeari buruzko Legeak duen indarrari buruz ere.

Aipaturiko jardunaldietan eginiko ekarpenek lan-dokumentu interesgarria osatzen dute legelarientzat eta foru araubidearen oinarrizko araua aztertzen duten pertsonentzat, eta horregatik, liburuak ederki biribiltzen du Foru Hobetzearen hogeita bost urteko indarraldiaren oroitzapenari dagokionez Parlamentuak eginiko lana.

400 ale argitaratu dira, eta haien salneurria 12 eurokoa da.