Adierazpen instituzional bat onetsi da, txirotasuna desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatzearekin bat egitekoa
Adierazpen instituzional bat onetsi da, txirotasuna desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatzearekin bat egitekoa. Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, txirotasuna desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatzearekin bat egitekoa. Ekimena SPN parlamentu-taldearena izan da.
Onetsiriko adierazpenak honako hau dio:
"Alianza Española contra la Pobreza izeneko aliantza osatzen duten kolektibo, erakunde, sindikatu eta plataformek txirotasunaren aurkako mobilizazioak egiteko aste bat antolatzea sustatu dute, "Txirotasunaren aurka matxina zaitez" izenburua duena, eta urriaren 15etik 21era arte gauzatuko dena.
Herritarrak konprometituta sentitzen dira mugimendu honekin, zeinak helburu gisa baitauka munduko txirotasuna desagerrarazten lagunduko duten neurri zehatzak hartzea, zeren eta munduan zehar milioika pertsonak jasaten baitute bidegabekeria, berdintasunik eza, bereizkeria, eskolatzerik eza, laguntza medikorik eza, edateko uraren gabezia, indarkeria eta txirotasuna. Txirotasuna desagerraraztea posible da, horretarako borondate politikoa izanez gero: gaur egun badauzkagu horretarako moduko baliabideak eta teknologiak, eta, esklabotza deuseztatzea lortu zen bezalaxe, txirotasuna ere historiara iraganarazteko aukera eskueran dugu.
Milurtekoaren garapen helburuak, 189 herrialdetako gobernuburuek eta estatuburuek 2000n adostuak, oso urrun daude 2015. urtean erdietsiak izatetik. Hala ere, herrialde aberats bateko herritar gisa, konpromiso berezia daukagu presako neurriak hartzea bultzatzearekin, era horretan txirotasuna desagerrarazi eta munduko herrialde txirotuen garapenari laguntzeko. Horrenbestez, honako hau erabaki dugu:
1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du txirotasunaren aurkako mobilizazio-astea ospatzearekin, zeina "Txirotasunaren aurka matxina zaitez" lelopean urriaren 15etik 21era arte gauzatuko baita.
2. Nafarroako Parlamentua Milurtekoaren Garapen Helburuei atxikitzen zaie, eta bere eskumenen esparruan, helburu horiek betetzeko konpromisoa hartzen du".